ATZEKOZ AURRERA. Idoia Asurmendi. Musikaria

«Musika modu ezberdinetan ulertu dut nire bizitzan zehar»

Pandemiak bete-betean jo duenean hasi da Asurmendi musikaren munduan lehen pausoak ematen. Musika ez ezik, beste arlo artistiko batzuk ere landuko ditu 'Ilun eta abar' proiektuan.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
jone arruabarrena
2020ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Txikitatik izan du soinu banda Idoia Asurmendiren bizitzak (Aramaio, Araba, 2000). Etxean hasi zen musikarekin jolasean, eta, ustekabean, Musikenen bukatu du orain. Pedagogian espezializatuko da aramaioarra. Kutxa Kultur beka irabazi ondoren, bere lehen proiektuan lanean ere badabil: Ilun eta abar.

Kutxa Kultur beka irabazi duzu. Nolakoa izan da bidea?

Institutuan ezagutu nuen Maria Oses, eta berak poesia idazten zuen. Garai hartan hasi ginen bion artean kantuak sortzen: berak letrak idazten zituen, eta nik musikatu egiten nituen, baita alderantziz ere. Geroago, proiektua Kutxa Kultur programan aurkezteko aukera sortu zenean, hiru bat kanta eginak genituen, eta horiek aurkeztea erabaki genuen.

Bekari esker aurkeztu duzu Ilun eta abar proiektua. Zer landu duzu bertan?

Ez nuen proiektu musikal soil bat izaterik nahi. Garrantzi handia ematen diet letrei, eta argi utzi nahi nuen Mariaren lana ere bazegoela kantuen atzean, eta poesiaren gisako beste arlo artistiko bati aitorpena ere egin nahi nion.

Arlo bisualari ere garrantzi berezia eman diozu.

Bai, marrazten duen lagun baten laguntzaz. Artistaz inguratuta nago, eta horri balio bat ematea garrantzitsua da. Arlo bisuala oraindik ez daukagu oso argi, baina, diskoaren diseinuaz harago, kanturen batekin zerbait berezia egin nahi dugu, marrazki bat edo animazio bat. Niri ere marraztea asko gustatzen zait, eta ilusio berezia egiten zidan arlo bisuala txertatzeak.

Zer da musika zuretzat?

Musika, niretzat, nire bizitza osoan oso presente eduki dudan zerbait da, baina modu ezberdinetan ulertu izan dut. Txikitan agian inkontzienteki, etxean. Orain, berriz, kontzienteki, horretara bideratu dudalako nire jardun profesionala,barnean dudana azaleratzeko hizkuntza gisa.

Txikitatik izan omen duzue etxean musikarako joera. Zer dela eta?

Gurasoak oso musikazaleak dira, eta etxean musika asko entzun dut beti. Aitak kontzertuetara ere eramaten gintuen.

Gurasoen kontua izan da orduan?

Nire ahizpa ere, beste lanbide bat ikasi zuen arren, Londresera joan zen kantua ikastera, eta niretzat erreferente bat izan da.

Zerk eraman zintuen zaletasun huts edukitzetik zure bizitza musikari ematera?

Batxilergoa bukatutakoan sortu zitzaidan zalantza. Ordura arte, musika zaletasun gisa ikusten nuen, mundu guztiak bere bizitzan zeukan zerbait bezala; nire lagunek entzuten zuten, eta nik ere bai. Baina, azkenean, pixkanaka, ikusi nuen beste edozein lanbide bezalakoa izan daitekeela. Neure buruari galdetzen nion: hau egin behar dudala sentitzen badut, zergatik ez? Eta azkenean, musikariok ere borrokatu behar gara jendeak musika beste lanbide baten moduan ikus dezan.

Pedagogia ikasten ari zara Musikenen. Zertan datza? Zer egin nahi duzu gero horrekin?

Lau urteko gradu bat da, eta bertan musikari lotutako hainbat arlo lantzen dira: umeentzako zuzendaritza korala, musika terapia, irakaskuntza... Oraindik ez dut erabaki zer egin nahi dudan horrekin, baina ari naiz buelta batzuk ematen.

Bakarlari moduan hasi zenuen ibilbidea, baina orain talde bat osatu duzu. Zerk eragin du jauzia?

Beka lortu nuenean, ikusi nuen aukera polita izango zela beti jo izan ditudan kantuak nolabait janzteko. Akustikoa asko gustatzen zait, baina banda batek bestelako babes bat ematen du. Diskoa grabatzeko talde bat sortu nuen Oriol Flores, Joanes Ederra eta Andoni Garciarekin, eta zuzenekoetan ere, jendeak igartzen du ezberdintasuna.

Nolakoa da musikaren mundura sartzen hastea pandemia garaian?

Talde askok bertan behera utzi behar izan dituzte kontzertuak, herri askotan ez zituztelako talde handiak nahi. Nire kasuan, ordea, kontzertuak taldean edo bakarka jo ditzaket; orduan, bi formatu ezberdin eta bi aukera eskaintzen ditut, eta, alde horretatik begiratuta, abantaila izan dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.