'Batetik bestera: Kontzertua' proiektuaren sortzailea

Patricia Urrutia: «Nahiko kontzeptu arraroa da umeentzako kontzertu bat egitea»

'Batetik bestera: Kontzertua' proiektuarekin hasi berri dira Patricia Urrutia, Andres Letamendia eta Josu Aginaga musikariak. Umorea, musika, antzerkia eta migrazioaren arazoa uztartzen dituzte emanaldietan.

Patricia Urrutia, argazkiaren erdialdean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Patricia Urrutia, argazkiaren erdialdean. ARITZ LOIOLA / FOKU
urko iridoy alzelai
2024ko martxoaren 27a
05:00
Entzun

Milaka txoriren etxea bilakatzen da udaberrian Euskal Herria. Haien habiak egiten dituzte Irungo (Gipuzkoa) Plaiaundiko hezegunean, beste hainbat lekuren artean, eta joateko ordua iristean, atzean uzten dute Txingudiko badia. Baina badaude Irun atzean utzi ezin duten migranteak, pertsonak, Afrikatik Europara bidean Bidasoko muga zeharkatu ezin dutenak. Bi migrazio horiek uztartu ditu Patricia Urrutia aktore eta musikariak (Bilbo, 1977) Batetik bestera: Kontzertua proiektuan. Apirilaren 12an estreinatuko dute, Lemoan (Bizkaia).

Beste proiektu baten jarraipena da Batetik bestera: Kontzertua, ezta?

Hala da. 2022ko urrian Batetik bestera antzerkia estreinatu genuen. Antzerki horretan musika erabiltzen genuen, baina ez zuzenekoa. Baina kanta batzuk sortu genituen oholtza gainean antzerkia girotzeko, gaiarekin zerikusia zuten abestiak.

Eta orain, zer sortu duzue abesti horiekin?

Lehenengo, abestiak garatu egin genituen 2023ko udan. Zortzi kanta egin genituen, batzuk antzerkian erabilitakoak, eta beste batzuk berriak. Baina denek gai bera jorratzen dute: gizakion migrazioaren inguruan hausnarketa bat bultzatzea, txorien migrazioaren bidez. Abesti horiek kaleratu genituen, eta, azkenean, zuzenekoak egitera animatu gara, dramaturgia atzean utzita.

Pluralean deklinatzen dituzu aditzak. Norekin zaude proiektu berrian?

Bi musikarirekin osatu dut taldea. Alde batetik Josu Aginaga gitarrista daukat alboan. Eskarmentu handiko musikaria da, eta Doctor Deseo, Era Batera edo Duobite Rock taldeetan ibilitakoa. Baterian Andres Letamendiak osatzen du hirukotea, eta Josuren moduan, ibilbide luzea du atzean. Nik biolina jotzen dut, eta abestu.

Aktoreak musikariekin aldatu dituzu orduan.

Hori da. Antzerkia bi aktorerekin batera egiten nuen, eta orain kontzertua bi musikarirekin. Proiektuaren beharretara egokitu gara; hau da, musika egiteko musikariak behar ditugu.

Musikaz gain, zer gehiago ikusiko da kontzertuan?

Musika, umorea, antzerki pixka bat... denetik dauka emanaldiak. Ikusleekin ere jolasten gara, haiek kanta bakoitzeko txoria asma dezaten pistak emanez, edo kanten zatiak denon artean ikasiz.

Nola transmititzen da mezua hobeto, antzerkiaren bidez ala musikaren bidez?

Bi emanaldiak ikusi dituztenek esaten digute bi formetan iristen dela ondo mezua, eta nik ere berdin uste dut. Batak ez dauka bestearen beharrik: bakoitza independentea da. Bi formatan lortu dugu migrazioaren problematika umorearen bidez azaltzea.

Migrazioa eta horrek dakartzan arazoak umorearen bidez jorratu daitezke?

Uste dut gakoa dela norberaren ergelkeriak eta kontraesanak partekatzea. Umorearen bidez salaketa egin daiteke, baina betiere gai handiak arin hartu gabe. Ikuslea hausnarketa batera eraman behar dugu umorearen bidez.

Beraz, artearen izaera salatzailean sinesten duzu.

Erabat, bestela ez nintzateke honetan arituko. Garai oso indibidualizatuan bizi gara, eta, adibidez, antzerkiak duen izaera kolektiboak laguntzen du denen artean gure kezka edo beldurrak partekatzen.

Gaur egun, nork dauka zailago emigratzea: pertsona batek ala txori batek?

Erabatekoa ez den paralelismo bat egiten dugu hor, argi dago. Gizakien migrazio mugimenduak asko aldatu dira azken urteetan, eta gaur egun Afrikatik datozen migranteek bizi duten egoera latza ezin dugu ezerekin alderatu. Baina, umeengana iristeko, eta problematikak duen biolentzia hori atzean uzteko, gaia infantilizatu gabe, adibide egokia iruditu zitzaigun proiektu hau. Hala ere, txoriek ere, denbora aurrera joan ahala, geroz eta zailtasun gehiago izaten dituzte mugimenduak egiteko, klima aldaketagatik edo nekazaritza ustiaketa masiboengatik.

Umeentzako rocka egin duzue?

Hainbat estilotako kantak sortu ditugu. Batzuk lasaiagoak dira, eta beste batzuk jostagarriagoak. Folk ukituak baditugu, biolinarekin egindakoak, eta rock klasikoagoa ere aurki daiteke. Nahiko kontzeptu arraroa da umeentzako kontzertu bat egitea. Musika proposamen asko daude umeentzat, baina ikuskizun handiak izaten dira normalean, edo play-backean egindakoak.

LOTSABAKO

Txori bat? Ubarroia. Zuen kanta bat?Argi. Erreferente bat? Shel Silverstain. Euskal Herriko txoko bat? Barrikako (Bizkaia) itsaslabarrak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.