Udako proposamenak

Musikaren eta poesiaren eliza

Kontzertuan eta Irekita musika zikloa gaur itzuliko da Gasteizko Santa Maria katedraleko elizpera. Fanny Desk bikotearena izango da lehen kontzertua, 20:00etan hasita.

Rebeca Jimenezek eta Benjamin Pradok itxiko dute zikloa, abuztuaren 3an. KONTZERTUAN ETA IREKITA
Rebeca Jimenezek eta Benjamin Pradok itxiko dute zikloa, abuztuaren 3an. KONTZERTUAN ETA IREKITA
unai etxenausia
2024ko uztailaren 26a
05:00
Entzun

Musika eta poesia, poesia bakarrik, musika bakarrik... Denak du tokia Gasteizen. Kontzertuan eta Irekita musika zikloa gaur itzuliko da Gasteizko Santa Maria katedraleko elizpera. Fanny Desk, Feten Feten, Antton Aranburu eta Benjamin Prado pasatuko dira elizpetik. Gaur eta bihar ez ezik, abuztuaren 2an eta 3an ere izango dira beste bi emanaldi, 20:00etan guztiak.

Kontzertuan eta Irekita Santa Maria Katedrala fundazioak abiarazitako egitasmo bat da. Ospe handiko musikariak eta askotariko musika estiloak katedralera erakartzea du xede. Antzolatzaileen hitzetan, denboraldi bakoitzean elizpea «gune paregabea» da artisten eta ikus-entzuleen arteko konplizitatea sortzeko: «Kontzertuak eta errezitalak esperientzia paregabeak dira. Askotariko musika proposamenen eszenatokia izanik, flamenko, folk, jazz, musika klasiko edo koru kontzertuetarako lekua da eliza. Kontzertuan eta Irekita programari esker, beren talentuagatik eta lanagatik kritikaren aitorpena jaso duten eta sarituak izan diren artistekin gozatzeko aukera dute ikus-entzuleek».

Fanny Desk bikoteak joko du lehen kontzertua, gaur. Proposamen artistiko horrek musika klasikoa eta modernoa batzen ditu. Erromantizismoko lied alemanak interpretatzen dituzte, melodia klasikoari eusten dioten moldaketekin, baina beste estilo eta garai batzuetarako bidaia ere egiten dute. Musika eta hitz mintzatua konbinatuko dituzte emanaldian, publikoarekin elkarrizketa sortuz eta egungo gaiak umorez landuz.

Biharko kontzertuak musika tradizionala eta herrikoia izango ditu protagonista, Feten Feten taldeari esker. Bikote sortzaile horrek instrumentu konbentzionalak eta ezohikoak erabiltzen ditu musika freskoa, dibertigarria eta dantzagarria sortzeko. Ibilaldi bat egingo dute hainbat lurretan barrena, Balkanetako oihartzunak, manoucheen ezaugarriak, japoniar oroitzapenak eta itsasoko soinuak gehituz.

Abuztuan gehiago

Kontzertuan eta Irekita egitasmoak abuztuaren 2an jarraituko du, ostiralean, Antton Aranburu artista gasteiztarrarekin. Musikak, antzerkiak eta literaturak pizten dioten pasioa aztertzen duten abestien artisaua da artista hori. Gasteizen, Mailuk musika eskola sortu berri du.

Azkenik, Rebeca Jimenezek eta Benjamin Pradok amaiera emango diote abuztuaren 3an —larunbata—, arratsaldean, Agitado y Mezclado izeneko kontzertu intimoaren bidez. Hain zuzen ere, poesia eta musikaren arteko fusioa da, sorpresaz beteriko bidaia emozional bat, Espainiako, Estatu Batuetako eta Latinoamerikako musika estiloak nahasten dituena. Hitzak berebiziko garrantzia izango du, poemak eta abestiak uztartuz istorio liluragarriak sortzeko.

Hamar euroren truke erosi ahal izango dira sarrerak, eta abonuak 30 euroren truke daude eskuragarri, www.abiertoporconcierto.eus webgunean. Fundatzaileen Zirkuluko bazkideek sei euroan izango dituzte sarrerak, eta lau kontzertuetarako abonua, 20 euroan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.