This Town (Hiri hau) telesailak eta Peaky Blinders entzutetsuak osagai bat baino gehiago dituzte antzekoak: Birmingham hiria ageri da, nortasun handiko pertsonaiak ditu, egoera politikoa eta soziala narrazioaren bizkarrezurra dira, eta musika giltzarri izango da.
Istorioa hiru pertsonaia nagusien begietatik azalduta dago. Batetik, Dante izeneko ikasle gaztea; manifestazio batean Poliziarekin istiluak izan ondoren, musikan murgiltzea erabakiko du. Poesia maite du, eta bere bizipen pertsonaletan inspiratutako letrak idatziko ditu. Bestetik, haren anaia, Virgil; Belfasten bizi da, eta Britainia Handiko armadarentzat ari da lanean. Eta, azkenik, Bardon; Danteren lagunik onena da —eta lehengusua—, eta Coventry hirian bizi da. Haren aita IRA erakundean sartua dago, eta ama auzotik erbesteratu duten emakume alkoholiko bat da. Errealitate gordin horretatik ihes egiteko, Bardonek eta Dantek musikan murgiltzea erabakiko dute, Jeannie teklista gaztearen eta Fionaren laguntzarekin. Azken hori disko denda baten jabea da, eta taldeko manager moduko bat izango da.
Ñabarduraz beteak dauden pertsonaia oso konplexuak eraiki ditu Knightek, eta aktore gazte (ia) hasiberriek primeran jokatuko dute horien rola. Pertsonaien alorra itxi aurretik, azken aipamena: emakumezko pertsonaia sakonagoen falta sumatzen da. Bardonen amaren arku narratiboa izan liteke interesgarriena akaso (Michelle Dockery aktore bikainak betetzen du haren rola), baina gainerakoek presentzia nahiko eskasa dute.
Musika nola erabiltzen duen, hori da This is England apartaren kutsua duen telesail honen beste gakoetako bat, bereziki ska eta 2 tone generoak. Abestiak indar bateratzaile gisa erabiltzen dira, eta pertsonaiei melodiak eskaintzen zaizkie beren errealitate gogorretatik ihes egiteko arnasgune modura. Musika beste pertsonaia bat balitz bezala erabiltzen du sortzaileak: soinu banda itzela da. Abestiek, uneko giroa harrapatzeaz gain, pertsonaien barne borroketarako euskarri emozional gisa ere balio dute. Musika ez da entretenimendua soilik; matxinatzeko eta bizirauteko modu bat ere bada. Hori frogatzen du serieak.
Lehen ataletan, testuingurua patxadaz aurkeztu eta garatzeko tartea hartzen du sortzaileak; behin oinarriak finkatuta, bigarren ataletik aurrera beste kutsu biziago bat hartzen du. Krisian dagoen komunitate baten irudikapen aberatsagatik nabarmentzen da telesaila; krimena, garai hartako azpitaldeen kultura —skinhead-ak eta rude boy delakoak, esaterako— eta ska musikaren eszena ageri dira.
Noizbehinkako erritmo arazoak dituen arren —hasierako kapituluetan bereziki— eta umorearen eta indarkeriaren artean tonu aldaketa zakar samarrak izan arren, telesailaren bihotza oso distiratsua eta zirraragarria da; gaztetasunaren, sormenaren eta borroka sozialaren esplorazio hunkigarria eskaintzen du.
Bisualki ia hamarrekoa da. Mendebaldeko Midlandsen atzealde industrial dekadentea islatzen duen zinematografia gordina erabiltzen du Ben Wheeler argazki zuzendariak. Oso ukigarria eta benetakoa da guztia.
Egoera zailak gainditzeko arteak duen ahalmenari buruzko hausnarketa hunkigarria da, eta musikak duen botere eraldatzaileari buruzkoa. Nortasun handiko proposamena ekarri du Steven Knight sortzaile ingelesak.
FITXA
- Sortzailea. Steven Knight.
- Aktoreak. Levi Brown, Jordan Bolger, Ben Rose eta Peter McDonald.
- Herrialdea. AEBak.
- Urtea. 2024.
- Non ikusi. Movistar+.
- Atal bakoitzaren iraupena. 55 minutu.
- Generoa. Drama, musika.