Andre Mari egunez hasiko dira, aurten, Donibane Garaziko bestak. Urtero, abuztuaren 15ean hasi edo bukatzen dira. Gaur, Baxenabarreko hiriburuan, Antso Azkarra Nafarroako erregeak eraikiarazi zuen elizako ezkilek hamaika ukaldi joko dituzten momentuan hasiko dira bestak. Garazi Kantuz gizon koruak elizaren ezkilaren dorre azpian kantatuko du, mezatik landa.
Aurten, bost egunekoak izanen dira bestak, nahiz eta ostegunean programaziorik gabeko eguna izango den, merkatariek braderia antolatu dutelako Espainia eta Zitadelako karriketan. Besta komiteko hamahiru gazteek antolatu dituzte bestak, baina pen?ek eta merkatari elkarteak ere parte hartu dute egitarauan. Gainera, Gaga gaztetxeak ere programazio berezi bat proposatuko du.
?Irekitze eguna presoen bazkariarekin batera egingo da, gaur. Etxerat-ek antolaturik, merkatu estalian zerbitzatuko da bazkaria, usaian bezala. Arratsaldean, berriz, mutxikoak dantzatuko dituzte merkatu estalian ere. Gaueko hamaiketan, aldiz, Zitadela gainetik piztuko dituzten suziriak ikusi ahalko dira Garaziko zoko anitzetatik.
Musikari dagokionez, bi agertoki izango dira: hiri azpian, herriko etxe plazan; eta gainean, aldiz, merkatu estalian. Besta komiteak gaur gauerako Samain dantzaldia ekarrarazi du, azpiko agertokira.
Hala ere, igandea izanen da musika programazioaren aldetik egunik aberatsena. Elkarteen Eguna izaten da besten azken eguna, eta elkarte bakoitzak bere barra izango du merkatu estaliko agertokiaren inguruan. Arratsaldean, Bax'Ainarak dantza emanaldiaren ondoren, Kuartz bikote taldeak joko du. Ondoren, Anje Duhalde igoko da taula gainera, adin guziko garaztarrei emanaldi herrikoi baten eskaintzeko. Igande gauean, aldiz, bestei agurra egiteko momentua etorriko da. Agurraren garaian, Buuzbu talde garaztarrak azken buuza egingo du. Taldearen azken kontzertua etxean egingo du, eta bere betiko publikoari eskainiko dio.
Bestalde, Donibane Garaziko karrika nagusian, bestetan izan ohi den musika komertziala jarriko dute taberna gehienek. Hala ere, bada, musikalki, besteetaz aldentzen den taberna bat. Hain zuzen ere, Cafe Luis ostatuak eszena programazio bat prestatu du. Luiseniako ostiralak ezagunak dira garaztar musika zaleentzat, eta aurten bi kontzertu izanen dira: Newhouse anaia baxu eta bateria jotzaileen kontzertuak abiatuko du kontzertuen gaua. Horren ondotik, Torheit metal talde garaztarrak segida hartuko die.
Gagaren besta
Gaga Garaziko gaztetxeak Zitadela karrikako lokalaren lehen urteurrena ospatuko du aurten bestetan. Horrekin batera, proiektu eta dinamika berri bat aitzina eraman dute gaztetxekoek urte honetan. Maialen Duguine Gagako kideak dioenez, «euskara sustatzen duten kultur ekitaldiak antolatzeko gogoa» izan dute.
Urte osoan, hilabetero, kontzertu akustiko bat eman dute artista frankok galtzada lauzen bideko lokalean. Gainera, Duguinek gehitu duenez, bertso eskola eta kantu tailer bat proposatu dute ikasturte osoan. Debatitzeko eta hausnartzeko leku bat ere sortu nahi izan dute. Etxeko sukaldeko giroan, jende andana pasatu da handik hitzaldien ematera.
«Udan, bakantzak hartu ditugu», zehaztu du Duguinek. Kasik bi hilabeteko oporraldia hartu ondoren, gaztetxeak bere lehen urtea ospatuko du Donibane Garaziko bestetan, ebiakoitzean, mojito batzuen inguruan. Garaztar musikari batzuek txaranga bat muntatuko dute, ostatuak diren karrika nagusiko giro eta lekuaren paraleloan.
Musikaz eta gaztetxeko egitarauaz aparte, kirolez beteriko programazioa aurreikusia dute Donibane Garaziko bestetan. Ostiral arratsaldean, Hori Horiak pen?ak antolatzen duen Garazid'Laktik lasterketaren hamargarren edizioa izango da. Hiri zaharretik eta Zitadelako harresien eta eskaileren inguruetatik egingo dute lasterketa.
Horrez gainera, pilota plazan, igandean, Jean-Marie Mailharro xistera txapelketaren finala jokatuko dute.
Bestak Donibane Garazin
Musika agertoki ugari bestetan
Gaur eguerdian hasiko dira Donibane Garaziko bestak; igandean bukatuko dira. Besta batzordearen programazioak ez ezik, Gaga gaztetxeak ere girotuko du alde zaharra larunbatean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu