Batzuk, itzultzeko; eta, beste batzuk, agurtzeko. Baionatik Bilbora, Iparraldea kantuz jaia egingo dute gaur Euskalduna jauregian, Bilbon. Espazio eta denboran barrena musika bidaia egingo dute, iparraldeko kantagintza izan dena gogoratzeko.
Eta jaialdiak berak mugarria jarriko du historiaren ibilbide horretan. Alde batetik, Errobi taldearen itzulera taularatuko du. Euskarazko rockaren lehen harria jarri zuen Errobik, 1970eko hamarkadaren erdialdean. Anje Duhaldek eta Mixel Ducauk sortu zuten. Geroztik, Duhalde bakarka ibili da Euskal Herriko agertokietan, eta Ducau Caroline Phillipsekin aritu da, Bidaia bikotean. Errobi izango da azkena jotzen gaurko emanaldian. Baina Duhalde eta Bidaiaren proposamenak ere entzun ahalko dira.
Horiekin batera, Etxamendi eta Larralde arituko dira, Naia Robles, Erramun Martikorena, Niko Etxart, Maialen Errotabehere, Kantiruki eta Kalakan taldeak. Beste mugarria Pantxoak eta Peiok jarriko dute. Bikotearen azken emanaldia izango dela iragarri dute, eta 2012tik aurrera ez direla elkarrekin ariko. Halere, etenak ez duela zertan behin betikoa izan eman dute aditzera. 1960ko hamarkadaren bukaeran hasi ziren elkarrekin, eta, denera, hamalau disko grabatu dituzte.
IPARRALDETIK BILBORA
Noiz. Gaur, 20:00etan.
Non. Euskalduna jauregian, Bilbon.
Musika espazioan eta denboran
Baionatik Bilbora jaialdia gaur Bilbon: Errobik «kaixo berriro» esango du, Pantxoak eta Peiok, berriz, «agur».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu