Asier Suberbiola. Aupa Quartet taldeko musikaria

«Musikarako irekiak izanez gero, leiho bat besterik ez da izaten musika tresna»

Bestelako ikuskizun bat ematera dator Aupa Quartet hari laukotea. Funk eta jazz hotsak biolinetara egokitu dituzte, eta energiaz beteriko saioak ematen dituzte. Errenterian izango dira larunbatean.

Asier Suberbiola (ezkerrean), Ramses Puente, Martin Melendez eta Felipe Escalada. BERRIA.
2011ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Nahikoa dira bi biolin, biola bat eta biolontxelo bat jendea aho zabalik utziko duen formula lortzeko. Are urrutiago joan nahi izanez gero, denen eskura ez dagoen osagai bat behar da: abilezia sekretu moduko bat. Osagai hori berezko duen talde bat izango da gaur Donostiako Altxerri tabernan (23:30), 2009an Bartzelonan sortutako hari laukote bat: Aupa Quartet. Asier Suberbiola (Donostia, 1978) taldeko kidea da.

Prestakuntza klasikoa jaso arren,Aupa Quarteten lanak ez du zerikusirik orkestra soinuekin.

Orkestra giroko prestakuntza izan arren, musika estilo ugari izan ditugu gustuko txikitatik. Gainera, bizitza osoa pieza klasikoak jotzen aritu ondoren, bide berriak ezagutzeko gosea genuen. Horrela hasi ginen lanean, eta etengabeko lana egin dugun arren, oraindik ez gara ase.

Musika klasikoa alde batera utzi duzue, hortaz?

Inola ere ez. Musika klasikoa entzuten, jotzen eta gozatzen jarraitzen dugu, baina lan handia egin dugu, eta ez dugu atzera egin nahi. Gauza berriak probatzen jarraituko dugu, orain arte egin bezala.

Orkestrako kontzertuak areto handietan dira; zuen kontzertuak, berriz, areto txikietan. Zein abantaila ditu azkenak?

Oso energia positiboa sortzen da kontzertu bakoitzean. Interakzioa alderaezina da, eta harremana, ezin gertukoa. Guk sortu dugu gure soinua, eta jendea gure lanaz gozatzen ikustea izugarria da.

Jendeari harrigarria irudituko zaio Michael Jacksonen Billie Jean eta halako abestiak biolinez jo eta hain emaitza naturala izatea...

Baliteke. Biolina, biola eta biolontxeloa oso musika tresna sentiberak dira, eta aukera asko jartzen ditu musikariaren eskura. Ahotsaren naturaltasuna, gitarra baten harmonia eta bateriaren indarra lor daitezke hari instrumentuekin. Hala, hilabete hauen guztien ostean, rock, jazz eta funk musika jotzeko gai gara.

Bada menperatu ez duzuen estiloren bat?

Denetarik jotzeko prest egon gara, eta denetarik jo dugu. Musikarako irekia bazara, leiho bat besterik ez da tresna. Elektronikaren mundua miatu dugu, eta Umar Kubako rap taldearekin lanean aritu gara. Laster, gitarra flamenkoa jotzen duen musikari batekin hasiko gara lanean. Gure musika egin eta ondo pasatzea da gure xedea; berdin zaigu estiloa.

Abestiak ere konposatzen dituzue. Nola egin ohi duzue?

Lantaldean. Taldekide bati melodia bat bururatzen bazaio, bildu eta elkarrekin osatzen dugu, piezari koloreak gehituz. Giro onean egiten dugu lana, gainera.

Hortaz, indibidualismoak ez du tokirik Aupa Quarteten, ezta?

Lan egiteko oso modu dinamikoa dugu. Lauron proiektua da, eta laurok etengabe hartzen dugu parte erabakietan. Iritziak emateari funtsezko garrantzia ematen diogu, eta etengabe elkar elikatzeko prest gaude.

«Quartet» dio taldearen izenak. Hari tresnen aukera zabala kontuan izanda, ez duzue bosgarren beatle-a nonbait?

Kar-kar. Ez, ez. Lau laguneko taldea da hari tresnekin lan egiteko konbinazio aproposena. Kolaborazioak egiteko eta jende berria ezagutzeko amorratzen gaude, baina oraingoz lau izango gara.

Zein da taldearen hurrengo pausoa?

Ez dugu gustuko luzera begirako helmugak jartzea, momentua bizi dugulako. Etorkizunerako helburu nagusia lanean jarraitu eta disko bat grabatzea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.