Gaztelak Nafarroako Erresuma konkistatu zuela 500 urte beteko dira heldu den urtean. Gertakari historiko horren nondik norakoak kontatzea da 1512 Nafarroa, amets urratua komikiaren helburua. Lanaren egileak Joseba Asiron eta Martxelo Sotes historialariak eta Martin Altzueta Martintxo komikigilea dira. Gazteek gertaera historiko horiek hobeto ulertzeko, unitate didaktiko bat ere gehitu diote komikiari. Lana Ikaselkarrek argitaratu du, Nafarroako Unesco etxearen laguntzarekin.
2012. urtea ate-joka dela, Nafarroako konkistan zer gertatu zen modu «egiati eta garbian» kontatu beharra dago, Asiron historialari nafarraren ustez, eta hori egiten saiatu dira 1512 Nafarroa, amets urratua komikiarekin eta harekin batera kaleratu duten unitate didaktikoarekin.
Nafarroako Erresumaren azken egunetako historia kontatzen da komikian, arreta berezia jarriz 1512ko inbasioan eta ondoren etorri zen hemezortzi urteko gerran. Asironek komikiaren gidoia egin du, eta azpimarratu du benetako gertaeretan oinarrituta daudela agertzen diren pertsonaia gehienak eta istorioak. Historia lehenengo pertsonan kontatzen du garai hartako gertakarien protagonista batek, Joan Jatsu Azpilkueta nafar legitimistak. Batzuetan, gerrako gorabehera eta guda garrantzitsuenen lekuko izan zen Azpilkueta, eta beste batzuetan, protagonista. Xabierko jaunaren semea zen, eta Azpilkueta kapitaina deitzen zioten lagunek zein etsaiek. Komikian agertzen diren pertsonaia gehienak eta historiak benetako gertaeretan oinarrituta daude.
Protagonistak bi anaia dira; anaietako bat, bere bizialdiaren amaieran delarik, iragana gogoratzen hasten da, bizi izan duen historia kontatuz. Protagonisten aita, berriz, Nafarroa Garaiko azken errege Joan Albretekoaren ministro zen Gaztelak inbasioa egin zuenean, eta indarrez egindako konkista nola bizi izan zuten kontatzen da. Aita erbestean hilko da, eta semeek konkistako gertakarietan parte hartuko dute 1512tik hasi eta 1530era arte. «Hasieran, bi haurren begiez ikusten dute zer gertatzen ari den. Beren mundua nola eraisten den eta konkistako gertaeretan protagonista nola bihurtzen diren kontatzen da, inbasioaren erresistentziako bi heroibihurtzeraino», dio Asironek.
Beraz, protagonistak 1512ko konkistaren lekuko dira; gero, birkonkista saioaren protagonista bilakatuko dira, erresistentziaren buru bihurtzeraino. «Kontakizun bizia egin dugu, eta benetako historian oinarritua dago. Frantzisko Xabierkoaren bi anaia zaharrenen bizitzan oinarritua da: Jatsuko Mikel eta Joan Azpilkueta».
Historian oinarritua
Historialari askok idatzitako historian oinarritu du lana Asironek. Erreferentziatzat hartu ditu Nafarroaren konkistaren inguruan Mikel Sorauren, Peio Monteano, Pedro Esarte eta Alvaro Adot historialariek idatzi dutena. «Horien bibliografia erabili dut. Nire lana historiak emandako gidoiari bizia ematea izan da, besterik ez», nabarmendu du. Gidoia orraztea «erraza» izan da, baina lan handiagoa eman die komikietako irudiak egitea. Garai hartako janzkerak, armak, parajeak osatzea izan da lanik zailena. Horretarako, 1415etik 1525era arte mugatu zuten erreferentziatzat hartu beharreko historia, eta garai horretako janzkerak eta armak hartu dituzte oinarri.
Erronka handia zen, baina komikia egitea «plazera» izan dela aitortu du Altzuetak. «Marrazkigile gisa, asko erraztu dit lana esku artean izan dudan garaiko dokumentazio oparoak: eszenografiak, janzkerak, armak, gazteluak».
Lan gehien pertsonaien karakterizazioak eta agertokien sorrerak eman dio. «Historia denbora luzean gertatzen zen, baina labur kontatu behar genuen. Binetatik binetara urte bat zahartzen ziren pertsonaiak, eta kosta egin zaigu aldaketa hori egitea. Agertokien sorrerak ere eman digu lana, eta ikerketa lan handia egin behar izan dugu». Binetak egiteko tenorean, teknika mistoa erabili du Martintxok: arkatza, ordenagailua eta olioan egindako lanak uztartu ditu komikiaren binetak egiteko.
Komikiarekin batera egin den unitate didaktikoak Nafarroako Erresumaren historiako zertzelada batzuk eskaintzen dizkie ikasle gazteei. Unitatean, arreta berezia jarri dute 1512ko inbasioan. Baina hori ez ezik, Nafarroaren konkistaren aurreko eta ondorengo bilakaera ere landu dituzte, gertatutakoaren ikuspegi zabala eskaintzeko asmoz. Azken zatian, gainera, aurreko orrietako edukia barneratzen lagunduko dioten ariketak aurkituko ditu ikasleak.
Unitate didaktikoaren helburua gertaera historikoen zuzentasuna bermatzea izan da; batez ere, eskolaren barnean. «Gizartean edozein aldaketa sakon egiteko, eskolan hasi behar da aldaketa hori egiten eta eraikitzen», dio Asironek. Unitate didaktikoarendiseinua eta edukia Martxelo Sotesekin batera egin du Asironek.
Komikian eta unitate didaktikoan kontatzen dena ez da berria; aldatzen dena formatua eta kontatzeko modua da. «Historia ikasteko oso bide egokia dira komikiak. Historiografia tradizionalistak kontatu duena beste modu batean esaten saiatu gara, konkistaren errealitateari beste ikuspegi batetik begiratzen».
Nafarroaren konkista, komikira eramana
'1512 Nafarroa, amets urratua' komikiak erresumaren azken egunetako historia kontatzen du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu