Musikaria

Araitz Bizkai: «Musika zubi bat da niretzat, jendartean komunikatzeko modu bat»

'Ez da kasualitatea' bertso saio musikatua eginen dute Sarasate pasealekuan, arratsaldeko zazpietan. Araitz Bizkaik paratuko dio doinua ekitaldiari.

Araitz Bizkai musikaria. IÑIGO URIZ / FOKU
Araitz Bizkai musikaria. IÑIGO URIZ / FOKU
Iruñea
2024ko uztailaren 13a
05:00
Entzun

Araitz Bizkaik (Iruñea, 1981) prest dauzka gitarra eta doinuak, gaur iluntzean izanen den bertso saioa girotzeko. Ekitaldiaren tituluak dioen bezala, ez da kasualitatea, ezta ohiko kontua ere. Izan ere, parte hartzaile guztiak emakumezkoak izanen dira, eta musikaz alaituko dute saioa. Ane Labaka, Sarai Robles eta Ekhiñe Zapiainek paratuko dute ahotsa.  

Bertso saio musikatuan parte hartuko duzu. Azal dezakezu zertan datzan?

Ohituta gaude bertsolariak bakarka a capella kantatzen ikustera, baina, hemen, normalean bi musikari egoten gara: akordeak daramatzan instrumentu bat, eta melodia egiten duen beste bat. Gaiaren arabera, kanta biziagoak edo dramatikoagoak aukeratzen ditugu, 10-11 doinu guztira. Bertsolariek horren gainetik inprobisatu behar dute.

Nolatan animatu zinen ekitaldi honetan parte hartzerat?

Nire gitarrako ikasle batek deitzen zidan, ezin zuenean bere ordez joateko. Pandemia aurretik hasi nintzen, eta urte batzuk daramatzat.

Baduzu bertso saioetarat joateko ohiturarik? 

Egia esan behar badut, ez. Txikitan oso-oso zalea nintzen, baina gero beste saltsa batzuetan sartuta ibili naiz. Oraintxe bertan ez naiz askorik joaten, askotan parte hartzen dudalako akaso, baina beti izan ditut gustuko. 

Noiz hasi zinen saioa prestatzen?

Gai jartzaileak astebete lehenago bidaltzen dizkigu doinuak, eta egunean bertan tonuak aukeratzen ditugu, bertsolari bakoitzaren tesituraren arabera. Doinuak errepikatu egiten direnez, trebezia hartu dut.

Zein izaten da lehenbiziko urratsa abestiak konposatzeko orduan?

Hitzak etortzen zaizkit lehenbizi. Gaia badudanean, errazagoa da hari musika jartzea. Gehienak erdaraz eskatu dizkidate, baina euskaraz ere baditut bi, eta kantu bat frantsesez egitera ere animatu nintzen.

Nola deskribatuko zenuke zure estilo musikala?

Kantautorearen estiloa. Oso gauza lasaiak gustatzen zaizkit, baina denetarik pixka bat atera zait.

Zenbateraino da gozagarri lana?

Musika nire bizitzako arlo guztietan dago: entzuten dudanean, kantatzen dudanean, dantzatzean… Gitarra klaseak ere ematen ditut, eta egunerokoan belarriak eramaten nau toki guztietara, nire radarra da.  

Sanferminetan gozatzeko tartea ere hartzen duzu, ezta?

Gazteagoa nintzenean, pila bat gozatu nituen, pila-pila bat. Aste barrenean batez ere, herrikoiagoak direnean. Kontzertuetan baino, maiteago dut txoko txikietan egotea, peñekin eta txarangarekin. Horiek dira niretzat benetako sanferminak.

Zein da zure egunik gustukoena?

Niretzat, uztailaren 7a beti izan da egun berezia, lehenago Iruñeko Los Amigos del Arte orkestran jotzen bainuen, eta beti elkartzen ginen. Parrandazale amorratua izan naiz, baina orain beste lasaitasun batekin bizi ditut sanferminak: pare bat egunekin nahikoa.  

Espektakulu, orkestra eta antzezlanetan parte hartu duzu. Zer-nolako esperientzia izan da?

Musika zubi bat da niretzat, jendartean komunikatzeko eta pertsonengana ailegatzeko modu bat, beti bueltan datorrena publikoarekin. Pila bat maite dut ikuskizunak eta antzezlanak egitea, denentzat onuragarria den zerbait egiteak zentzua ematen baitio musikari eta nire lanari. 

Jarduera horien artean, zein aukeratuko zenuke?

Antzerkia, lanketa pertsonala izan baita niretzat. Batez ere, beldur eszenikoari aurre egiten lagundu dit. Ikasi dut gu zubia bakarrik garela, eta mezua dela garrantzitsuena.

Etorkizunari begira, baduzu proiekturik eskuen artean?

Konposatzea gustatuko litzaidake. Nire motorra beti da jendeari lagungarri egingo zaion zerbait egitea, eta sormenezko zerbait egiteko gogoa dut. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.