Atzekoz aurrera

Musikaren fauna: tiutan, orroaz, burrunban

Euskal musikagintzaren komunitatea ospatu dute 'Badok' musika atariaren 15. urtemugan. Animaliekin lotura duten kantuen bertsioak egin dituzte zenbait abeslarik, bikoteka.

Ahots Hutsez taldeak urteurrenean kantatu du, eta musika proiektuan parte hartu. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai.
HENDAIA
2024ko azaroaren 16a
18:00
Entzun

Fauna. Lurralde edo ingurune bateko animalia multzoa. Ingurunea musika eta animalia multzoa kantari, eta musikariak. Bakoitzak bereari jarraikiz, batera osatzen dute fauna hori, Gure musika fauna. Zer den gure? Badok euskal musika atariak osatzen duena. 15 urte bete berri ditu, eta ospakizuna egin dute egun, Hendaiako (Lapurdi) Borderline Fabrikan, Gure musika fauna lelopean, hain zuzen ere.

«Izan daiteke komunitatearen metafora», erran du Gorka Erostarbek, Badok-en gaur egungo arduradunak. Eta harekin ados agertu da Ibil Bedi taldeko Amets Aranguren: «Fauna batek bere horretan kolektibitate bat erakusten du. Gu fauna horren parte sentitzen gara, eta bakoitzak gure ogasunak ditugu: ugaztunek, hegaztiek duten bezala... Hortik begiratu diogu».

Animalia bikoteak

Urtemugarako zerbait berezia egitea pentsatu zuen Erostarbek. «Konturatuak ginen, gure kantutegiaren fauna zabal horretan, animaliak kantu askotan agertzen direla. Ideia polita iruditu zitzaigun gure musika fauna osatzen duten haiei ardatz bat jartzea: [talde] bikoteka kantu bat eginaraztea, haien arteko harremanak ere sustatzeko, eta askotan buruan irudikatzen dugun komunitate horri gorputz emateko». Ibil Bediko kide gisa heldu zitzaion proposamena Arangureni: «Gorkak hots egin zidalarik, ilusio handia egin zidan, eta oso originala eta polita iruditu zitzaidan. Hortik tiraka atera dira kantak gero: animalien kantuen bertsioak egin ditugu».

12:30ean hasi da besta, Ahots Hutsez-en eta Arkaitz Minerren eskutik: Piztien bertsoak kantatu dituzte, Motza bertsolariarenak eta Unai eta Eñaut Agirre anaiek kantatzen zituztenak —zortzi bertsoetarik bost besterik ez dute moldatu eta grabatu—. Kantariek erran dute bertsoetan agertzen den hegazti eta animalien hiztegi aberatsaz bereziki erakarriak izan zirela. Claudine Arhanzet Ahots Hutsez-eko kidea bera harriturik egon zen, hain zuzen: «Bertsoetan sentitzen da nola beren ingurumena ongi ezagutzen zuen idazleak. Ageri da haren eguneroko bizitzaren parte dela. Egungo egunean ez da hainbeste hola: kabalak kabalak dira, gutarik aparte».

«Fauna batek bere horretan kolektibitate bat erakusten du. Gu [musika] fauna horren parte sentitzen gara, eta bakoitzak gure ogasunak ditugu»

AMETS ARANGURENIbil Bediko musikari eta kantaria

16:30ean gero, IbonRG aritu da jotzen, baina bakarrik, haren bikote izan behar zuen Mursego jin ezinean baitzen azkenean; Être kantua eskaini dio publikoari. Hola definitu du kantua: «Gauza basatia eta gauza gizatiarra. Errukia eta denbora. Faunarena, norberarena».

Egunaren bukatzeko, 17:30ean Ibil Bedi eta Ke Lepo taldeek jo dute elkarrekin. Horien kantua Txori erresiñola herrikoia izan da; «klasiko baten bertsioa egiteko aukera». Behin kantua euskara batura moldaturik «erosoago sentitzeko», lanketan abiatu ziren talde biak, kantu tradizionala nolabait elektronizatzen. Kantu horrekin hetsi dute, hain zuzen, Badok plataformaren 15. urtemugaren besta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.