ATZEKOZ AURRERA. Favio Chavez. Cateura orkestrako zuzendaria

«Musikak ez luke izan behar soilik musikarien ondarea»

Paraguaiko zabortegi handienetariko baten bihotzera eraman du Mozart Favio Chavezek. Zaborra musika bihurtu dute Cateura orkestrako gazteek. Abenduaren 30ean izango dira Bilbon.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2014ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Zabor hutsa dira Cateura orkestrako gazteen musika tresnak. Literalki. Paraguaiko zabortegirik handienetariko baten izena da Cateura, Asuncion hiriburutik kilometro gutxira, eta han jaio eta hazitako gazteek osatzen dute orkestra. Musika tresna berririk erosteko nahiko dirurik ez, eta birziklatutako materialekin sortzen dituzte instrumentuak. Eskura dutenarekin. Zaborrarekin, alegia. Favio Chavez da orkestrako zuzendaria, baita Mozart zabortegira heldu izanaren arduraduna ere. Munduan barrenabiran dabil orain zabortegitik ateratzeko ametsik ere ez zuten gurasoen seme-alabekin, eta abenduaren 30ean izango dira Bilboko Euskalduna jauregian.

Musika tresnak luxu diren leku batean sortu zenuen orkestra.

Inork ez du uste halako leku batean kultura egin daitekeenik. Ezinezkotzat jo daiteke halako leku batean heztea eta, are, ezer ikastea ere. Zabortegiaren inguruan inolako planifikaziorik gabe sortutako eraikinez osatuta dago Cateura.

Eta nola sortzen da orkestra hor?

Ingurumen teknikaria naiz ni, baita musikaria ere. Hango birziklatzaileekin lan egiteko joan nintzen Cateurara, baina beti eramaten dut musika nirekin noan lekura noala ere. Birziklatzaileen seme-alabei musika irakasten hasi nintzen, eta, azkenerako, musika tresnak baino umeak gehiago nituen. Horrek ekarri zuen tresnak birziklatzeko beharra. Inolako aukerarik ez zuten umeak ziren. Zabor pilo baten ondoan hasi ginen eskolekin, eta Les Luthiers talde argentinarrak propio sortzen zituen tresnak ikertzen hasi nintzen. Haiek benetako tresnen piezak erabiltzen zituzten beren sorkuntzetarako, baina guk ez genuen halako luxurik, eta dena zaborretik sortu behar izan genuen.

Kalean bizi ziren ume eta gazte horientzako talde giro bat eta ikasketa giro bat sortzea izango zen egitasmoaren asmoa.

Bai. Oso gutxi behar du proiektuak. Halako egitasmoek inoiz gutxi jasotzen dute laguntzarik, eta ezin ginen inoren laguntzaren zain egon. Eskura genuenarekin aurrera egitea erabaki genuen, beraz, eta, noski, zaborra zen eskuren genuena. Cateuran zabalduta dago birziklatutako gaiak erabiltzeko ohitura hori, eta naturala zen musika tresnak sortzearena ere. Orkestraren bidez umeak erreskatatzea da asmo nagusia. Kalean bizirik irauteko ez dute balio ikasketek eta errespetuz jokatzeak, baina irla moduko bat da orkestra. Balio horien balioa igartzen dute, beste gazteekin zerbait ederra sortzen dute, elkarlanean aritzen dira, solidario izaten ikasten dute, esfortzuaren garrantzia... Bizitzeko beste era bat erakusten diegu orkestraren bidez. 200 ume bakarrik ditugu oraindik, baina lehen ekarpen txiki handi bat da hori.

Zabortegi erdian edertasuna aldarrikatzen zabiltzate, beraz?

Gizartearen hondakina da zaborra, eta jende asko ere gizarteko hondakintzat hartzen dute, eta ez da espero halako leku batean dagoen inork Mozart edo Beethoven jotzerik, edo munduko antzoki nagusietara heltzerik. Baina hori gertatu da, ordea, gure orkestraren bidez.

Jaioterritik ateratzea bera ere sinesgaitza egingo zaie gazte horietako askoren gurasoei.

Alternatiba bat azaldu nahi dugu. Noski, erabateko aldaketa ez da soilik honekin helduko.

Mozartek ez dakarrela iraultzarik.

Ez, baina inoiz aukerarik izan ez dutenei aukerak eskaintzen hasi gara. Leku horretatik aterako zirenik amestu ere ez zuten egin askok. Eta hori apurtzen hasi gara orkestrako ume batzuei esker.

Sinesten duzu musikaren eraldaketa gaitasunean, noski.

Musikak sekulako indarra du, eta horregatik ez luke soilik musikarien ondare izan behar. Gaizki kantatuta ere, kantatu egin behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.