Ibrahima Baldek (Konacry, 1994) Ginea utzi zuen orain urte batzuk, Europarantz, bere anaia txikia aurkitzeko helburuarekin. 2018an Euskal Herrira iristean, berantago bere bihotzeko anaia bilakatuko zena ezagutu zuen: Amets Arzallus. Elkarlanean, Miñan nobela idatzi zuten, Balderen ibilbide luze eta neketsua kontatzen duen liburua; Ibrahimak ahoz, eta Ametsek idatziz. Berriki lortu ditu paperak, eta, horri esker, bere sorterrira iristekoa da gaur. Abiatzearen bezperan, asteazkenean, azken agurren eta prestaketen artean egindakoa da elkarrizketa hau.
Denboran atzera eginda, nola oroitzen duzu Gineatik Euskal Herrira egin zenuen bidaia luze eta neketsua?
Oroitzapen anitz badut, baina ez dut dena gogoan. Oroitzen naiz Espainiara iritsi nintzen garaiaz; lehenik, Almeriara iritsi nintzen; ondotik, Cadizera joan nintzen... Euskal Herrira iritsi arte, Bilbora. Azkenik, Irunera (Gipuzkoa) heldu nintzen, eta han, gauez, muga zeharkatzen saiatu nintzen, baina debekatu egin zidaten; mugaren bestaldean egon behar nuela esan zidaten. Paper bat izenpetu behar izan nuen. Ez ninduten jo edo iraindu; beraz, pozik nintzen. Berantago, Irunen ezagutu nuen nire anaia, Amets Arzallus. Iraganeko memento anitz ahantzi nahiko nituzke, bereziki ibilbide luze hau. Adibidez, Aljerian bizi izan nuena, baina, maluruski, buruak etengabe oroitzapen hori bidaltzen nau. Usutan, Ametsi galdetzen diot: «Egun batez uste duzu ahanzten ahalko dudala?».
Paperak lortu zenituen, eta zure herrialdera itzuliko zara, Gineara. Zer esan nahi du horrek zuretzat? Nola sentitzen zara?
Oso pozik naiz. Baina, beste alde batetik, oso triste: ezagutu ditudan pertsonak uztera behartua bainaiz. Maitatzea ezinezkoa zen garaietan maitatu ninduten, eta errespetatu ninduten naizen bezalakoa izanda. Horiek uzteak tristatzen nau. Sartzea ez da nire eskubidea, baizik eta nire betebeharra, amaren biziko pertsona bakarra naizelako, bi arreba txikiekin; ez da beste aukerarik. Baina bada zorion handi bat. Biziki pozik naiz etxera itzuliko naizelako. Aspalditik itxoiten nuen hau, eta, azkenean, gertatu da.
Zer eginen duzu Gineara iritsi bezain laster?
Ama eta arrebak ikusiko ditut ezer baino lehen. Han baditut oraindik lagun anitz. Joan naizenik, jende anitz hil da, eta jende anitz sortu da. Jende horrek ez nau ezagutzen, eta ezagutu nahiko nituzke.
Amets Arzallus, Jon Maia... Etxetik urrun egonda, etxeko sentitzen lagundu dizute horiek guztiek. Zer duzu haiei esker?
Bistan da. Anitz lagundu didate. Ezingo nuke dena aipatu, gauza anitz egiteko lagundu didate eta. Indar anitz eman zidaten biziari aurre egiteko. Amets ezagutu nuenean, ez nuen batere konfiantzarik neure buruarengan. Pentsatzen dut garaian lortu nahi nuena ez nuela sekula lortu izango haiek gabe.
«Oso pozik naiz. Baina, beste alde batetik, oso triste: ezagutu ditudan pertsonak uztera behartua bainaiz. Maitatzea ezinezkoa zen garaietan maitatu ninduten».
Alderantzizkoan, zuk zer irakatsi diezu haiei?
Nire ustez, gauza handirik ez. Haiek didate dena ekarri. Haiek didate lagundu nire familia ekartzeko, nire familiarekin berriz elkartu nahi bainuen. Baina ez nuen aterabiderik, klandestinoki iritsi bainintzen Euskal Herrira. [Ondoan du Amets Arzallus, eta hark osatu du erantzuna: «Zuk guk eman dizuguna baino askoz gehiago ekarri diguzu. Ez duzu kontsideratzen, baina gu ohartzen gara»].
Miñan liburua hainbat hizkuntzatara itzulia izan da: gaztelaniara, katalanera, alemana, ingelesa, italierara... Zure bizipenak beste hainbesterentzat helduleku izan daitezkeela sentitzen duzu?
Egia erran, ez dakit nire egoeran diren pertsona batzuei laguntzen ahalko dien. Baina garrantzitsuena da jendeak uler dezala zer den haien etxearen atzean, ondoan bizi baitira, baina ez baitira ohartzen. Eta liburu horri esker hemengo jendea kontzientziatzea nahiko nuke. Behin, Gasteizko unibertsitate batera joan ginen Amets eta biok, eta hango neska batek eskertu ninduen: «Gu horren ondoan bizi gara. Zure historia gure ondoan den gauza bat da, eta ez gara ohartzen». Horrek hunki ninduen.
Miñan antzezlan bilakatuko du Artedrama antzerki konpainiak. Nola bizi duzu zure ibilbidea taularatzea?
Euskal Herrira iritsi baino lehen, ez nuen nehoiz antzezlanik ikusi. Joan den astean Madrilera joan nintzen, eta han lehen aldiz ikusi nuen antzezlan bat: Hondamendia. Momentu biziki goxoa izan zen. Ohorea da orain nire ibilbidea taularen gainera eramatea.
«Hemen, Europan, ez da erraza paperak lortzea. Nik zorte anitz ukan dut, paperak lortu ditut, baina gehienek ez dituzte lortzen».
Miñan-ek «anaia txikia» erran nahi du zure ama hizkuntzan. Zure egungo biziari buruzko liburu bat idatziko bazenu, zer titulu jarriko zenioke?
Nire anaiaren izena emanen nioke: Amets. Fula hizkuntzan, Koydol.
Amets Arzallusek egin zuen modu berean, noren ibilbideari buruzko kontakizuna eginen zenuke zuk?
Zergatik ez nire familiako norbaiti buruz? Baina ezin dut norbaiten bizia kontatu pertsona hori pertsonalki ezagutu gabe. Pentsatzen dut ez dudala eskubiderik norbaiten bizia kontatzeko haren baimenik gabe. Adibidez, liburu hori idatzi genuelarik, Ametsek errespetu handiz entzun eta idatzi zuen nire istorioa. Idazketa biziki garrantzitsua da, eta hark du lan hori eraman, nola nire ibilbidea komunikatu, partekatu errespetua atxikiz. Jendea errespetatu behar da.
Zure egoeran diren edo izan direnei, zer mezu eman nahiko zenieke? Gainera, gaurko egoera ikusita, bereziki Frantzian onartu duten Immigrazio Legeari begira.
Ikusten dudana esplika nezake. Hemen, Europan, ez da erraza paperak lortzea. Nik zorte anitz ukan dut, paperak lortu ditut, baina gehienek ez dituzte lortzen. Paperak lortu baino lehen ere zortea nuen, nire egoeraz jendearekin aipatu ahal izan nuelako, eta, horrez gain, ongi jaten eta lo egiten nuelako. Baina egiazko sufrikarioa da orain ere jendeak sufritzen duela, edonon. Hori guztia geldituta ikusteaz amesten dut. Bakoitza nahi duen lekuan bizitzea nahiko nuke, nahi duenean. Gure sufrikarioa da. Hori guztia egiteko alimaleko indarra behar da, duzun guztia atzean utzi behar da.
Zerbait erran nahiko zenieke euskaldunei?
Nahiko nituzke Euskal Herrian ezagutu ditudan pertsona guztiak eskertu. Izakiak dira izakitzat kontsideratzen gaituztenak. Haiek gabe, bakarrik nehoiz lortuko ez nituzkeen gauzak lortu ditut. Anitz egin duzue niretzat. Osasuna da garrantzitsuena, eta haiek didate hori eman. Bizi normala berriz atzeman dut. Jende arruntak ez du bizi duguna bizitzen, ez dira etengabe irainduak, edo joak. Milesker denagatik.