Musika tresnen balioa

Musika sortzeko, instrumentuaren beharra dute musikariek, eta etengabe erabili behar horrek harreman berezia sor dezake bi aldeen artean. Musika garai berrietara moldatu den arren, geroz eta luthier gutxiago daude Euskal Herrian.

Igor Carballo musika tresna konpontzailea, Pasai San Pedron duen tailerrean
Igor Carballo musika tresna konpontzailea, Pasai San Pedron duen tailerrean. GORKA RUBIO / FOKU
urko iridoy alzelai
2024ko otsailaren 29a
05:00
Entzun

Jostunek orratza behar dute josteko, sukaldariek zartagina kozinatzeko, futbolariek baloirik gabe ezin dute jokatu, autobus gidariek autobusa behar dute, eta, era berean, musikariek, abeslariek izan ezik, haien musika instrumentua behar dute musika sortzeko. Milaka musika tresna daude munduan, eta musikari ez direnentzat gehienak ezezagunak izan arren, instrumentu bakoitzak musikari bat dauka atzean. Kultura bakoitzean hainbat musika tresna aurkitu daitezke, eta kultura horien ikur bilakatu dira asko. 1995. urtean, duela 43.000 urteko txirula bat aurkitu zuten Eslovenian; hortik ondorioztatu zuten egunerokoan erabiltzen diren objektu asko baino zaharragoak direla musika instrumentuak. Lehen, hezurrez, egurrez, harriz edo buztinez egindako tresnak izaten ziren, eta komunikazioa zuten helburu nagusia, ehizan eta erritualetan erabiltzeko, gehienbat. Gaur egun, berriz, aisialdirako erabiltzen dira gehienak, musika sortzeko eta horrekin disfrutatzeko. Sormen prozesu horretan, musikariak ordu asko pasatzen ditu tresnarekin, eta horrek harremana eraikitzen du bien artean.

Oier Etxaburu (Hondarribia, Gipuzkoa, 1987) pianista profesionala da. Azken hamarkadan ehunka kontzertu eman ditu, bakarlari eta laguntzaile moduan. Gaur egun, musikari aritzeaz gain, irakaslea da Bilboko Arriaga kontserbatorioan. «Niretzat, nire lan tresna da pianoa, baina kontzeptu hutsal horretatik harago doa harekin dudan harremana. Egunero jotzen dut pianoa; ez dut gogoratzen pianoa jotzen hasi aurreko nire bizitzako momenturik». Musikariak, normalean, txikitatik hasten dira musika tresnekin «jolasten», eta, horregatik, Etxabururen ustez, «ia bizitza osorako lotura» sortzen da bien artean. Igor Carballok (Pasaia, Gipuzkoa, 1973), berriz, musika tresnak konpontzen ditu Pasai San Pedron, bere tailerrean, eta musikariaren eta musika tresnaren arteko harremana «estua eta pertsonala» izan daitekeela azaltzeaz gain, «maitasunezkoa» izan daitekeela ere adierazi du.

Marta Cara (Granada, Espainia, 1989) Etxabururen lankidea da kontserbatorioan, eta hark ere pianoa du lanerako tresna. «Nire pianoarekin lotura erabatekoa da. Egunero hainbat piano erabiltzen ditut lanorduetan, baina ez naiz egoten nirearekin bezain eroso. Ez dakit zerk sortzen didan beste tresnekiko beldur hori, baina beti pentsatzen dut nirearekin hobeto joko nituzkeela piezak, beste pianoak nirea baino txarragoak direla», azaldu du Carak. Ogibide bereko kideekin ados dago Ane Encabo ere (Irun, Gipuzkoa, 2000), gitarrista profesionala: harreman «estua» sentitzen du hark ere, gorputzaren «luzapen baten moduan» identifikatzen du bere gitarra, gorputzeko zati bat balitz bezala. «Nire gitarra ez den bat hartzera behartuta nagoenean, lotura sortzen dut beste horrekin, baina ezin da inoiz alderatu nirearekin; oso desberdina izaten da sentsazioa», esan du Encabok.

«Guk pianoarekin dugun harremana handia izan daiteke, baina, nire ustez, instrumentista askorekin alderatuz, hotzagoa da». OIER ETXABURUPianista

Carballok azaldu du musikariaren eta instrumentuaren arteko maitasun lotura ez dela gauzatzen beti: «Badaude kasuak non, musikariak ez badu tresnarekiko maitasun hori sentitzen, aldatzera behartuta ikusten duen bere burua. Musika sentitu egin behar da, eta, musika jotzen duzunean, tresnarekin bat egin behar duzu». Metalezko instrumentuak konpontzen ditu Carballok, eta horiek edozein lekutara eraman daitezke, ikasgelatik kalera edo edozein kontzertutara. Musikari hondarribiarrak argi dauka pianista batek ezin duela tronboi jotzaile edo saxofonista batek bere instrumentuarekin duen harremana lortu, pianoa ezin baita mugitu, eta horrek, beste hainbat erabiltzera behartzen baititu: «Guk pianoarekin dugun harremana handia izan daiteke, baina, nire ustez, instrumentista askorekin alderatuz, hotzagoa da».

Musika instrumentuak ez dira merkeak, eta, horregatik, Carballok adierazi du bere lana «kontu handiarekin» egin behar izaten duela: «Mediku batekin alderatzen dut neure burua, eta ekartzen dizkidaten tronpeta, bonbardino edo klarineteak nire gaixoak dira. Medikuak gaixoa tratatzeko orduan duen kontu berberarekin aritzen saiatzen naiz, badakit-eta jabeek zer estimu dieten beren tresnei». Instrumentu bakoitza «aurrekoarekiko desberdina» dela gaineratu du. «Eta bakoitzak konpontzeko modu bat du. Horregatik, denak modu oso pertsonalean jasotzen ditut tailerrean».

Oier Etxaburu eta Marta Cena pianistak
Oier Etxaburu eta Marta Cara pianistak. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Carak «kezkaz» bizi ditu konponketa momentuak: «Sarritan asko larritzen naiz pianoa konpondu behar izaten dudanean. Azken finean, urte askoko harremana sortzen da, eta beldurra izaten dugu hainbesteko estimua diogun musika tresna bati zerbait gertatuko ote zaion. Uste dut estimu horregatik ezin izaten ditudala saldu nire pianoak». Emozio horiek berak bizi izan ditu Encabok ere: «Beti kontu handiarekin ibiltzen naiz gitarra hartzean eta uztean, eroriko ote den beldur horrekin. Behin lurrera erori zitzaidan, eta oso gaizki pasatu nuen».

Prezioa eta kalitatea

Prezioak gora egin ahala, Carak uste du, «logikoki», kalitateak ere gora egin beharko lukeela, baina aldaketa asko nabaritzen dela marken artean. Kalitate oneko instrumentuek, normalean, mila eurotik gorako prezioa izaten dutela azaldu du Carballok. «Denetariko prezioak aurkitu ditzakegu merkatuan, eta bakoitzak bere berezitasunak izango ditu. Markak alderatzen hasiz gero, soinu tinbre desberdin asko daude; oso zabala da mundu hori. Hala ere, instrumenturik garestiena erosi arren, nire ustez, musikariak %80 jartzen du, eta %20 da tresna. Musikaria ez bada abila, ez bada ona, ez du soinu hobea aterako diru asko gastatu arren», esan du Carballok.

«Luthier batek eskuz egindako gitarra bat seriean egindakoa baino garestiagoa izango da normalean, baina, era berean, baita hobea ere; eskulana ordaintzen ari zara, azkenean». ANE ENCABO Gitarrista

Etxaburuk, aldiz, prezioa baino gehiago, «ohiturak» nabarmendu ditu: «Piano berri eta garesti bat aurrean izan arren, agian hobeto joko duzu urte askoan zurekin eduki duzunarekin, ohitu egiten baitzara horrekin musika egitera». Gaur egun, musika tresnen marka askok seriean egiten dituzte instrumentuak, fabrika automatizatu handietan. Gitarrista irundarrak bereizi egin ditu eskuz egindako gitarrak edo seriean egindakoak: «Luthier batek eskuz egindako gitarra bat seriean egindakoa baino garestiagoa izango da normalean, baina, era berean, baita hobea ere; eskulana ordaintzen ari zara, azkenean. Baina merkatua oso zabala da, eta prezioaren eta kalitatearen balantzan milaka aukera daude».

Ane Encabo gitarrista
Ane Encabo gitarrista. ANDONI CANELLADA / FOKU

Kalitatearen eta prezioaren arteko eztabaidan, Carballok argi du tresna merkeek ez dituztela betetzen bete beharreko gutxienekoak: «Duela urte batzuk merkatu txinatarra sartu zen instrumentuen munduan, eta iruzur bat dira. Tresna oso merkeak dira, baina, nik beti esan izan dudan moduan, erabili eta botatzeko instrumentuak dira. Ez dute inolako kalitate kontrolik pasatu behar izaten, eta batzuetan akats txiki askorekin iristen dira fabrikatik».

Konpontzaile eta luthier gutxi

Zaila da gaur egun musikariaren instrumentua konponduko duen profesional bat aurkitzea. Normalean, musikari bakoitzak bere konfiantzazko tailerra izan ohi du, baina askok, urteak aurrera joan ahala, haien negozioa itxi egin behar izan dute. «Euskal Herrian piano afinatzaile gutxi daude, eta zaila da konfiantzazko norbait aurkitzea. Normalean pianoa ez da hausten, oso zaila da soka bat apurtzea edo egurra pitzatzea, baina afinazioa oso garrantzitsua da», adierazi du Carak. «Nik neuk inoiz ez dut joan beharrik izan konpontzaile batengana. Behin erori egin zitzaidan gitarra, eta, konpontzaile batengana joan ordez, gitarra hori egin zuen luthierrarengana joan nintzen, Valentziara [Herrialde Katalanak]. Orain dudan gitarra Granadako luthier batek egindakoa da. Beraz, edozein arazo sortzen bada, hara joan beharko dut», azaldu du Encabok.

Konpontzaileen ikuspegitik ari da hizketan Carballo. Hogei urte baino gehiago daramatza bere tailerrean, musikariek eramandako instrumentuak konpontzen. «Nik Cuencan [Espainia] bi urteko ikastaro bat egin nuen, oinarrizko gauzak ikasteko. Baina, ondoren, nire lanetik ikasi dut, esperientzia gutxinaka bereganatuz». Gaur egun, gutxi dira pasaitarra gisa lan egiten dutenak, baina, era berean, musikari kopurua ez da jaisten. «Musika eskolek instrumentu asko ekartzen dizkidate ikastaroa hasi baino lehen, akats guztiak konpontzeko. Beraz, ikusten dut musika jotzen duten pertsonen kopurua ez dela murrizten. Lan gogorra da gurea, eta nabarmendu behar da hau dena eskulana dela, ez dagoela makinarik non saxo apurtu bat sartzen duzun, eta konponduta ateratzen den».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.