Andramariak eta sanrokeak Amurrion

Musikaz eta ospakizunez beteta

Aurten, Amurrioko jaiek abesti propioa izango dute.Iguarrako jaien maskotak eta herriko bi kuadrillek urtemugak ospatuko dituzte.Hesian eta Skakeitan taldeek joko dute

Irudian, amurrioarrak dantzan, 2013ko jaien hasieran. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2015eko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Dena prest dago Amurrion (Araba) aurtengo jaien txinparta hasteko. Amurrioarrek jai bereziak izango dituzte aurten, lehen aldiz jaietarako abesti propioa izango baitute: Iñaki Plazak konposatutako Zu zeu jaia!. Plazak berak aitortu du abestia «egunez, arratsaldez zein gauez dantzatzeko aproposa» dela. Leloa «gogoratzeko erraza» dela ere esan du, «mundu guztia abesteko gai izateko».

Amurrioko Udala ere pozik dago emaitzarekin, abestiak jaietan parte hartzera animatzen duelako: «Amurrioko jaiekin identifikatzeko, jaietakoak diren elementuak ere aipatzen ditu». Abestia egiteko, Plazari askatasuna eman zioten, ez baitzioten inolako aholkurik eman ez musikarako eta ez hitzetarako. Baldintza bakarra hitz iraingarririk ez izatea zen.

Abestia estreinatzeaz gain, aurtengoa ospakizunez betetako urtea izango da, Iguarrakoak —jaien maskotak— baduelako zer ospatu: amurrioarren antzinako txoriak 25 urte betetzen ditu aurten. 1990ean jaitsi zen lehen aldiz udaletxetik behera, urte horretako jaiak hasteko, eta orduz geroztik ekartzen ditu urtero Amurrioko jaien hasiera eta amaiera. Amurrioko Euskotarrak eta Trot-Art kuadrillen ekimenez sortu zuten panpina.

Hain justu, bi kuadrilla horiek aurten ere urtemuga berezia izango dute, biek ala biek urrezko ezteiak ospatuko baitituzte aurten. Gertakizun berezi hori ospatzeko, programa bateratua antolatu dute hilaren 16rako, San Roke egunerako: eguna hasteko, meza izango da 12:30ean, kuadrillako kideak izandakoen omenez; meza amaitzean, kalejira egingo dute; eta, azkenik, kuadrilla bakoitzak herri bazkari bat egingo du —Euskotarrak kuadrillak San Anton plazan, eta Trot-Art kuadrillak, berriz, Santa Maria elizaren inguruan—.

Horrekin batera, bi kuadrillen 50 urteak direla eta, bakoitzak liburu bat argitaratu du, azken urteetan bizi izandakoak kontatzko: Euskotarrak kuadrillak Amurrioko bizitza nola aldatu den erakusten du, industriari, kulturari eta jaiei dagokienez. Liburuaren egile Txotxe Plazak azaldu bezala, «Amurriori buruzko liburu bat» egin nahi zuten, «ez soilik kuadrillari buruzkoa». Trot-Art kuadrillak, berriz, taldearen pasarteak azaltzen ditu, amurrioarrek beraiek eskainitako argazkien bitartez lagundurik. Bi kuadrillek azkenengo bi urteak pasatu dituzte liburuak prestatzen eta idazten.

«Batera hasi ginen, kalera alkandora zuriarekin, praka koadrodunekin eta abarketekin atera ginenean», esan zuen Trot-Art kuadrillako Juan Mari Villanuevak, Euskotarrak kuadrillaren liburuaren aurkezpenean. Izan ere, 1965ean hasi zuten ibilbidea Euskotarrak eta Trot-Art kuadrillek —hasieran, Los Grajos izenarekin Euskotarrak, eta Los Cornupetas izenarekin Trot-Art—, herrira ura ekartzeko asmoz, Amurrioko kaleetara abestuz eta dantzatuz atera zirenean. «Ez genuen pentsatu nora helduko ginen, baina 50 urte bete ditugu jada, eta, gazteen belaunaldi berriei esker, ziur nago askoz urte gehiago beteko ditugula», gaineratu zuen Villanuevak.

Ikuskizunez beterik

Amurrioko Juan Urrutia plazak jaietako gauak musikatuko ditu, han izango diren emanaldiekin. Eskainiko diren kontzertuen artean, Hesian eta Skakeitan taldeak arituko dira: Hesianek gaur emango du kontzertua, gauerdian, Hegalak astinduz kontzertu-biraren barruan; Skakeitan taldeak, berriz, etzi joko du, gauerdian orobat.

Emanaldi horiez gain, plazan bestelako musika ikuskizunak ere izango dira: Lisker eta Egan taldeen dantzaldia, Caiman Orkestra Show ikuskizuna eta DJ Rubaren saioa, besteak beste. Musikarekin jarraituz, Easo hirukotearen kontzertua izango da astelehenean, Amurriko Antzokian, iluntzeko bederatzietan; doan izango da, Arabako Foru Aldundiaren ekimenez eta Donostiako Musika Hamabostaldiarekin lankidetzan.

Musika ez ezik, Amurriok kaleko ikuskizunak izango ditu jaietan. Amurrioko Udalak iragarri du aurten «lehenengo aldiz» ikusi ahal izango dela «dantza saio bat kalean», Dantzaz elkarteak Naufragoak ikuskizuna egingo baitu Juan Urrutia plazan, astelehenean, gaueko hamarretan. Bestelako kale ikuskizunen artean, Salsa zirku eta umore emanaldia eta Despistats ikuskizuna izango dira Amurrioko Larrinaga kaleko oinezkoen gunean.

Kontzertu eta ikuskizunez gain, «Amurrioko jaien ikur» bihurtu diren ekintzak eskainiko dira aurten ere, Amurrioko bost kuadrillen eskutik: alde batetik, etziko antolatutako odoloste jana, San Anton plazan, eta, beste aldetik, larunbaterako antolatutako karrozen desfilea. Desfile horren ostean, urtero bezala, saria emango diote karrozarik onenari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.