Festibala 10:00etan hasiko da, Le Select zineman. Bertan, musika eta arte proiekzioak eta Radiobalea izango dira, 19:00 arte. Radiobaleak aurtengo jaialdian bilduko diren musika estiloekin tailerrak egingo ditu. Horrez gain, Baleaonda DJ taldea eta Ruf Dug ariko dira. Ondoren, Batela ostatuan, DJak izango dira gauerdira arte; L'oeil de l'aigle bikotearen musika digitalarekin, Sam Fleischekin eta Baleaondarekin.
Bihar, berriz, Errepublika karrikan, Baleakaixo, Radiobalea eta Malibu ariko dira, 17:00etan, eta 20:30etik aurrera, Luis 14 plazan, Mostla Soundsystem eta Mohamed Lamouri DJaren txanda izango da. 22:30ean, Donibane parkean, Odel, Lovefingers eta Baleaondaren emanaldiak izango dira. Etzi, Zenitz hondartzan hasiko da eguna, 13:00etan, Radiobalearekin.
Dukontenia parkeak, berriz, musika eta artea uztartuko ditu. Musikari dagokionez, bi egunez jarraian, 19:00etan hasita, Zombie Zombie taldea, DJ Drunkat, Fusible taldea, Kate NV, Puzupuzu, Paraleloan, Use eta Don't DJ ariko dira.
Arteari dagokionez, besteak beste, Julius von Bismarckek arte plastikoak eta teknologia uztartuko ditu, eta Leny Lecointrek, berriz, arteak pedagogia egiteko balio duela erakutsiko du bere emanaldian.
Larunbatean ere Zenitz hondartzan hasiko da eguna, 13:00etan baita ere, Radialekin, Daniele Baldelliekin eta Epsiloverekin. Arratsaldeak ostiraleko egitarau bera izango du.