Nafarroako Unibertsitateak Luka Brajnovic saria eman ohi du, askatasunaren eta giza balioen alde lan egin duten komunikatzaileen ibilbideari aitortza egiteko. Brajnovic kazetaritza deontologiako irakaslea izan zen Nafarroako Unibertsitatean 30 urtez, eta harengatik jarri zioten izen hori sariari. Aurtengo saria David Beriain kazetari eta ekoizlearentzat izan da (Artaxoa, 1977 - Burkina Faso, 2021). Haren alargun Rosaura Romerok jaso du —ikus-entzunezko ekoizlea da—. Sari ekitaldian parte hartu du ere Marc Marginedasek ere —Beriainen laguna eta 2019ko Luka Brajnovic sariduna—. Romero alargunak zera esan du: «Beriainenak bezalako bizitzak aberatsak eta emankorrak dira. Kontrastez beteriko gizon bat zen: tipula bat bezalakoa zen, geruza asko zituen, eta horrek handiagoa egiten zuen». Romeroren arabera, Artaxoako kazetariak bere beldurrak zituen, baina haren energia «amaigabea» zen. Marginedasek Iraken ezagutu zuen Beriain. Hala gogoratu du: «Iraken eman zezakeen atzean geratzen diren horietakoa zela. Baina kontrakoa: pelotoiko bizkorrenetakoa zen». Marginedasen arabera, Beriainek talentua eta karisma «sekulakoa» zen. «Kazetari gisa zakur harrapari baten modukoa zen».
Beriain eta Roberto Fraile iazko apirilean hil zituzten, parke naturaletako ehizari buruzko dokumental bat filmatzen ari zirela. Gatazka guneetan zaildutako kazetariak ziren Beriain eta Fraile. Nafarroako kazetariak ekoitzitako azkeneko lana Palomares dokumental saioa izan zen —maiatzean estreinatu zuen Movistar Plusek—.
Gaur arratsalderako, bestalde, Artaxoako Udalak ekitaldi bat antolatu du Beriain omentzeko. 18:00etan hasiko da topaketa.