Ezarian. Euskal Herria Zuzenean

Musika geratu gabe

Euskal musika eta Euskal Herriari lotu eztabaidak izan dira nagusi EHZ jaialdiaren bigarren egunean, giro onez lagunduakGaur, The Abyssinians, Bebe, Vendetta eta Su Ta Gar taldeak ikusi ahal izango dira

17 Hippies taldekoek zabaldu zuten atzo arratsean Gibelherri guneko egitaraua. GAIZKA IROZ.
Heleta
2012ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Heletako pentzeak jendez gainezka daude egun hauetan. Batez ere, kontzertuen orduetan. Atzo, arratseko zazpietatik goiti hainbat musika estilo entzuteko aukera izan zen:17 Hippies talde alemaniarrak eman zion hasiera oholtza handiko ikuskizunei. Nahiz eta ordurako eguraldia goibeldu, euriak ez zien festibalariei ongi pasatzea galarazi. Youssoupha rap kantariak jende mordoa biltzen jakin zuen, halaber, Esne Beltza eta Lisabo taldeen gisara. Brasilgo Sepultura taldearen kontzertuan, zale guziak pozak lehertzear izan ziren kontzertu garaian. Heletako pentzea bete egin zen.

Baina Heleta egun osoan izan zen jendez inguratua. Euskal Herria Zuzenean jaialdia pixkanaka esnatzen joan zen goizean. Zortzietarako herriko ostatuak kafea zerbitzatzen hasiak ziren, eta jendea apurka-apurka oihal etxeetatik ateratzen. 10: 30erako, Heletako (Nafarroa Beherea) herriko plazan giro ona zen nagusi, eguraldi ederra lagun.

Jaialdiko egitaraua 10:15etik goiti eman zen abian, Orkestra musika taldearen doinuekin. Musika talde ibiltaria, txoko batetik bestera ibili zen herrian barna, gitarra, bateria eta kantariaren ahots indartsuaren oihartzunak txoko guzietara heldu zirela. «Gaur goizean giro onarekin esnatu gara, eguna ongi hasi dugu. Iduri du atzo jendea ez zela asko pasatu eta oraindik energia gelditzen zaigula», azaldu zuen Ibai Agerretxe Colina festibalariak.

Erregelu gunean, eztabaida eta gogoeta sustatzeko eremuan, goizetik hasi ziren ere hainbat saio egiten. Sextabaida deitu tailerra izan zen lehena, eta 30 lagun inguru bildu zituen. «Hainbat joko egin ditugu sexualitatearen gaiari buruz. Oso aberasgarria izan da, besteekin hitz eginez, bakarrik, inoiz ohartuko ez ginen gauzetaz ohartzeko bidea eman digulako. Tabuak, bere burua errepremitzea... gaiak aipatu ditugu», azaldu zuen Maialen Txoperena festibalariak. Ondotik, gune berean, Asisko Urmeneta eta Edorta Urretameñak, Nafarroaren Erreinuaren Konkista aurreko konkista deitu hitzaldia eman zuten.Urretameñak Euskal Herriaren historia era umoretsuan azaldu zuen, bitartean Asisko, marrazterako duen gaitasuna lagun, historia irudikatzen ibili zen. «Ez gara historialariak, baina uste dugu zilgitasuna dugula guk bizi duguna eta gure historia kontatzeko, gurea ere bai baita historia, ez soilik akademikoena», azaldu zuen Urretameñak.

Geroxeago, doinu serioagoa hartu zuen lurraldetasunari buruz izan zen mahai inguruak. Euskal Herriko eta nazioarteko ordezkari ugari egon ziren, bakoitzak bere herrian garatu duen egitasmoa azalduz. Egun, munduan bizi den krisiak alternatiba bakarra ez duen ideia aldarrikatu eta beste era bateko jendarte eredu bat sor daitekeela esan zuten, besteak beste.

Rapa eta dantza

Bazkalondotik, Antxarteta gunean, 2zio taldea igo zen oholtza gainera, rap topaketari hasiera emanik. Hasieran, jende gutxi zebilen inguruan, baina giroa ematen jakin zuten, guneak beterik bukatu baitzuen kontzertua aitzina joan ahala. «Egiten dugun raparen bidez, aldarrikapenak helarazten ditugu, gure eguneroko kezkei loturikoak, betiere euskaraz; Euskal Herriaren egoera, presoak, edo krisia izan», azaldu zuen Odei Barrosok, taldeko bi kantarietako batek, sortu giroaz pozik.

Plazan ere giroa berotuz joan zen arratsaldea aurrera joan ahala. Dantzaz konpainiak, publikoa erabat bereganatzea lortu, eta emozioz eta artez josi zuen plaza. Ehunka lagun begira izan zituzten, Ken 7 musika taldearen doinuen kulunkan, suaren eta sareen inguruan dantzan ibili zirela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.