Diskoa grabatzean ere lagun izan zuen hainbat kantutan Bilboko Euskeria abesbatza Rafa Ruedak (Mungia, Bizkaia, 1972). Etxean aurkeztu zuen, urriaren 16an; Donostiako Viktoria Eugenia antzokian arikoda , etzi (19:00).
Ikusita duzu Les choristes filma?
Bai, ez dut askorik gogoratzen tramaz, baina gustura ikusi nuela bai. Musikalki oso efektiboa iruditu zitzaidan. Agian orain beste begi batzuekin hartuko nuen.
Izan zara inoiz abesbatza bateko kide?
Bai, gaztetan Mungiako Jose Maria Arregi abesbatzan aritu nintzen lau bat urtez. Talde lana eta kantatzearen plazera zen hura.
Despistaturen bat harrituko da: Pi.L.T-eko kantaria orain abesbatzaz lagunduta?
Oso despistatua beharko luke. Bada denboratxo bat Pi.L.T-ren ia ifrentzuan bide batzuk jorratzen ari naizela. Abesbatzarena oso loturik dago azken lanarekin, Rueda-rekin. Hiru oinarri ditu, ahotsa, elektronika eta gitarra. Ahotsaren esperimentazio prozesu horretan pentsatu genuen abesbatza batekin jolastu zitekeela hainbat kantutan, eta horixe da zuzenekoan egingo duguna.
Rueda-ri beste bira bat?
Bai, diskoak zuzenekoekin biribiltzen dira. Diskoa kaleratu zenetik hona ezin izan dugu behar bezala aurkeztu, eta orain aukera hau iritsi zaigu, kantuak berpizteko, berrasmatzeko. Eta, bide batez, kantuak ekarriko ditugu egunerokotasun berri honetara.
Zer eskatu diezu abesbatzakoei?
Disfrutatzeko, batez ere. Abesbatzekin edo orkestrekin lan egiten denean jendeari etor dakioke burura gauza handi eta anpuloso bat: hau ez doa bide horretatik. Zerbait orekatua egin nahi genuke. Denok egin dezagula bat kantuarekin.
Topikoak dioen moduan dena da musika, edo beste topiko batek dioen moduan, bi lengoaia al dira?
Niretzat, dena musika da. Ez dago hainbesteko distantziarik lengoaia batetik bestera. Besterik da jendea zenbateraino ohiturik egon litekeen espazioz aldatzera. Ni oso ohitua nago leku aldaketa horietara; Pi.L.T-etik orain egingo dugun emankizun honetara. Jakin behar da mugitzen eta leku bakoitzari probetxua ateratzen.
Ahotsak eman dizu buruhausterik gehien zure ibilbidean?
Batzuk jaiotzen dira dohain horrekin, ahotsarekin adiskidetuta, ia lanketarik gabe ondo abesten dute. Beste batzuek landu egin behar dute. Ni bigarren taldekoa naiz, eta oraindik prozesu horretan nago.
Pandemia hasi zenetik zenbat bira eman ditu Ruedaren (Rafa) buruak?
Oraingoz, lepotik ateratzeko beste ez, baina ez dakit zenbateko tartea geratuko zaidan. Buelta asko izan baitira. Baina ez soilik nire buruak, imajinatzen dut edozeinen buruak eman dituela bira asko, biztanleriaren %99arenak. Honek guztiz irauli baitu gure egunerokotasuna, eta gure mundua ikusteko era.
Tarte horretan noizbait utzi diozu musikari sentitzeari?
Ez, ez naiz inoiz iritsi puntu horretara; kontrakoa, musika helduleku bat izan da. Dugun ogibidearekin ohiturik gaude desoreka batean bizitzera, baina jasotako kolpea hain izan da handia zalantzak eta ezegonkortasuna handitu egiten direla. Eta neure buruari galdetzen nion: «Zer egin dezaket nik orain»?
Eta zer egin dezakezu? Zer duzu egiteke musikaren munduan?
Musikan dena dut egiteko. Sentsazioa dut gauza gutxi egin dudala musikan.
Hurrengoa orkestrarekin?
Ez, ez dut uste. Ez dut ezer baztertzen, eta erronka izan liteke hori ere, baina epe ertain-laburrean ez zait oso erkargarria egiten halako gauza anpuloso batean sartzea.
ATZEKOZ AURRERA. Rafa Rueda. Musikaria
«Musikan dena dut egiteko»
Pandemiak apenas utzi dion 'Rueda' azken lana behar bezala aurkezten; Bilboko Euskeria abesbatzaz lagunduta kontzertua emango du etzi, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu