Tafallan (Nafarroa) hasia da atzerako kontaketa. Bihartik abuztuaren 20ra bitartean, hiriko kaleak jendez eta musikaz beteko dira, denak zuri eta gorriz jantzita: mundu guztiarentzako ekitaldiak izango dira. Jaia bihar 12:00etan hasiko da, udaletxeko balkoitik suziria botatakoan. Ondoren, musika banda, Tafallako hiru peñak eta gaitari eta txistulari taldeak hiriko kaleetan ibiliko dira, musika txoko guztietara eramanez.
Bihar 18:00etarako, jota jaialdia antolatu dute Auzo Etxean, Tafallako Rondallak lagunduta, eta 18:30ean, berriz, umeentzako ikuskizuna egingo dute piratek. Geroago, 20:00etan, jaietako ekitaldi ezagunenetako bat izango da: salberako igoera. Hirurehun metro eskas daude Tafallako udaletxetik Santa Maria elizara, eta bide hori, edozein egunetan, hamar minutuan egin daiteke oinez. Bihar, ordea, hiru ordu ere iraun dezake ibilbide horrek, mazolariak, klarinak, tinbalak eta La Tafallesa Musika Banda elkartzen baitira, guztiak Tafallako peñen aurretik.
Ibilaldia osatu eta gero, suzko zezena aterako dute, 21:45ean. Gero, 23:15ean, haurrentzako proiekzioa antolatu dute Santa Maria atarian, Oink-oink filma ikusteko. Haurrek filmarekin gozatzen duten bitartean, musikak Nafarroa plaza hartuko du. 23:30ean, Koxkor taldea agertokira igoko da, jaiak musikaz betetzeko parte hartuko duen lehen taldea izango baita. Hurrengo egunetan, gaitariak, mariatxiak, txistulariak, The One eta Estopaos taldeak igoko dira Nafarroako plazan muntatutako agertokira, besteak beste.
Raimundo el Canastero
Musikak beteko ditu Tafallako kaleak, baina doinuak itzaltzeko saiakerak egon dira. UPNk mozioa aurkeztu zuen udalak Raimundo el Canastero taldearekin zuen kontratua amaitzeko. Ez da taldeak zentsura probatzen duen lehendabiziko aldia, Lizarrako jaietan UPNren salaketa jaso baitzuen, Beff D’ Alda abestian alkatearen aurkako «irainak» eta «mehatxuak» erabiltzea leporatuta. Lizarrako Udalak hartutako erabakien aurkako abestia egin du Raimundo El Canastero taldeak: «Gora Lizarrako txosnak; fuck [izorratu] UPN, PSN eta herri mugimenduari erasotzen dion edonor». Horren harira, Lizarrako alkate Marta Ruiz de Aldak udalbatzarrerako deia egin zuen, «heriotza mehatxuak» egiten ari zitzaizkiola salatuta. Salaketaren kontura taldeko abeslaria ere deklaratzera deitu zuten, eta deklaratu ostean aske utzi.
Argudio bera erabili dute Tafallan: «Raimundo el Canastero Lizarrako alkatearen aurka egindako heriotza mehatxuen eta adierazpen matxisten egilea da», esan zuen UPNko Amaya Orduñak. Azkenean, UPNren proposamena atzera bota zuten, kontrako bederatzi botoekin eta aldeko zortzirekin. Taldeak bere doinuekin beteko du Nafarroako plaza igandean.