Ander Berrojalbiz. Biolin jotzailea

«Musika hobeto ulertzeko informazioa bilatzen eta eskaintzen dugu»

Khantoria taldeko kidea da Ander Berrojalbiz, eta antzinako musika jorratzen du beste bi kiderekin batera. Musika sortzeaz gain, musika klasikoa eta ikerketa historikoa uztartzen dituzte.

2012ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
2010ean sortu zen Khantoria taldea, baina XXI. mendea ahaztu, eta iraganeko musika lantzen dute. Bertako kide da Ander Berrojalbiz (Durango, 1983), eta kontzertua emango dute gaur, 20:00etan, Bermeoko Santa Maria elizan (Bizkaia).

Antzinako musika jotzen duten talde gutxi daude; zer eskaintzen duzue zuen kontzertuetan?

XVI., XVII. eta XVIII. mendeko musika jotzen dugu, orduko musika tresnekin eta orduko teknikak jarraituz. Nik biolin barrokoa jotzen dut, Maider Lopezek biola barrokoa, eta Virginia Gonzalezek klabezina, pianoaren arbasoa. Ikerketen bidez eta garai hartako iturriak irakurriz, orduko musika ezagutzen ahalegintzen gara, eta, ondoren, kontzertuetan islatzen dugu. Gaurko emanaldian, Tomas Luis de Victoriaren musikan oinarritutako programa bat jarraituko dugu. XVI. mendean Avilan (Espainia) jaiotako musikaria da, eta haren musika guztia bokala da, hau da, abeslarientzat egina. Hala ere, badaude beste musikari batzuek haren musikaren gainean egindako bertsio instrumentalak, ornamentuz beterikoak, eta guk horiek berreskuratu ditugu. Abeslarientzat ziren obra horiek geure musika tresnekin jotzen ditugu, eta orijinalak diren ahotsei apaindurak, nota berriak eta inprobisazioak gehitzen dizkiegu.

Nondik datorkizue iraganeko musika jotzeko interesa?

Hirurok txikitatik jo dugu musika tresnaren bat. Ikasketak aurrera joan ahala, esparru jakin hau dago musika hezkuntzan, eta interesa piztu zitzaigun. Nik, adibidez, beti izan dut harreman estua Historiarekin, eta esparru horrek batzen zituen nire bi interesak, musika eta ikerketa historikoa. Ez dugu musika soila egiten:musika hobeto ulertzeko informazioa bilatzen eta eskaintzen dugu. Oso mundu zabala da, eta bakoitzaren ideiak eta intuizioak planteatzeko askatasun handia dago.

Bereterretxeren oinatzak izeneko ikerketa ere aurkeztu duzue hitzaldi-kontzertu batzuen bidez.

Duela gutxi estreinatu genuen programa hori, eta larunbatean Lekeition eskainiko dugu. Lekeitioko emanaldia herrikoiagoa izango da, eta gaurkoa, aldiz, ortodoxoagoa. Gure musika herrikoiaren eta Erdi Aroko musika liturgikoarenarteko harremana erakutsi nahi dugu. Hortik abiatuta, ikerketa txiki bat egiten hasi ginen, eta espero genuen baino informazio gehiago topatu genuen. Kontzertuetan bidaia txiki bat egiten dugu, eta IV. mendetik XVI. mendera arteko elizako musika jotzen dugu. Himno horietan guztietan Bereterretxeren khantoria-ren lehen bertsoa agertzen dela ohartu gara. Melodia horrek espazioan eta denboran izan duen bidaia azaltzen dugu. Erakusten dugu posible dela melodia batek mendeetan Europan barrena bidaiatzea eta XV. mendeko Zuberoara iristea.

Zuen kontzertuetara doazenei musika arloan jakintza izatea eskatzen diezue?

Ez, guztiz aurkakoa da. Abestien artean azalpen laburrak ematen ditugu, eta hor azaltzen dugu zer joko dugun. Abestien arteko ezberdintasun batzuk argi entzun daitezke, eta beste batzuk agian sofistikatuagoak dira. Dena den, gure kontzertuetara etortzeko ez da beharrezkoa ezer jakitea. Beti ziurtatzen diegu entzuleei jakingo dutela zer entzun duten, eta musikan adituak ez izan arren, ziur zerbait berria eramango dutela etxera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.