Jaiak Gasteizen

Musikaren arnasgune

Andre Maria Zuriaren jaietan ere, Gasteizko Gaztetxeak musika eskaintza zabala eta orotarikoa du. Atzo eta herenegun jende mordoa joan zen han eginiko kontzertuetara.

Musikaren arnasgune.
Igor Galarza.
Gasteiz
2019ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Talde handi asko egongo dira gune handiak koloreztatzen Gasteizko jaietan. Baina talde txikiak ere kolore berezia ematen ari zaizkie espazio txikiei, horiei arnasa ematen. Duten aukera aprobetxatu, eta jendea mugiarazten dihardute Andre Maria Zuriaren festetan. Gasteizko Gaztetxean dute talde txiki askok instrumentuak astindu eta musika zabaltzeko abagunea. Atzo eta herenegun hainbat musikari igaro ziren Gaztetxeko oholtzatik, denetik eta denentzat eskaintzen, apezpikutzaren kotxera zaharrean.

Atzo, etxeko zein kanpotik etorritako taldeen txanda izan zen. Herenegun agortutako indarrak goizean eta arratsaldean berreskuratu, eta iluntzerako berriz martxan zegoen gaztetxea. Arratsaldeko beroa iluntzerako hotz bihurtu zen arren, jendea prest zegoen tenperaturari aurre egin eta gazteen gunea epeltzeko. 20:30ean hasita, hiru kontzertu eskaini zituzten; hirurak ziren bereziak eta, aldi berean, ezin desberdinagoak. Hasteko, etxeko talde bat oholtzaratu zen: Devils Gardens. Musika heavy-psiko-progresiboarekin lepoak astindu zituzten entzuleek. Horien atzetik, Andaluzia (Espainia) aldeko No Somos Tu Rollo taldea igo zen taula gainera. AgroRap estiloan eta rap abeslariek inprobisatzeko erabiltzen dituzten base ezagunen gainean, aldarrikapenez beteriko letrak abestu —eta oihukatu— zituzten. Tinko taldeak amaitu zuen kontzertua. Aguraineko (Araba) talde horrek punk-rock musika eskaintzeko asmoz jarri zituen martxan instrumentuak.

Hori atzo izan zen: herenegun zabaldu zituzten Gaztetxeko ateak, jaien hasierarekin batera. Musika jartzaileak aritu ziren arratsaldeko eta gaueko orduetan, denetariko musika jartzen eta giroa berotzen. Xabi Gonzalez Gasteizko Gaztetxeko kideak nabarmendu zuenez, «Gaztetxea beti dago zabalik edozein jende motarentzat, eta kontzertuak ere denetarikoak dira». Talde ugari joango dira bertara jotzera: Euskal Herriko taldeak arituko dira, baita Espainiako taldeak ere.

Autogestioaren fruituak

Ekonomikoki mugatuta daudenez, taldeei ahal duten neurrian laguntzen dietela esan zuen Ander Zuazok. Gaztetxeko kidea da, Martinezekin batera. «Bidaiak ordaintzen eta tragoak debalde ateratzen dizkiegu taldeetako kideei, zerbait gehiago ordaintzerik ez badugu; gure aldetik egin dezakeguna eskaintzen diegu». Kontzertuak lotzeko, bi hilabete inguru lehenago hasi ziren deiak egiten. Gonzalezek adierazi duenez, gaztetxeak «eskertzen» die taldeei han jotzea, baina «taldeek ere eskertzen dute. Gaztetxeak oso proiektu interesgarria du, eta taldeentzat plazera da hemen jotzea. Hartu-eman polita izaten dugu taldeekin». Horrez gain, biek nabarmendu dute jende ugari behar izaten dutela espazio hori jaietarako eta jaien egunetan antolatzeko. Izan ere, nahiz eta hasieran kosta zen jendea hurbiltzea, domeka arratsaldeko azken orduetan betekada itzela izan zuten gaztetxean. Atzo, berriz, ez zen aurreko egunean besteko jenderik egon, baina giro epela eta gustagarria nabarmendu zuen Zuazok, domekako balorazioa egin ostean.

Atzoko eskaintza musikala zabala zen, baina Gonzalezek eta Zuazok gaurko eguneko egitaraua nabarmendu zuten, igandekoaz gain. Gaur Desfasier (Gasteiz), La Chula Potra (Iruñea) eta La F.R.A.C. (Cadiz, Espainia) rap taldeak arituko dira oholtzaren gainean.

Gaztetxeko gune txiki horri kolore bizia jarriko diote taldeok, gune handietatik eta kontzertu arranditsuetatik ihesi doazenentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.