Elikadura. Eko-tik

Nafarroako baserritar ekologikoak

2014ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Laborari ekologikoek maite dute beste laborari batzuekin elkartzea. Baserriko eguneroko lanak, ordea, zaildu egiten du topaketa horiek gertatzea, eta urte bat pasa dezake laborariariak hamar kilometrora duen laborariarekin harremanik izan gabe.

Horrez gain, elkar hartzeak badu beste alderdi bat, laborari ekologiko txikientzat oso garrantzitsua: haien txikitasunean, interesgarria (eta komenigarria) da indarrak batzea. Ikuspegi horrekin sortu ziren Euskal Herrian dauden baserritar ekologikoen elkarteak: Biolur, Bionekazaritza, BLE, Lurreko, Ekolur eta Natuaraba. Aurki, beste bat gehituko zaie: Lurbizia, Nafarroako laborari ekologiko txikien elkartea.

EHKOk azken urte eta erdian Euskal Herri osoko laborari biologikoak biltzen dituen mugimenduak bultzatu du, hein batean, Lurbiziaren sorrera.

Nafarroako nekazaritzan, etxalde handiak eta esportazioari begira egindako ekoizpenak ugariak dira. Aldi berean, ekoizpen txikiak, bertoko merkatuari begira lan egiten dutenak ere asko dira, eta Nafarroako errealitatearen zati bat osatzen dute. Lurbiziaren bultzatzaileek azpimarratu dutenez, bakartzea da etxalde txikiek topatzen duten oztopo handienetako bat: bakartuta egonik, baserritarrek banaka dituzten indar apurrak galdu egiten dira, eta norberaren lehentasunei erantzutera bideratu. Laborari ekologiko txikien elkarte bat sortzean, guztientzako ipar bateratu bat ezarriko dute: agroekologia. Hala, bakartzeari aurre egingo diote, aldi berean errealitate bat bistaraziz: hau da, Nafarroan planteamendu agroekologikoarekin lan egiten duten nekazari eta abeltzainak asko dira.

Estatutuen formalizazioarekin zenbait arazo izan eta gero, 2014an ofizialki eratuko da Lurbizia. Elkartearen lehenengo lana izango da Nafarroako ekoizpen agroekologikoaren dokumentazioa egitea. Neguan ekoizle eta ekoizkinen zerrenda osatuko dute, Interneten argitaratzeko. Horrez gain, ekoizpen mota bakoitzak dituen gabeziak azaleratzeko azterketa bat ere egin nahi dute. Ekoizleentzat, hori ezinbestekoa da: litekeena da laborari batek behar duena hemen bertan topatzeko aukera egotea.

Erakunde publikoen eta jendartearen aurrean agertzeko orduan ere, bistan da, Lurbiziak beste indar bat emango die laborari ekologiko nafarrei. Bultzatzaileen esanetan, kolektiboko laborariek dauzkaten beharrak asebete nahi dituzte, eta elkarteak administrazioekin harremanetan jartzeko modua emango die, izan agroekologia bultzatzeko politika publikoak ezartzea eskatzeko; izan ekoizpen arloan dauzkaten prestakuntza teknikoaren beharrak asetzeko...

@Nekazaritza ekologikoaz edozein zalantza edo galdera izanez gero:

Biolur-Gipuzkoa Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko Gipuzkoako Elkartea.Tel.: 943-76 14 47

[email protected]

ENEEK- Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua.Tel.: 902-54 01 65

[email protected]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.