Elena Fraile (Iruñea, 1964) gaiteroak goizero alaitzen ditu sanferminak musikaz eta dantzaz.
Zer dira sanferminak zuretzat?
Alde batetik, lan handia, egunero ibiltzen bainaiz erraldoien konpartsan jotzen, eta, bestetik, giro polita, kalean lagunekin... Goizetan jotzen dudanean, barnetik bizitzen dut festa, ez kanpotik.
Une bat?
Txupinazoa jaurtitzen duten momentua.
Txoko bat?
Kalea, festa guztia kalean dagoelako. Peñetan ere bai.
Edari bat?
Garagardoa.
Sanferminak, gauez ala egunez?
Egunez. Parranda ugari egin ditut gazteagoa nintzenean, baina orain egunez maite ditut gehiago.
…gabe, sanferminik ez.
Peñek edo erraldoi konpartsek sortzen duten girorik gabe, sanferminek ez lukete zentzurik izango.
Zer esango zenuke txupinazoa jaurtitzean?
Bizi dezagun festa errespetuz eta edukazioz, giro onez eta gustura.
Zezenak bai ala ez?
Entzierroa oso gustuko dut, baina ez nago plaza barruan egiten denaren alde. Errespetua hedatu behar da, bai emakumeenganako eta bai animalienganako errespetua, eta, nire ustez, bada garaia zezenketak amaitzeko.
Sanfermin handi ala txiki?
Txikiak nahiago ditut, hemengo jendea bakarrik dagoelako, eta giroa politagoa iruditzen zaidalako. Sanfermin handiak masifikatuta daude, zikinagoak dira, eta emakumeentzat arriskutsuak dira eraso sexistengatik.
Elena Fraile. Gaiteroa erraldoi konpartsan
«Nahiago dut sanfermin txikietako giroa: politagoa da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu