ATZEKOZ AURRERA. Asier Capon. Burutik taldeko akordeoi jotzailea

«Musika begietatik entzuten da orain»

Ez, ez du trikitia jotzen, akordeoia baizik. Musikaz eta hura entzuteko maneraz aritu da, baita bere tresnaren defentsan ere: «Demostratu nahi dut akordeoiak balio dezakeela piano batek hainbeste».

IDOIA ZABALETA / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2022ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Rock banda batean akordeoia. Iruñeko Burutik taldea da, eta bihar aurkeztuko dute Hamabost segundo disko berria, Iruñeko Laba aretoan, 18:00etan. Akordeoi hori Asier Caponek jotzen du (Iruñea, 2001). Goi mailako ikasketetan ari da, karrikako musika bazter utzi gabe. Fanfarrean, elektrotxarangan eta bandan; jazza, klasikoa zein folklorea. Akordeoia nonahi sartzen du.

Heldu zarete trikitiaren monopolioa haustera?

Bai eta ez. Akordeoiarekin hasi nintzen ez zegoelako lekurik trikitia ikasteko. Euskal folklorea beti gustatu zait, eta ohartu naiz akordeoia trikitia balitz bezala erabiltzen dudala maiz.

Erromeria talde gisa hasi zineten. Zer momentutan erabaki zenuten horrelako itzulia ematea?

Bost mukizu ginen musika egiten saiatzen. Bertsioak egiten hasi ginen eta kontzertuak ematen. Naturalki hasi ginen bertsioak baztertzen eta gure kantak egiten.

Pandemia garaiko taldea zarete; 2019an hasi zen egungo Burutik taldea. Eragin dizue horrek?

Ez dakit, ez baitugu bestea bizi izan. Diskoa pandemia hastearekin batera kaleratu genuen, eta jendeak, etxean zegoenez, entzun egin zuen.

Orain bigarren diskoa atera duzue. Saltzen dira diskoak?

Ez dituzte entzungo, baina saltzen dira diskoak. Badirudi bildumagileak balira bezala erosten dituela jendeak: ireki gabe apalean gordetzeko.

Zuk aditzen dituzu diskoak?

Bai, baina bakarrik dutxan, irrati zahar batekin. Pentsa, autoan jadanik ez dugu diskoak entzuterik.

Diskoari 15 segundo irauten duen kantak ematen dio izena. Egungo bizimodu azkarraren isla da?

Bai. Entsegu batean Jokin eta biok eztabaidan ari ginen bi segundoko puska bati buruz. Batek esan zuen: «Ez zaitezte gogaitu, jendeak ez du entzungo; bakarrik 15 segundo Instagram edo Tiktoken». Zertarako egin luzeago, Instagramen 15 segundo entzuten badira?

Musika agudo kontsumitzen dela ikusteak kezkatzen zaitu?

Asko aldatu da entzuteko manera; jendeak superazkar kontsumitzen du: istorioetan sartu, eta 50 abesti bost minututan. Entzuteko era horri kritika egiten dio diskoak. Agian erokeria da entzuleak kritikatzea.

Inguru hauetan, akordeoia asko lotzen zaio besta giroari; zer toki du musika akademikoan?

Niretzat bi instrumentu diferente dira kontserbatorioko akordeoi klasikoa eta kalekoa. Beste teklatu bat du, beste teknika bat, eta beste errepertorio bat. Jotzen ditugu organo edo pianorako obrak: Bach, Vivaldi... eta errepertorio garaikide berri asko, batzuentzat entzuteko zaila izan daitekeena. Garaikidean akordeoiak arrakasta handia du, batez ere mende honetan, aukera asko eskaintzen dituelako.

Nola sartu duzue akordeoia Burutik-en gisako banda batean?

Esaten didate gitarra-jole konplexua dudala. Ez dago erreferentzia askorik, baina horrek badu abantaila bat: zuk garatu behar duzu estiloa, eta askatasun osoz egin dezakezu hori. Trikititik eta akordeoi klasikotik asko hartzen dut, baita gitarratik ere, eta teklatutik baxu asko.

Akordeoiak toki nabarmena du, gainera, Burutik-en kantetan.

Instrumentu melodiko bat da. Orduan, egin dezakezu basea, baina oso agudoa da, eta asko entzuten da.

Taldea berezi egiten du horrek?

Ez dugu estilo zehatz bat; gure estiloa da edozer akordeoiarekin jotzea. Instrumentazioa da gure estiloa.

Bigarren diskoari nola heldu diozue?

Konposatzean, lehen probatzen ez genituen gauzak probatu ditugu: tonalitatetik kanpo atera gara, gauza berriak egin ditugu... Puntu arraro batekin jokatu dugu.

Entzulea hezteko modu bat da?

Bai, nahita egiten dugu. Bostetik lau kontserbatorioan gaude, baditugu aprobetxatu nahi ditugun jakintzak, baina entzulearen gustukoa izan behar du. Bien arteko oreka mantendu behar da.

Musika bakarrik ezin da egin dagoeneko? Bideoak behar dira?

Hori parte zaila izan da niretzat. Dagoeneko musika begietatik entzuten da: ateratzen baduzu single bat, arreta eman behar dizu, eta begietatik sartu. Buruhauste bat da.

Jazza ere ikasten duzu. Hor ere akordeoia arraroa da?

Folkloretik atera, eta genero gehienetan akordeoia ez da ohikoa: klasikoan, jazzean, rockean... Alde ona da jendea harritzen duzula.

Egiten duzunari balioa eman behar izaten diozu?

Borrokatu behar dugu akordeoia estilo guzietan sartzeko. Nik demostratu nahi dut akordeoiak balio dezakeela piano batek hainbeste, edozer egin daitekeela, musika tresna guztiekin bezala.

Militantzia puntu bat du akordeoi jotzaile izateak?

Agian bai; kasik zapaldurik gaude musikan. Jendeak ez du espero Chopin jotzea. Klasikoan, batzuk harritu egiten dira: «Akordeoi bat? Zer, Los pajaritos jotzeko?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.