Udako proposamenak

Muztioa eta besta, oinetan

Nafarroako mahats bilketaren besta eginen dute Erriberrin, ortzegunetik igandera bitarte, eta, hala, uzta garaia ireki.

Iazko mahatsen zapaltzea, Erriberrin. JESUS DIGES / EFE
Iazko mahatsen zapaltzea, Erriberrin. JESUS DIGES / EFE
2024ko abuztuaren 27a
05:00
Entzun

Inauteriek udaberriaren etorrera iragarri eta San Joan gauean udako solstizioa ospatzen den bezala, Erriberrin (Nafarroa), mahats bilketaren festa ospatuko dute ortzegunetik igandera bitarte, eta, hala, mahats bilketaren garaiaren hasiera markatu. 

Heldu da, beraz, ardoaren uzta berria, aurten iaz baino hamar bat egun berantago. Hala, lau egunez topaz eta oinkadaz beteko da herria, ardoaren usain nahasezina airean dela.

Aurten hogeita hamabi urte bete ditu Nafarroako Ardoaren Kofradiaren ekitaldi tradizionalak, lurraldeko likidorik preziatuena goraipatzeko helburuarekin.

Ortzegunean hasiko da jaia, ardo dastaketa berezi batekin, gainera. Arratsaldez, 19:30ean, Nafarroako ardorik onenetako batzuez gozatzeko aukera egonen da hamabortz euroren truke, Irene Guede eta Pedro Bujanda kofradiakideen eskutik.«Gazte zaharrentzat» izanen da dastaketa.

Hurrengo egunean, berriz, Lorenzo Arejula sukaldariak eta Gonzalo Zelaieta enologoak zuzenduko dute eguneko esperientzia gastronomikoa. Casa Zanito jatetxean bortz ardo eta bortz plater uztartutako dituzte, 50 euroko afarian. 

Larunbatean, 18:00etan, frantziskotarren komentua eta barneko eliza bisitatzeko aukera egonen da, Javier Corcin historialari eta kofradiakideak gidatuta.Ilunabarrean, berriz, Poziliun musika taldeak emanen dio bestari segida Karlos III.a Noblea-ren plazan, 23:00etan.  

Egun handia, dena den, igandean ospatuko dute erriberritarrek. 11:00etan harrera eginen diete kofradeei herriko udaletxean eta hortik plazarat abiatuko dira. Ondoren, 11:45ean, pregoiaren tenorea izanen da, eta Ahikar Azkona DJ eta aktorea izanen da arduraduna.

Segidan ekinen diote mahatsaren zanpatzeari. Hori da ikusmira gehien eragiten duen unea, plaza jendez betetzen baita lehenbiziko muztio litroak nola zukutzen dituzten ikusteko. 

Tuterako txistulari elkarteak girotuko du ekitaldia, eta, ondoren, Nafarroako joten txanda izanen da. Horrez gain, sor-marka duten upategiek eskainitako ardoa dastatzeko parada izanen da 13:00etan.

Ardogintzaren hiriburu

Ardoaren hiriburutzat jotzen du jende anitzek Erriberri; izan ere, edari hori aspaldidanik dago errotua bertan. Nafarroako ardogintzaren lehen aztarnak, erraterako, Erriberriko I. mendeko upategi erromatar batean aurkitu zituzten.  

Herriak ardogintzarekin duen tradizio luzea ezagutarazteko antolatzen dute mahats bilketaren besta, eta jendetza bildu ohi du urtero. Ardoarekin lotutako pintxoak, upategietarako bisitak eta argazki lehiaketa eginen dute aurten, eta ekitaldi guztiak musikaz eta ardoz alaituko dituzte, noski.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.