Hain zuzen ere, gaurkoa euskal kantari eskainitako eguna izanen da. Goizean arituko dira horren inguruan solasean, eta Jean Mixel Bedaxagar, Niko Etxart eta Jean Bordaxarrek bertan parte hartuko dute, besteak beste. «Zer da kantoia egun? Aitak erraten duen bezala, jende gutiago da orain ostatuetan kantan ari, eta jende zenbaitek ezagutzen ditu euskal kantak, baina hizkuntza batere ez», esan du Ddiddue Etxeberri antolatzaileetako batek.
Eztabaidaz gainera, Maider Bedaxagarrek bere ikerketa lana aurkeztuko du. Alemanian duela ehun urte gerrako euskal presoei grabatutako kantuak aztertu ditu. Sü Aiziako kanta funtsari buruz ere arituko dira.
Goizean solastatzeko parada izanen da, eta arratsaldean kantatzekoa. Lehenbizi haur kantuen txapelketa eginen dute, eta, ondoren, Kantorroaz jarduera: kantuan dakitenendako zein ez dakitenendako euskal kantuen trukea izanen da. Gibelurdinek taldearen kontzertuarekin bukatuko da eguna.
Igandeak bai, igandeak ofizialki hartuko du Musikaren Eguna izena. Afrikako eta Euskal Herriko dantzak uztartzen dituen sormen lana izanen da ikusgai goizean, kaleko animazioa gero, eta arratsaldean kontzertu nagusiak. Euskal taldeez gainera, Okzitania, Grezia eta Frantziako taldeak izanen dira, eta askotariko estiloak: esperimentala, rocka, jazza, tradizionala eta abar.
Beti ekartzen dituzte kanpoko taldeak. «Talde ezezagun tipi zenbait ezagutarazteko egiten dugu, eta haiek Euskal Herrian momentu gozo bat izateko ere bai», esan du Etxeberriak. Hala ere, nabarmendu du euskarak garrantzi handia duela ekitaldi hau prestatzerakoan. Gainera, elkartzeko eta eztabaidan sakontzeko egunak izanen direla aurreikusi du antolatzaileak. «Kanpoan den jendearekin harremanak sortzen dira egun horretan, eta denok kantatuko dugu elkarrekin».