Zazpi egunez festarik festa ibili ostean, herriko jaien azken egunetan murgilduta bizi dira elorriarrak. Ferixa Nagusikoen azken asteburuan, ekitaldi ugariz gozatu ahal izango dira Elorriora (Bizkaia) joaten diren parrandazaleak. Besteak beste, kirolaz, gastronomiaz eta, nola ez, dantzaz gozatzeko aukera izango dute.
Gaurko goiza herriko nagusienentzat izango da. Hala, hildako erretiratuen omenez 12:00etan Sortzez Garbiaren Basilikan meza egin ostean, aitona-amonentzako hamaiketakoa egingo dute.
Arratsaldean, berriz, umeentzako ordua helduko da, eta 16:00etatik aurrera, herriko hainbat tokitan jarritako jolas parkeez gozatzeko aukera izango dute. Ondoren, kirolzaleek areto futboleko eta errugbiko partidak izango dituzte; 17:30ean eta 19:30ean, hurrenez hurren. Gerria mugitu nahi dutenek ere horretarako aukera izango dute Aldatsekuan izango den erromeria eta dantza txapelketan. Mugimendu exotikoagoek ere izango dute tarte bat, Arriola antzokian izango diren argentinar tangoekin. Gauean, musika ikuskizunen ordua izango da. Hala, 23:00etan, erromeria izango da Urarkan Caoba taldearekin, eta ordu berean, Ghertzainak, Hertzainak talde mitikoari gorazarre egiten dion taldea, eta The Mockers arituko dira gaztetxean.
Bihar, gauean parranda egin ez dutenek, goizean goiz jaiki, mozorroa jantzi eta sukalkia prestatuko dute. Elorrioko festetan ohitura bihurtu da hori dagoeneko.
Arratsaldean, areto futboleko partidak eta dantzaldia izango dira. Haurrek, berriz, jolas parkea izango dute 11:30etik 17:00etara bitartean. Ondoren, herriko plazan txokolate janarekin indarberrituta, kaleak kolorez eta alaitasunez beteko dira, mozorro eta karrozen jaitsiera izango baita 18:30ean. Bitartean, herriko plaza musikaz girotuko du DJ Oihan Vegak. Parrandazaleek, ordea, edalontzia kalera aterako dute eta taberna ibiltariarekin aseko dute egarria. Iluntzean, Correfoc taldeak Disco Death izeneko obra antzeztuko du, kalean dabiltzanen gozagarri. 23:30ean, herriko bazter guztiak jendez gainezka daudenean, Bebek eta Aracel taldeak musika doinuak jarriko dituzte, batak txosnetan eta besteak Urarkan.
Igandearekin Ferixa Nagusikoei agur esateko eguna helduko da. Hala ere, azken momentura arte ospakizunei probetxua aterako diete elorriarrek. Goizean, herriko plazara batzen direnek Kainabera gobernuz kanpoko erakundeak egingo duen elkartasun jaialdian parte hartuko du-te.
Eguerdian, Zelai eta Bihurri aita-semeen arteko desafioarekin, Urdax harri-jasotzaile gaztearekin eta Idoia Etxeberria aizkolariarekin herri kiroletako ikuskizun berezia izango da. Bazkaldu ostean, herriko bazter guztiek umeen danborradarekin burrunba egingo dute, eta, ondoren, bertsozaleek Casajara jauregian bertso saio bat izango dute, 18:30ean. Bertan, Alaia Martin, Aitor Mendiluze, Julio Soto eta Peru Madalena bertsolariak arituko dira. Iluntzean,Arrabots taldeak musika doinuak jarriko ditu.
Astelehenean, aurreko egunetan izandako idi proben txapelketako sari banaketa egingo dute probalekuan, 22:00etan.
Jaiak. Elorrio
Musika eta dantza nagusi azken egunetan
Astelehenean bukatuko dira Elorrioko Ferixa Nagusikoak, Idi Proben 48. Txapelketako sari banaketarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu