Xose Estevez (Quiroga, Galizia, 1943) historialaria da. Nafarroa y el Galeuzca de 1933 hitzaldia emango du gaur, 19:30ean, Condestable jauregian, Iruñean.
XX. mendearen hasieran Espainia krisi larrian zegoen. 2012. honetan ere, nazioarteko hainbat egunkaritan, «huts egindako estatu» gisa deskribatzen dute.
Historian beti bila daitezke paralelismoak, baina egoera ez da berdina. Espainiak, orduan, errepublika zuen; gaur, monarkia du, eta ez da errepublika bezain demokratikoa. Errepublika, halere, mitifikatuegia egoten da askotan. Bigarren Errepublika estatu integrala zen, eta, gainera, eskualdeen federazioa debekatzen zuen. Beraz, jaiotzezko akats horrekin sortu zen. Kataluniari autonomia estatutua eman zioten 1932. urtean, baina transferentziak ikaragarri atzeratu zituzten. Galeuzca haserre zeudelako sortu zuten, 1933. urtean, udaberrian.
Eta Nafarroaren gaia mahai gainean zegoen ordurako?
EAJren Euzkadi Buru Batzarrak protagonismoa eman zien nafarrei Galeuzcaren sorreran. Ituna bi nafarrek sinatu zuten: Jesus Doxandabaratz EBBko presidenteak eta Manuel Irujok. Txosten ofiziala Ramon Goñik egin zuen, NBBko idazkariak. Eta bidaiaren kronikak Julio Ruiz de Oiagak idatzi zituen; Amayur astekariko zuzendaria zen. Nafarroa 1932. urtean Euskal Estatututik bereizi zuten. Horrek kalte handia egin zuen 1936ko uztailaren 18ko altxamenduan. Nafarroa Euskal Estatutuan egon izan balitz, ez dut uste 1936ko kolpeak arrakasta izango zuenik han.
Zelako eragina izan zuten 1929ko burtsen porrotak eta krisiak?
1929ko porrota bizpahiru urteko atzerapenarekin heldu zen. 1933-34an hasi zen arazo handia, batez ere langabezia asko handitu zelako. Beraz, gaurkoarekin horretan antz handia dagoela esan daiteke. Halere, gaur, eskubide sozial, zibil eta politikoen atzerakada handia dago, eta estatua berriz zentralizatzeko prozesua dago. Orduan, berriz, autonomia ematear zegoen.
Berriz zentralizatzeko prozesuak indar dezake berriz Galeuzca?
Ekonomiaren egoera horren itogarria denez, eta jendea oraingoz lokartuta dagoenez, baliteke zentralizatzeko saioak arrakasta izatea. Zizeronek esaten zuenez, «lehenbizi bizi eta gero filosofatu». Jendea beldurrarekin bonbardatzen ari dira egunero. Naomi Kleinen Shockaren dotrina ezartzen ari dira, eta herritarrak opioa hartuta bezala daude.
Abertzaleek bat egin dutenean, Espainiak estatu kolpe batekin erantzun du beti.
Hala da, bai. Lehen Galeuzca hura 1923ko irailaren 11n sinatu zuten, Kataluniako Diada egunean. Bi egunera, Primo de Riverak estatu kolpea jo zuen. 1936an, Kataluniako estatutua onartuta zegoen; Euskal Herrikoa uztailean onartu behar zuten. Uztailaren 18an, estatu kolpea jo zuten. Orain ez dute kolpe militarrik jotzen, baina beste bide batzuk erabiltzen dituzte: ekonomia itotzea, edo lege diktadura. Kongresuan bozkaturiko legeen bidez alderdiak legez kanpo uzten dituzte eta estatutuak bortxatzen.
Koldo Izagirrek salatu du Galeuzcak ere inoiz ez diela behar bezalako garrantzirik eman hizkuntzei.
Batez ere ekonomia hartu du aintzat, politika, kultura eta hizkuntzaren gainetik. Orain gerta daiteke abertzaleen blokea sortzea, zentralizazioa oso gogorra bada. Baina PPk gehiengo osoa du, eta halako blokeak ez luke giltzarik izango. Gainera, askotan gertatzen da abertzaleek bat egiten dutenean PPk eta PSOEk bat egitea. Azken batean, biak dira enbor zentralista eta espainolista bereko ezpalak.
Xose Estevez. Historialaria
«Nafarroa Euskal Estatutuan egonez gero, 1936ko kolpeak ez zuen arrakasta izango han»
Nafarrak 1933. urteko Galeuzcan protagonistak izan zirela kontatuko du historia irakasleak gaur Iruñean. Orduko zein gaurko egoerak zertan diren berdinak eta zertan ezberdinak azaldu du elkarrizketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu