ATZEKOZ AURRERA. Ane Arzelus. Artista

«Nago arteak indar zinez handia duela salaketarako»

Aieteko kultur etxeko Ilustratzaileen Txokoan ikusgai dago Arzelusen lana, martxoaren 20ra arte. Feminismoa, jasangarritasuna, komunikazioa eta osasun mentala jorratu ditu, besteak beste.

MAIALEN ANDRES / FOKU.
Alex Uriarte Atxikallende.
2021eko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Nazioartean Illustrofest bezalako jaialdietan bere obrak erakutsi ondoren, Ane Arzelus (Donostia, 1993) etxera begira dago, eta bere lanak ikusgai ditu Aieteko kultur etxeko Ilustratzaileen Txokoan. Denetariko gaiak eta formatuak ondu ditu, eta komunikazio bisuala izan du ardatz, lanak sortzeko orduan.

Nola ulertzen duzu less is more pentsamoldea artera ekarrita?

Diseinu ikasketek irakatsi didate ilustrazioa komunikazio grafikoaren bide bat dela. Filosofia hori aplika daiteke, adibidez, koloreen hautaketan, formen sinplifikatzean, eta esanguratsuak ez diren elementuak ez erabiltzean. Oro har, behar dena soilik erabiltzean oinarritzen da.

Nola uztartzen dira ilustratzaile eta diseinatzaile ogibideak?

Diseinuan, ez dago hainbesteko espazio pertsonalik, bezeroen eskariei erantzuteko egiten baita lan; ilustrazioan, aldiz, normalean, nahita aukeratzen zaituzte, irudiekin daukazun komunikazio moldea gustuko dutelako. Beraz, ilustrazioak tarte handiagoa uzten du adierazpen pertsonalarentzat.

Nola landu da feminismoa irudigintzaren esparruan?

Erreferente estetikoen bidez, kasurako, mezu hori hedatzen laguntzen duten duten plataformei esker. Nago Internetek asko lagundu duela motibo horren aldeko borrokan.

Eta jasangarritasuna?

Era bertsuan. Diseinuaren alorrean, gai pisutsua da: diseinatzaile askok, produkzio garaian, gero eta gehiago erreparatzen diote jasangarritasunari. Sarri, konbikzioak bat egiten du ogibidearekin.

Osasun mentala landu duzu lan askotan. Irudia, salaketa bide?

Bai, noski. Etxeratzeak argi erakutsi du jende mordoa marrazkiak egitera emana egon dela barne korapiloak askatzeko; arte terapia praktikatu dute. Gainera, bada artibismoesaten zaion korronte ideologikoa ere; nago arteak indar zinez handia duela salaketarako.

Zertarako balio dute koloreek?

Sentimenduak eta emozioak adierazteko. Nik koloreen tratamendua diseinuaren aldetik hartu nuen. Horiek egoki hautatzea eta erabiltzea zinez garrantzitsua da. Egileak, sarri, erosoen datozkionak erabiltzen ditu, baina, modu zuzenean aukeratuz gero, mundu ikuskera bat adieraz dezakete.

Sortzaileak aldarrikatzailea behar du izan?

Bai, baina ez derrigorrez. Aldarrikapena aukera pertsonala da, eta artea ogibidea ere bada. Beraz, adierazpenaren eta lanaren arteko bidegurutzean, artistak ezin du beti bere izaera atera. Nik atsegin dut neure burua lanetan erakustea, baina ez dut uste beti presio horren pean jardun beharra dagoenik. Gainera, artistak badu bahe pertsonal bat ere, norekin lan egin erabakitzerakoan.

Nola definituko zenituzke zure erakusketako obrak?

Nahasketa baten emaitza direlakoan nago. Diseinuaz eta ilustrazioaz gain, paperean egindako lan zabalgarriak ere badaude; horiez gain, ilustrazio digital bidez egindakoak, animazioak, nik sortutako liburu pare bat, eta merchandising postua ere eraman ditut.

Zuretzat berezia izango da lana Donostian aurkeztea, Aieteko kultur etxean.

Oso harro nago. Sentitzen dut badagoela espazio bat nire sormenarentzat, obren bestaldean badela publiko bat, eta herritarrengana heltzeko ahalmena dudala. Horrek, egile gisa, aurrera egiteko adorea ematen dit, oso ezegonkorra den sail batean. Gainera, kulturgunetik oso gertu bizi naiz, eta, hori gutxi balitz bezala, Aiete ilustrazioari oso emana dagoen toki oso berezia da.

Baduzu apurtu nahiko zenukeen kristalezko sabairik?

Datorren urtera begira, lan pertsonal gehiago egin nahiko nuke, eta generoarekin lotutako gaiak ondu. Bestalde, pop-up liburu bat sortzearekin amesten dut.

Nola bizi da freelance ilustratzaile eta diseinatzailea?

Prekaritatean: artistak atomizatuta gaude, eremu horrek ez dielako balio enpresa handiei. Ez dago arte bisualaren kulturarik; kontsumitzea atsegin dugu, baina, tamalez, ez gaude prest haren truke ordaintzeko. Hortik dator nork bere lanak atzerrira eramateko joera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.