ATZEKOZ AURRERA. Iker Lauroba. Musikaria

«Musikari asko dago ezkutuan, bide bat egin nahian»

«Nahiko konprometituta» dagoela uste du Iker Laurobak, bai musikarekin, baita beste egitasmo batzuekin ere. Asebetetzen du inguruko sortzaileei laguntzeak, bera ere lagundu dutelako bidean.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Andoni Imaz
2019ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Musikari asko izan ditu bidelagun Iker Laurobak (Donostia, 1975), eta askoren bidelaguna izan da bera ere. Hiru disko egin ditu bakarka, eta Izaroren taldean jotzen du. Etzi, Baltistan fundazioak Deustuko Unibertsitateko ikasle talde batekin antolatu duen kontzertu solidarioan izango da, Donostiako Convent Gardeneko kriptan.

Zergatik da garrantzitsua zuretzat horrelako kontzertu solidario batean egotea?

Batez ere, munduan dauden hainbat arazo ikusarazten laguntzeko. Fundazio asko lan ederra egiten ari dira, eta guri dagokigu musikaren bitartez solidaritate hori bideratzen laguntzea.

Donostian sarri aritzen zara horrelako emanaldietan. Solidariotzat daukazu zeure burua?

Gustatzen zait hor egotea. Nik musika egiten dakit, eta uste dut nahiko konprometituta nagoela. Saiatzen naiz musika ez dadin izan zerbait oso azalekoa, baizik eta sakona, mamitsua.

Musikari izatea bera konpromisoz edo militantziaz bizi duzu?

Zaila da bi gauzak banatzea: nik kantak egiten ditut, eta ni naiz abesten dituena. Horrek eskatzen dizu konpromiso bat.

Goizero lantegira joaten zara hori egin ahal izateko.

Saiatzen naiz alde ona bilatzen, baina ez da erraza. Maila profesionala eskatzen dugu, baina oso egoera prekarioan gaude, tamalez. Nik diskoak ateratzen ditut beste lan bat daukadalako. Inplikazio maila horrek militantzia puntu bat dauka, gure kulturarekiko.

Etzi ez zara bakarrik egongo: Leire Leturekin ariko zara.

Badaukat asmoa udan kontzertu batzuk emateko formatu berezi batean: Leire Letu, Urbil Artola eta Olaia Inziarterekin. Komentatu genien antolatzaileei laukote formatuan aritzeko aukera, eta ondo iruditu zitzaien. Egoera ezin hobea da lehen lagina erakusteko.

Aitabitxi moduko bat zara? Musikari askori eman diezu bultzada.

Niri ere jende askok lagundu dit nire bidean; uste dut aitabitxi esatea gehiegizkoa dela, baina egia da niri ere gustatzen zaidala laguntzea. Olaiaren kasuan, nik ezagutzen nuen elkarrekin abestu genuelako behin, eta bere abesti batzuk jo zizkidanean, esan nion: «Etxean badaukat estudiotxo bat; nahi baduzu, lagunduko dizut zerbait egiten». Niri lagundu didan jende horri eskertzeko modu bat ere bada. Euskal Herrian musikari asko dago ezkutuan, bide bat egin nahian.

Gertukoak dituzu Izaro, Nogen... Donostian bada eszena berri bat?

Ez dakit hainbesterako den... Nik antzematen dut gero eta aniztasun handiagoa dagoela musikan. Euskal Herrian, nire ustean, hiru alderdi banatzen ziren lehen: kantautoreen mundua, rocka eta rock gogorreranzko musika, eta festarako musika. Hortik kanpoko esparrua oso lausoa izaten zen, eta ez zegoen talde askorik. Uste dut orain anizten ari dela hori guztia: askoz proposamen gehiago daude, agian ez soinu berezi baten inguruan, baina aniztasunean.

Aniztasun horretan, sortu dira zenbait diskurtso hizkuntza hautuaz, melodia batek hizkuntza bat edo bestea eska dezakeela eta. Zuk euskaraz kantatu izan duzu beti. Zergatik?

Alde batetik, erosoen sentitzen naizen hizkuntza da sortzeko orduan. Azkenean, herri txiki bat gara, eta nire aletxoa jartzeko modua ere bada. Bestela, gerta daiteke denak jotzea hizkuntza handituetara. Militantzia kultural bat da.

Zeure etxean eman izan dituzu kontzertuak.

Herbehereetan izan nintzenean, kontzertu pare bat eman nituen etxeetan. Askotan hitz egin genuen zein polita izango zen etxean egiten ditugun entsegu horiek jendearekin egitea. Ederra izan zen.

Musikaz gain, ezagunak dira Twitterren egiten dituzun hitz jokoak.

Betidanik egin dudan gauza bat da. Twitterrekiko zaletasun hori geroago etorri zait, baina lagunekin beti egin izan ditut hitz joko eta txiste txar horiek. Azkenaldian, gero eta oihartzun gehiago ari dira izaten, eta Gaztea irratitik eta Autentikoak saiotik ere deitu didate umorez egindako abestiekin kolaboratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.