The Kinks, Los Zigarros, Delirium Tremens, Billie Eilish, Habi, Pink Floyd... Gasteizko Vinylora dendako atetik sartu bezain laster, parez pare daude haien binilo disko entzunenak. Nazioartean ezagunak diren taldeen lanek, Euskal Herriko taldeen diskoekin partekatzen dituzte apalak. Detailez beteta daude paretak, eta binilozko diskoen erreproduzitzailean jartzen duten musika entzun bai, baina sentitu ere egin daiteke.
Duela hiru urte ireki zuten Gasteizko alde zaharreko Hedegile kaleko Vinylora binilo diskoen denda. Txiki eta Nagel Landa anaiek biniloak dendan bertan eta Internet bidez saltzen dituzte. Horrez gain, gainera, erosi ere egiten dituzte; ondoren, bigarren eskuko prezioan saltzeko. Nagelentzat, «beharrezkoa» da denda fisikoa izatea, baina badaki Internet bidezko salmentarik gabe «negozioak porrot» egingo zuela aspaldian.
Orratzak biniloa zeharkatu du azkenekoz. Diskoari buelta eman, orratza jarri, eta jiratzen hasi da berriz. Erreproduzitzaileak ez du etenik. Musika kontsumitzeko beste modu bat da biniloa, «musika irakurtzeko modu bat». Hain zuzen, hori sentitzen du Txikik binilo bat entzuten duen bakoitzean.
Estilo anitzeko diskoak ordena alfabetikoan daude. Musika klasikorako atal bat ere badute, adibidez. Binilozko diskoez interesatzen den jendea askotarikoa da egun. Punkak, rap zaleak, gazteak, adinekoak... Txikik nabarmendu nahi izan du askotarikoa dela dendara joaten den jendearen profila: «Mota guztietako jendea etortzen da dendara: esaterako, Stranger Things telesaila ikusi berri duen eta Metallicaren Master Of Puppets diskoa nahi duen 15 urteko gazte bat, eta bizitza osoa biniloen bilduma egiten daraman adineko pertsona bat».
Euskal Herriko askotariko taldeen biniloak ere aurki daitezke dendan. Pantxoa eta Peioren 1981eko Bakezko besarkada batean... diskoa, eta Delirium Tremens-ek aurten kaleratu duen Hordago lan luzea. Izan ere, ezinbestekoa da anaiek bertako musikaren alde egiten duten apustua. «Guretzat oso garrantzitsua da hemengo taldeen biniloak saltzea ere. Talde asko jartzen dira gurekin harremanetan; beste batzuetan, berriz, atera duten biniloa asko interesatzen bazaigu, gu jartzen gara harremanetan taldearekin», azaldu du Nagelek. Ondorioz, Euskal Herrian prestigioa hartu duen denda da.
Biniloen itzulera «ziklikoa»
Banatzaile bat iritsi da bat-batean bezero batek eskatu dien binilo disko batekin. Eddie Lockjaw Davis eta Johnny Griffin musikari estatubatuarren 1960ko Battle Stations albuma da. Txikik biniloa hartu bezain laster, garbitzen hasi da, bezeroari egoera onean hel dakion. Gero eta jende gehiagok eskatzen dizkie eskaera zehatzak. Izan ere, badira urte batzuk biniloak berriro modan jarri zirela. Txikirentzat, zerbait «ziklikoa eta naturala» da hori.
Binilo batean ezin dira abestiak pasatu erreproduzitzailea martxan dagoen bitartean; gutxienez, biniloaren alde bat hasi eta amaitu arte entzun behar da. Txikiren ustez, «denbora eskaini behar zaio» binilo bati; hain justu, entzuteko moduak bereizten baitu beste euskarrietatik. Nagelen ustez, normala da jendeak musika plataforma digitaletan entzutea. Halere, haren iritziz, «azkar kontsumitzeko modu bat da, entzun eta botatzekoa».
Biek eskatu dute biniloak denboran iraun dezala, eta ez dadila berriro ahaztu. Ez dituzte musika entzuteko beste euskarri digitalak baztertzen, baina azaldu dute biniloak entzutea «zerbait magikoa» dela.
ATZEKOZ AURRERA
Musika ere irakur daiteke
Gasteizko Vinylora binilo dendak hiru urte daramatza zabalik. Dendara joaten denak mundu osoko taldeen disko ugari aurkituko ditu. Horrez gain, Internet bidez saltzen dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu