Eguneroko lanaren edo betebeharraren erritmoak bultzatuta, denbora faltan ibiltzen da jendea, gustuko edo ez hain gustuko baina halabeharrez egin beharreko lanak egiteko. Denbora falta horretan laguntzeko, lan horiek egiteko gero eta zerbitzu gehiago daude. Diruaren truke, denbora eskaintzen dute hainbat enpresak.
Horren harira, Donostiako No Problem enpresak, jendeak egin nahi ez dituen lanak edo egiteko astirik ez duen lanak egiten ditu, horien artean: pertsonen etxebizitzaz arduratu, bidaiak edo jaiak antolatu, etxeko haurrak edo maskotak zaindu...
Maider Olaizola eta Oscar Galan No Problem enpresako arduradunek iazko udan sortu zuten laguntza pertsonalizatua eskaintzen duen enpresa. Marketin eta komunikazio arloko ikasketak eginak dituzte biek. Madril eta Bartzelonan halako enpresak bazeudela ikusi zuten, eta haiekin harremanetan jarri ziren, eta, azkenean, Donostian ere antzeko enpresa bat sortzea erabaki zuten. «Gure helburua da jendearen betebeharrak egitea, horiek egiteko astirik ez dutenean», azaldu du Olaizolak.
Orotariko zerbitzuak eskaintzen ditu No Problem enpresak. Bi arduradunek azaldu dutenez, beren eskaintza bi ataletan banatzen da: norberaren kontuei dagokiena eta enpresei dagokiena. Norberaren kontuei dagokienez, mota guztietako zerbitzuak eskaintzen dituzte: etxebizitzari dagozkionak, denbora libreari eta bidaiei dagozkienak, erosketak eta kudeaketak... Horrez gain, ezkontzak, urtebetetzeak, inaugurazioak edo bestelako ospakizunak ere antolatzen dituzte, bai norbanakoekin eta bai enpresekin ere. Galanek azaldu duenez, zerbitzu horiez gain, «esperientziak» deituriko beste aukera bat ere ematen dute. Horiek bidaiak, afariak edo antzeko opari bereziak egiteko izaten dira. Denetarik egiten dute No Problem enpresan: «Egun bakoitza istorio ezberdin bat izaten da», azaldu du Olaizolak; «aspertu, behintzat, ez gara egiten», gaineratu du Galanek.
Zerbitzu eskaintza horren atzean kolaboratzaile eta hornitzaile sare zabala dute. «Azken finean, biok marketin sailean lanean aritu gara, eta kontaktu asko izatea oso lagungarria da», azaldu du Galanek. Bezeroek laguntza eske deitutakoan, bezero horri erantzuna emateko baliabideak martxan jartzen dituzte, eta, ondoren, proposamena eta aurrekontua aurkezten dizkiete bezeroei. Bezeroek hori onartzen badute, lanean hasten dira.
Bezeroekin konfiantza egiteari garrantzi handia ematen diotela azaldu dute Olaizolak eta Galanek. «Azken finean, bezeroek beren betebeharren bat gure esku uzten dutenean, beraiek lasai geratzea nahi dugu», aipatu du Olaizolak.
Mota guztietako zerbitzuak
Orain arte, hainbat lan egiten dituzte: Gabonetako opariak erosi, etxeko obra batzuen aurrekontuak prestatu, auto baten erosketaren prezioaren negoziazioak egin kontzesionarioarekin, Gabonetarako Errege magoak kontratatu etxe bateko haurrei aurrez aurre opariak ematera joateko, adineko pertsonei medikuarengana laguntzeko...
Hainbat bezerok eskaera bereziak eta batzuetan egiteko zailak direnak ere eskatzen dituztela azaldu dute enpresako arduradunek. Baina haien lana hori denez, gustura egiten dutela adierazi dute. Bezeroen eskaerak erronkak direla esan dute, eta geroz eta erronka handiagoa izan orduan eta gogotsuago ekiten diotela bezeroaren eskaerari.
Futbolerako eta bestelako kirolak ikusteko sarrerak erosteko ere dei daiteke No problem enpresara. «Realak Manchesterren aurka txapeldunen liga jokatu zuenean, hilabete lehenago amaitu ziren partida ikusteko sarrerak. Partida baino bizpahiru egun lehenago bezero batek deitu zigun, lau sarrera eta hegazkina lortuko ote genizkion galdezka. Milaka dei egin ondoren, Manchesterrerako lau sarrera horiek eta hegazkina lortu genizkion», azaldu du Galanek. «Hasieran, sarrera horiek lortzea ezinezkoa zela zirudien, baina, alde batera eta bestera ibili ondoren eta dei mordoa egin eta gero, sarrerak lortu genituen», gehitu du Olaizolak.
Garai batean, horrelako mesedeak familiako norbaiti, lagunen bati edo bizilagunari eskatzen zitzaizkion. Gaur egun, geroz eta gutxiago eskatzen dira horrelako mesedeak: «Geroz eta jende gehiago dago bakarrik bizi dena edo lanagatik hona bizitzera etorri direnak, eta, horiek laguntza eskatzeko gertuko inor ez dutenez, guri deitzen digute laguntza eske», azaldu du Olaizolak. «Gainera, pertsona batzuek nahiago dituzte bere arazoak kanpoko norbaitek konpontzea etxekoei denbora kentzen ibili beharrean», gehitu du Galanek.
Krisi garaian egonda ere, hainbat bezerorekin sorpresa baikorrak izan dituztela esan dute bi arduradunek. «Bezero askok gure zerbitzuak eskatzen dituzte krisi garaian ere, eta, garai batean horrelako enpresatara deitzeko ohiturarik ez bazegoen ere, gaur egun geroz eta gehiago erabiltzen dira horrelako enpresak», esan du Galanek. «Gainera, orain ez zaigu gustatzen inorekin zorretan geratzea mesede bat eskatu diogulako, eta, horregatik ere, batzuek nahiago dute kanpoko norbaiti eskatu laguntza beren arazoak konpontzeko», gaineratu du Olaizolak.
Janzten erakutsi
Azkenaldian, modan jarri dirazerbitzu pertsonalak eskaintzen dituzten norbanako edo enpresak. Naiara San Roman bilbotarrak, adibidez, personal shopper gisa lan egiten du. Zazpi urte daramatza ofizioan, eta dituen bezeroei zein arropa erosi eta nola jantzi erakusten die. Batzuetan, bezeroarekin ibiltzen da dendaz denda, jantzi egokien bila, eta, beste batzuetan, San Romanek berak aukeratzen du arropa gero bezeroari etxera eramateko.
Bakoitzaren estilo eta beharren arabera itxura lantzea du bere lana. Adin guztietako bezeroak ditu, 19 urtetik hasi eta 60 urte artekoak. «Maiz, ez dute argi zein estilo duten», dio. Horregatik, bezeroarekin lehen elkarrizketa bat izan eta gero, zein arropa eta zein moldekoa doakien erakusten die. «Jende heldu askok ez du arropa erostera joan nahi izaten, eta lan hori egiten dugu. Beste batzuk, ordea, kontrolik gabeko erosleak dira. Pentsatu gabe, erosi eta erosi egiten dute. Dituzten jantziak elkarrekin ongi uztartzen, eta neurrian kontsumitzera laguntzen diegu».
Behar dena bakarrik erosiz zoriontsuago direla ohartarazten die San Romanek. «Erosten dutenean hobeto sentitzeko erosten dute, baina ez dira hobeto sentitzen. Maiz, dirua alferrik gastatu dutela ohartzen direlako. Egoera hori aldatzen laguntzen die, neurrian eta behar dutena bakarrik erosiz. «Gutxi eta behar dena bakarrik erosiz zoriontsuagoak» direla ohartarazten diegu.
San Romanen irudiko, bezero bakoitzaren armairua haren bizitza irakurtzea bezala da. «Zein oihal mota, eta zein kolore erabiltzen dituen begiratzen dugu, zer duen gustuko antzemateko». Lan hori beste batzuekin osatzen dute. Kolorimetria azterketa bat eskaintzen dute, bezero bakoitzari zein kolore dagokien jakiteko, eta, horrez gain, azterketa morfologikoa egiten diete, pertsona bakoitzaren formari dagozkion arropak zeintzuk diren jakiteko. Krisi garaiotan, gainera, horrelako zerbitzuek «zoriontasun gehigarri bat» direla iritzi dio. «Bezeroari egoki eta ongi kontsumitzen laguntzen diegu. Alde horretatik, hezi egiten ditugu. Gure lana inbertsio bat da haientzat». Zerbitzu horiek eskaintzen ditu Bilbon duen Your Personal Shopper Bilbao lantegian.
Beharretara egokitu
San Romanek pertsonen irudia hobetzea du ogibide, eta Ana Casares atleta iruindarrak aukera fisikoak hobetzen laguntzen die. Entrenatzaile pertsonala da, eta kirola egoki nola egin erakusten die senarrarekin batera Eguesibarreko Gorraitzen (Nafarroa) duen entrenamendu gunean. Kirola modu profesionalean edo afizio moduan egiten duten pertsonekin aritzen da. «Kirola behar bezala egiten erakusten diegu, dela lasterketa bat prestatzen, dela dituen aukerak hobetzen».
Pertsona bakoitzaren beharretara egokitzen saiatzen da Casares. Lasterkariak, triatloilari, kirolari profesionalak entrenatzen ditu. «Batzuk oso autonomoak dira, eta sarean eskaintzen diegu zerbitzua. Entrenamendu lan bat jarri, eta bezeroak egunero egiten duen lana azaltzen du». Beste batzuekin, berriz, astean bitan edo hirutan elkartzen da, bakarkako saioak egiteko. Egiten duten kirolaren arabera toki batean edo bestean aritzen da: Olazko polikiroldegian, Sarrigurengo igerilekuan, edo etxean duen gimnasioan hartzen ditu bezeroak.
Pertsonaren ordutegietara egokitzen da. Malguak dira, baina azken helburua bezeroak entrenatzen ikastea da. «Kirola pentsatuz egin behar dute. Bere burua ezagutu behar dute. Horretarako, entrenatzen irakasten diegu». Kirol probak prestatzen edo, besterik gabe, errendimendua hobetzeko nola lan egin erakusten die.
Kirolariak ez duela norbait pasiboa izan behar azpimarratu du. «Egiten ari den lanaz ohartu behar du, egoki aritzeko. Kirolean, psikologia oso garrantzitsua da eta probetan hori ere oso garrantzitsua da». Bezeroak nonahi ditu, eta denetarik, baina neurrian. «Nafarroatik kanpoko jendearekin ere aritzen naiz. Lan pertsonala denez, ezin gara jende askorengana iritsi. 30-40 lagun dugu». Horretaz gain, oposizioetako proba fisikoak ere prestatzen laguntzen du.
Eskaerak ez zaizkio falta, eta Iruñean running denda bat zabaltzeko asmoa du udazkenean.
Ezarian
Nahia errealitate bihurtzen
Irudia aldatzeko, kirola egiten laguntzeko edo hainbat lan egiteko gero eta jende gehiagok jotzen du aholkulari pertsonaletara. Donostiako No Problem enpresak zerbitzu ugari eskaintzen ditu batera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu