Uztailaren 22tik 24ra izango da jaialdia, eta, oraingoan, musika eta itsasoa lotzea izango du helburu. Hiru eguneko ibilaldia izango da: Gipuzkoatik hasi eta Nafarroa eta Lapurdi zeharkatuz, Pasaiatik Azkaineraino. «Ibilbide txikia baina ederra izango dugu», esan du Migel Zeberiok, Et Incarnatus orkestrako zuzendariak.
Uztailaren 22an, goizean goiz, taldea Pasai San Pedrotik (Gipuzkoa) aterako da, eta Pasai Donibanerantz abiatuko da txalupan. Jaizkibelerantz joango dira gero, eta 18:00etan kantu herrikoien saio berezi bat izango da Erentzingo itsaslabarrean; Bioznar lurmuturraren gainean.
Hurrengo egunean, mendizaleak Hondarribira joango dira, han prestatu baitute musika egitarau berezia. Et Incarnatus orkestra eta Hondarribiko musika banda izango dira mendizaleek eta herritarrek gozatu ahalko dituzten kontzertuetako batzuk, beste hainbat ekitaldirekin batera. Azkaine izango da hirugarren egunaren helmuga. Bidean, Larhun mendian hain zuzen, Donostiako Orfeoiak eta Et Incarnatus orkestrak kontzertua emango dute, Errobiko joaldunek lagunduta. Arratsaldean, festa izango da Azkainen.
Dena ondo atera dadin, ez da makala antolatzaileek eta baita musikariek ere egin behar duten lana, eta hortaz oroitu da Juan Luis Silanes, Hondarribiko Udaleko Kultura zinegotzia: «Eskerrak eman behar dizkiegu, haiei esker gozatzen dugulako», esan du.
'Patatxa' bidelagun
Mendia eta itsasoa elkartuko ditu Urtantak, eta uretan lagun izango dute Elkanoren Patatxa ontziaren erreplika, Pasai San Pedrotik Azkaineraino iritsiko baita. Elkano fundazioa, Juan Sebastian Elkanoren mundu biraren 500. urteurrenarekin bat eginez, Urmuga elkartearekin elkarlanean aritu da egitasmo hori sortzeko: «Sarritan ez dago ezer berririk egin beharrik; norberarekin bat egiten duten proiektuak bilatu behar dira». Jon Irurtzun Elkano fundazioko kideak horrela azaldu du Urmugarekin sortutako proiektua.
Patatxa Azkaineraino iristea erronka handia izango da, antolatzaileek azaldu dutenez, marearen egoera dela-eta litekeena baita iritsiera erraztea edo zailtzea. Baikor azaldu dira, halere. «Dena puntu-puntuan izango dugu ontzia helmugaraino irits dadin», azaldu du Jean Louis Fournier Azkaineko auzapezak.
Urtantaren antzeko egitasmoek Euskal Herriko kultura eta izaerari ematen dioten bultzada azpimarratu nahi izan du Iker Goiriak, Gipuzkoako Foru Aldundiko turismo zuzendariak. Turismoa beste leku batzuetan sustatzeko aukera izango da Urtanta, Goiriaren hitzetan, «benetako esperientzia bat» baita.
Urtanta
Uztailaren 22tik 24ra, Pasai San pedrotik (Gipuzkoa) Azkainera (Lapurdi).