Proposamenak

Musika eta zientzia bat

Hamar musika eta bideo estreinaldi egongo dira Nafarroako Nak jaialdian. Diziplina ugari batuko dira hilaren 28ra arte

2019ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Musika eta zientzia uztartuko dituzte Nak Nafarroako Musika Garaikidearen jaialdiaren bosgarren aldian. Gaur hasi eta 28ra bitartean, kontzertuz, tailerrez eta hitzaldiz betetako hainbat diziplina biltzen dituen egitaraua egin dute; saio guztiek musikaren eta zientziaren arteko harremana zein den azaltzea dute helburu.

Guztira hamar estreinaldi izango dira jaialdian: horietatik bost musikaren ingurukoak, eta gainerako bostak bideoak izango dira. Horrez gain, lehen aldiz Nafarroan interpretatzen diren 25 obra baino gehiago aurkeztuko dituzte. Euskal Herriko konpositoreek ez ezik, Argentinako, Herri Katalanetako, Alemaniako, Errusiako eta beste hainbat herrialdetako musikagileek ere hartuko dute parte jaialdian. Orotara, 100 artista baino gehiago izango dira: musikariak, zientzialari dibulgatzaileak eta bideo sortzaileak, besteak beste.

Musika garaikidearen eta zientziaren alor ezberdinen arteko harremana aztertzea da jaialdiaren oinarria. Yolanda Campos jaialdiko zuzendari artistikoak uste du neurozientziari ere garrantzia eman behar zaiola: «Frogatuta dago musikak eragina duela garunean. Instrumentu bat jotzen ikasteak ondorio onuragarriak ekartzen ditu: neuroplastikotasuna batetik, eta garuneko konexio berriak sortzea bestetik».

Doinuak eta izarrak

Fabio Alvarez piano jotzailearekin hasiko da jaialdia gaur, George Crumb musikagileak konposatutako Makrokosmos obrarekin. Bihar, berriz, matematika, izarrak eta musika nahastuko ditu Neopercusion taldeak.

Hilaren 12an, berriz, Alicia Torrea piano jotzaileak kontzertua emango du sinestesia ardatz hartuta: Musica sinestesica. Era berean, Miren Karmele Gomez zientzia dibulgatzailea sinestesiaren nondik norakoez mintzatuko da, bere esperientzian oinarrituta. Hurrengo egunean, Santiago Martinez klarinetistak, instrumentuaren beraren familiako soinuez mintzatuko da.

Azken kontzertuak astrofisika izango du oinarri: Kosmos 3.0 Los sonidos del espacio. Musika garaikidearen eta espazioko soinuen arteko harremanaz mintzatuko dira David Bernues, Martin Etxauri eta Sandra Vallejo bideo sortzaileak eta Javier Armentia astrofisikaria.

Nak jaialdia



Gaur hasi eta hilaren 28ra arte, Nafarroan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.