Koska irratiaren aldeko hip hop kontzertuak antolatu dituzte gaur gauerako Getxoko Itzubaltzeta gaztetxean. Hamar urte ditu irratiak, eta diru arazoei aurre egiteko prestatu dute guztia.
Bertsolariak, 121 Krew, Revolta Permanent eta Pablo Hasel (Lleida, Herrialde katalanak, 1988) izango dira. Azken horrek aurreneko aldiz abestuko du Euskal Herrian. Indar handia hartzen ari da Interneten zabaltzen dituen abestiengatik.
Kanta eta protesta uztartzen saiatu izan zara normalean. Bestela zentzurik ez al luke izango abesteak?
Nire kanta guztiak ez dira protestakoak, baina ezin dut onartu kanten gehiengoak eduki politikorik gabekoak izatea. Izan ere, azken finean, dena da politika.Orain oso modan dago «ni apolitikoa naiz» esatea, nahiz eta dena politikak baldintzatuta egon. Horregatik, musika eta artea sistema moldatzeko arma gisa erabili behar direla uste dut.
Elkarrizketa batean hauxe esan zenuen: «Abestuko ez banu, neure buruaz beste eginda edo kartzelan nengokeen». Zergatik diozu hori?
Rapak eta poesiak barruak husten lagundu didate beti. Hori egingo ez banu, gai politikoekin eta sistemarekin dauzkadan arazoen ondorioz, armetara pasatuta egongo nintzateke. Ez daukat dudarik, batez ere gauzak nola dauden ikusita. Odol beroko pertsona naiz, eta fusila hartzeko gogoa jartzen zait askotan. Beraz, bai, esaldikoa egia da.
Komunista zarela diozu. Nola ikusten duzu komunismoa nazioartean gaur egun?
Nik uste orain arte izan den Sozialismo Komunismorik sanoena Kubakoa dela. Egun dauzkan traba guztien gainetik, mila lezio ematen ari da herrialde garatuei. Hori bai, inor ez da kritikatik libratzen, eta, ezkerrak zerbait egin behar badu, autokritika egitea dela uste dut. Kubak badauzka onartzen ez ditudan gauza batzuk. Baina gutxienekoak dira, gehiengoekin guztiz ados bainago. Mundu guztirako eredua da Kubako iraultza, elkartasunean, internazionalismoan, osasungintzan eta hezkuntzan.
Komunismoa kasik Kuban bakarrik dagoela esango nuke; izan ere, Ipar Koreako komunismoa —nolabait esateagatik— ez dut osasuntsu ikusten. Argi dago oraingo komunismoan krisia dagoela, eta gero eta gutxiago garela. Oraingo krisiarekin ezkerrak ez duela aurrera egiten jakin erakutsi du; ez, behintzat, Espainiako Estatuan. Hori bai, Marinaleda herria (Espainia) eredu bikaina da, herri horretan komunismoan bizitzea posible dela erakusteko.
Nola ikusten duzu ezkerra Katalunian eta Euskal Herrian?
Luzerako ematen duten galderak dira, baina laburtzen saiatuko naiz. Uste dut euskal nazionalismoa eta Kataluniakoa oso ezberdinak direla. Ezker abertzalearen lana eredugarria delakoan nago. Kataluniako eta Espainiako ezkertiarrek haren eredua jarraitu beharko lukete, pena ematen baitute. Ikusten da ezker abertzalea —bere manifestazio etabarrekin— erresistentziaren eredu dela.
Katalunian ez dago hain ezker indartsua. Burgesiak nazionalismoa gidatu izan baitu beti. Oso ezberdinak dira bi egoerak. Ezker abertzalea irekiagoa dela ikusten da; Katalunian, berriz, sektarismo handia dagoela ikusten dut ezkertiarren artean.
Itzubaltzetako gaztetxera zatoz. Gogoarekin?
Bai, bai. Gogo handiarekin nator; gainera, beste batean ere etorri behar nuen Euskal Herrira, baina azkenean ezin izan nuen; beraz, gogotsu nago.
Pablo Hasel. Hip hop abeslaria
«Musika eta artea sistema moldatzeko arma gisa erabili behar direla uste dut»
Hamar urte bete ditu Koska irratiak, eta haren aldeko kontzertuak antolatu dituzte Getxoko Itzubaltzeta gaztetxean. Pablo Hasel abeslaria izango da bat; komunistatzat du bere burua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu