Garai latzetan jendeak gertuko giza harremanetan aurkitzen du sostengua, haur baten barrean edo unean uneko bizipozean. Mezu baikorra dute Urtzi Urkizuk Kezka bat gutxiago liburuan (Maiatz argitaletxea) bildu dituen poema gehienek, poeta malenkoniatsuen estereotipotik urrun. Poz hori hitz eta musika ikuskizun bihurtuko du poetak berak, Urko Menaia musikariaren laguntzarekin, Donostian.
«Hatzaren puntan haizea epela / belauniko beharra zorabio ertzean / zauriak strip-tease mingarria azalean / kaleko oinetakoek kriskitin erritmoan»... Urkizuren Itzali gabeko arratsa poemaren hasiera da. Literaturaz landako artistekin lankidetzan aritzen ohi da poeta, eta liburuko olerki hori zein Unea bizi eta gozatu pieza bideopoema bihurtu ditu Iban Roizekin eta Xabier Zapirainekin, hurrenez hurren (vimeo.com).
Gaurko emanaldian, bere poemak errezitatuko ditu Urkizuk. Menaiak lau kanta eskainiko ditu; tartean, liburuko olerkiekin osaturiko Ziria eta Arrazoi gabeko nahigabea.
Urkizuk beste liburu bat argitaratu zuen 2007an: Beta. Poemak eta narrazioak bildu zituen horretan.
Menaiak bi disko argitaratu ditu: Herriko kantak (2006) eta Ametsak eta oroitzapenak (2010).
ERREZITALDIA
Noiz. Gaur, 20:00etan.
Non. Kaxilda liburudendan, Donostian.
Musika eta poesia emanaldia
'Kezka bat gutxiago' liburuko poemak errezitatuko ditu Urtzi Urkizuk, Urko Menaia musikariaren laguntzaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu