Musikan bidea eginez

Musika maite dute, eta, pixkanaka, beren bidea egiten ari dira mundu horretan. Nafarroako Altxatu taldeak, Gipuzkoako Twin Melody bikoteak eta Lapurdiko Pauline eta Juliette bikoteak beren esperientziaren berri eman dute.

Pauline eta Juliette bikotea, kantuan. BOB EDME.
2017ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun

Gehienek ez dituzte oraindik 20 urte bete, baina disko bat grabatzeko asmoa dute, edo dagoeneko grabatu dute. Twin Melody gipuzkoarrak, Pauline eta Juliette lapurtarrak eta Altxatu taldeko nafarrak bide desberdinetatik hasi dira musikaren alorrean, baina hirurek lortu dute Euskal Herrian ezagun izatea.
 

PAULINE & JULIETTE

Musikariak

«Gure sorkuntzak egiten hasi gara, eta disko bat grabatuko dugu»

Bi urtean oso ezagun egin dira Euskal Herriko zein atzerriko abesti ezagunak abesten dituzten bi lapurtarrak. 2014ko abenduan elkartu ziren Juliette Alfonso eta Pauline Juncket, Kanboko (Lapurdi) kantaldi batean. 18 eta 22 urte dituzte, hurrenez hurren, eta hainbat kontzertu eman dituzte dagoeneko, Iparraldean batik bat. «Oraingoz, abesti ezagunen bertsioak bakarrik egiten ditugu, baina hasiak gara geuk sortuak ere egiten», azaldu du Juncketek. Izan ere, aurtengo negurako, lehen diskoa grabatzeko proiektua hasia dute, eta abesti ezagunen bertsioak zein abesti berriak sartu nahi dituzte.

Kantatzeaz gain, gitarra joz egiten dituzte atsegin dituzten abestien bertsioak ere, eta Juncketek harmonika ere jotzen du. Beren Youtubeko kanalean Ken Zazpi taldearen Ilargia, Simon&Garfunkelen The Sound of Silence kantatzen azaltzen dira, besteak beste. Hala, euskaraz, ingelesez eta frantsesez dituzte abestiak, baina euskaraz nagusiki. Hilero hiruzpalau kontzertu ematen dituzte orain, eta uda honetarako dagoeneko hogei kontzertu inguru dituzte lotuta. Baionako bestak izango dira geralekuetako bat.

Duela bi urte eta erdi hasi ziren elkarrekin abesten, baina aurretik ibiliak ziren beren kontura gitarra jotzen. 14 urterekin gitarra ikastaroetara joaten hasi ziren, eta gero kantu eskolak ere izan dituzte Patrice Dumora Watson-ekin, Akelarre musika taldeko azken kantariarekin. Bikote gisa abesten hasi zirenetik, birritan izan dira Kalakan taldeak jo aurreko talde gonbidatu gisa; halako aukerak beren burua ezagutarazteko oso «lagungarriak» direla uste du Juncketek.

Azterketak edo lana gorabehera, astero elkartzen dira entseguetarako; Juncket Kanbokoa da, eta Alfonso, berriz, Itsasun bizi da; hortaz, ez daukate elkar ikusteko arazorik. Juncketen etxean elkartzen dira normalean, horretarako prest duten areto batean. Kontzertu gehienak ere hor inguruan ematen dituzte. «Hasieran, Hegoaldean ibiltzen ginen, baina orain Iparraldeko herrietako bestetan aritzen gara nagusiki», argitu du Juncketek.

Nahiz eta beren ibilbidea oso luzea ez izan, hasieratik hona aldatu egin dira, Juncketen hitzetan. «Kontzertuetara datorren jendeak ere hori esaten digu». Beren ahotsak berdinak ez direla eta, diskorako zer egin nahi duten ongi pentsatu behar dute. Hasieran ez zitzaien burutik pasatu ere egin disko bat grabatzea, «baina jendeak eskatu egin digu; asko gustatzen zaizkiela-eta gure ahotsak eta abestiak». Publikoari kasu egingo diote, beraz, eta eskaera horri erantzungo diote, beren buruari erronka bat jartzeaz gain.

Oraingoz, hilabete honetarako badituzte zenbait kontzertu programatuta. Bihar, Parisko euskal etxean izango dira, eta, igandean, ohi bezala Senperen izango den Herri Urratsen (Lapurdi). Hilaren 27an, berriz, Hazparnen (Lapurdi) abestuko dute, Akelarre taldeak joko duen kontzertuaren aurretik.

 

TWIN MELODY

Abeslariak

«Noizbait abeslari profesionalak izatea da gure ametsa»

Go!azen! ETBko programa musikalari esker, Euskal Herriko gaztetxoen artean oso ezagun bihurtu dira Ordiziako (Gipuzkoa) Aitana eta Paula Etxeberria bikiak, baina aurretik ere mundu osoan ikusten ahal ziren Internetenez. Izan ere, beren ibilbidea Youtube sare sozialean hasi zuten, 14 urte zituztela. 20 beteko dituzte aurten, eta hasieran egiten zuten gauza bera egiten dute oraindik ere: hilean behin, gutxi gorabehera, egungo kanta ezagun bat abesten azaltzen diren bideo bat igotzen dute Youtubera. Arrakasta handia lortu dute horrela: milioika ikustaldi izaten dituzte beren bideoek, eta ia 700.000 harpidedun lortu dituzte jada. Disko bat grabatzea izango da hurrena.

Abeslariak izateko grina pelikula musikal batek piztu zien. «Han agertzen ziren abestiek asko inspiratu gintuzten gure kabuz abesten hasteko. Lehenik eta behin, etxean entseatzen hasi ginen», azaldu dute. Youtuben jende askok bideoak argitaratzen zituela ikusi zuten, hortaz, hortik hastea erabaki zuten, «proba egiteko». Geroztik, 50 bideotik gora argitaratu dituzte; gehienetan, modan dauden ingelesezko abestiak abesten azaltzen dira, haiek atsegin dituztenak.

Hilean behin, bideo bat argitaratzen saiatzen dira; betiere, unibertsitatean dituzten azterketen arabera. Sare sozialei esker, etengabeko harremanean daude jarraitzaileekin, eta zein abesti kantatu erabakitzeko ere haiengana jotzen dute noizbehinka. Azaldu dutenez, AEB, Mexiko, Alemania, Frantzia eta Indiako jarraitzaileak dituzte; abestiaren arabera, aldatu egiten da nongo biztanleek ikusten dizkieten bideoak.

Interneten egoteaz gain, kontzertuak ere egin dituzte Euskal Herrian. Azken hiru hilabeteetan Go!azen-ekin 60 bat ikuskizunetan parte hartzeaz gain, beren kabuz ere aritu izan dira. «15 urte inguru genituenean, hainbat herritara joaten ginen: Barakaldo eta Zornotzara [Bizkaia], adibidez».

Kontatu dutenez, beren ibilbideko «abagune garrantzitsuenetariko» bat Alejandro Sanzen kontzertu bateko hasierako abeslari izatea izan zen; telebistako programa bat irabaztearen saria izan zen hori. Uda honetan, Go!azen-eko bigarren denboraldia grabatzen ibiliko dira, baina hori ez da epe laburrera duten proiektu bakarra: Sony diskografiarekin kontratu bat sinatu dute berriki, eta, udan abesti bat grabatu ondoren, diskoa aterako dute. Beren nahiak betetzeko lehen pausoa izan liteke: «Noizbait abeslari profesionalak izatea da gure ametsa».

 

ALTXATU

Musika taldea

«14 urterekin, ez dakizu nola funtzionatzen duen musikaren munduak»

Musika taldeen «ibilbide naturala» egin dutela uste du Ibai Osinagak, Altxatu taldeko kantari eta gitarra jotzaileak: lehenik, abestien bertsioak jo, eta, gero, beren abestiak konposatu. Iker Ariz eta Julen Abaurrearekin batera, 2010ean Altxatu taldea eratu zuen Irunberrin (Nafarroa). Orduan, 13 eta 14 urte zituzten denek. Geroztik, hiru disko grabatu dituzte, eta dozenaka kontzertu eman. Azken diskoa 2016. urte amaieran atera zuten, eta, orain, diskoa aurkezteko kontzertuak egiten dabiltza.

Kuadrillako lagunak izan dira betidanik hirurak; txikitatik musika tresnak jotzen zituztenez, elkartzen hasi ziren batera jotzeko, eta inguruko herrietatik deitzen hasi ziren. Vendettako gitarra jotzailea ezagutu zuten orduan, eta disko bat grabatu nahiko luketela jakinarazi zioten. Esan eta egin; lehen diskoa beren kabuz grabatu zuten. «Geuk ordaindu genituen kopiak, eta gu arduratu ginen banatzeaz eta saltzeaz», azaldu du Osinagak. Horren ondoren, Gor diskoetxea haiekin harremanetan jarri zen, eta haiekin hasi ziren diskoak argitaratzen.

Orain, 18 eta 19 urte dituzte, eta gauzak onerako aldatu direla nabaritu du Osinagak. «14 urterekin ez genekien nola funtzionatzen duen musikaren munduak, kontzertuetara gurasoek eramaten gintuzten...». Horrez gain, kontzertuak lotzeko orduan ere «arraro» sentitzen zirela onartu du. «Adin horrekin herri bateko festetan jotzeko deitzen dizutenean, ez dakizu ongi baldintzak nola ezarri». Dena den, Gor-ekin lanean hasi zirenean asko hobetu zuten alde horretatik, diskoetxea prest agertu baitzen arlo horretan laguntzeko. «Eta gurasoen babesa ere oso garrantzitsua izan da», nabarmendu du.

Musika eta ikasketak «erraz» uztartzen dituzte. Nahiz eta egun toki desberdinetan ikasten ibili, entseguetarako orduak finkatzeko ongi moldatzen dira, eta dagoeneko hainbat kontzertu lotu dituzte udarako. Altxatu! taldea hiru kidek bakarrik osatzen dutela eta, Osinagak onartu du «ohikoagoa» dela talde handiak ikustea, baina hiru izanik ongi funtzionatzen dutela iruditzen zaio, eta ez dute musikari gehiagoren beharrik.

Osinagak berak konposatzen ditu abestien letrak, gaurkotasuna oinarri hartuta. «Musikari bati entzun diot letrak musikariak bizi duenaren ispilu direla... Nire kasuan ere horrela da, ez dut hitz egiten sentitzen ez dudanaren inguruan», azaldu du. Berri Txarrak nafarrak dituzte erreferentzia, baita Willis Drummond lapurtarrak ere. «Niretzat, oso talde errealak dira, ez dira ezkutatzen, eta hori maite dudan zerbait da».

Euskaraz abesteari ere garrantzitsu deritzo: «Uste dut garrantzitsua dela Nafarroatik euskara erabiltzen dela aldarrikatzea; horrek ibilbide jakin batean sartzen zaitu». Hurrengo kontzertua maiatzaren 20an emango dute, Gardeko Uskararen Egunean (Nafarroa), eta, ekainaren 3an, Etxarri-Aranatzen arituko dira, gaztetxean.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak