Maskarak, mozorroak, musika eta zirkua izango dira Nafarroako kaleetan bihartik irailaren 1era bitarte. Oinak Hodeietan programaren 5. aldian artistek haien funtzioak arreta handiz prestatuko dituzte, bakoitzak istorio bat kontatuz edo ikuskizun bat prestatuz, eta kalea izango dute agertoki. Antzinako zirkuko artistek bezala, antzerki, zirku, dantza eta magia proposamenak aurkeztuko dituzte 19 konpainiak Nafarroako herrietan, nomadak balira bezala; izan ere, abuztuan Nafarroako hamabost herritara eramango dute kultura. Zikloa Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiak-Vianako Printzea Erakundeak eta Baluarte fundazioak bultzatutako egitasmoa da, Nafarroako arte eszenikoen elkarteekin eta tokiko entitateekin elkarlanean.
Programan parte hartzeko 60 proposamen aurkeztu zituzten otsailean, eta, horien artean, antolatzaileek hemeretzi aukeratu zituzten. Maitena Muruzabal Oinak Hodeietan programaren koordinatzailea eta Baluarte fundazioko produkzio arduradunak azaldu duenez, lehentasuna eman zioten proposamenak orekatuta egoteari: «Denetarik izatea nahi genuen; lengoaia desberdina duten proposamenak, umeentzat eta helduentzat. Hori dena orekatuta egotea oso garrantzitsua da, eta proposamen bakoitza lekuarekin ondo geratzea nahi genuen».
Kultura kalera ateratzeaz gain, Nafarroako txoko bereziak ere bisitatuko dituzte: monastegiak, basoak, ermitak eta dorreak, besteak beste. Ikuskizun guztiak doakoak dira, baina leku batzuetan edukiera mugatuta dago. Beraz, antzoki berezi horietan lekua lortzeko, Baluarteren leihatilan eta webgunean jaso daitezke, baita emanaldi bakoitza baino ordubete lehenago ere, lokalizazioetan.
Eskaintza zabala
Bihar hasiko da jaialdia, Quousque tandem abutere (Noiz arte abusatuko duzu) ikuskizunarekin, Zuk performing arts dantza talde garaikidearen eskutik Iratxeko Monasterioan. Ostegunean, Colectivo Humo En Elia taldeak Pangea circus (Lurraren magia) obra aurkeztuko du. Herrietan aritzeaz gain, naturan ere izango dira emanaldiak, basoetan; larunbatean, Mata de Haya basoan, Demian antzerki taldeak El aviador (hegazkin pilotua) obra aurkeztuko du, zuhaitzak lekuko izanik. Igandean, Tutti-Magia bere ikuskizunarekin ariko da Nafarroako hegoaldean, Monteagudon, gazteluaren parean.
Abuztuaren 16an, antzerkia eta magia uztartzen dituen Tdiferencia konpainiaren Con la cabeza llena de pájaros (Burua txoriz beteta) lana aurkeztuko dute Lergan. Abuztuaren 17an, Olkotz Dorrean, La Cuerda Teatrok hitzaldia aurkeztuko du: Hartz inurritegiaren teoria. Hitzaldiaren ondoren, Estefania de Paz Asinek hartuko du oholtza Olvido Flores ikuskizunarekin.
Salvemos los cuentos (Salba ditzagun ipuinak) ikuskizuna abuztuaren 18an iritsiko da Orreagara, Iluna produkzioek aurkeztuta, eta 22an, Lorena Arangoaren umorezko antzerkiaz gozatzeko aukera izango da, Iraizotz herrian. Abuztuaren 23an, Milagrosek eta Valentinak magia ikuskizun bat aurkeztuko dute Santiago Itxasperri ermitan. Hurrengo egunean, Lana Haranean elkartuko da Zirika Zirkus taldea ¿El último faquir? (azken fakirra?) erakusteko. Arradako harresiak dantzan jarriko dituzte abuztuaren 25ean Riat, Ixa eta Clarissa Costagliolaren dantza taldeek, eta, 29an, Federico Garcia Lorca poetaren omenezko antzezlana aurkeztuko du Verdelimonar taldeak Fiteroko monasterioan.
Abuztuaren 30ean, Teatro Circo taldeak Yûgen antzezlana egingo du Andelosen, eta, abuztuaren azken egunean, Pasadas las 4 antzerki konpainiak El burlador sin sardina (Sardinarik gabeko adarjotzailea) ikuskizuna eskainiko du Corteseko gazteluan. Oinak hodeietatik jaitsiko dira irailaren 1ean, Santa Fe monasterioan. Bertan, De Improviso antzerki taldeak Jolgorio (Zalaparta) obra egingo du, inprobisazioan oinarritutako ikuskizuna.
Despopulatzeari aurre
Programaren lehendabiziko edizioa 2020an izan zen, pandemia garaian, eta arte eszenikoak indartzeko eta bultzatzeko helburuarekin sortu zuten. Aurtengoa bosgarren edizioan helburuek eboluzio bat izan dute Muruzabalen arabera, baina betiere artistekin izandako elkarrizketari eta ikuskizunen eskuragarritasunari eutsiz: «Oinak Hodeietan programako ikuskizunak formatu txikikoak dira, eta Nafarroako zenbait konpainiak eramaten dituzte herrietara eta ondare kultural eta natural balio handiko espazio ez-konbentzionaletara. Horrela, lekua eta proposamen artistikoak elkarren artean aberasten dira, eta ikusleak bien edertasunaz goza dezake».
Hasieran, kultura Nafarroako zazpi herrietara eraman zuten; orain, hamabost leku bisitatuko dituzte. Arte eszeniko taldeekin sortutako eta bultzatutako elkarrizketetan dago programaren jatorria, baina, urteak igaro ahala, beste behar batzuk sortu dira: «Saiatzen gara herri txikietara joaten eta bertara kultura eramaten, normalean iristen ez den lekuetara», azaldu du Muruzabalek. Biztanle gutxi dituen herri txikiak bisitatzea da programaren antolatzaileen helburu nagusietako bat, normalean kultura eskaintza gutxiago dituzten lekuetan kultura eta artea sustatzeko.