Asteburuko proposamenak

Museoek ere badute beren eguna

Museoen Nazioarteko Eguna izango da larunbatean. Euskal Herri osoko museo askok ateak irekiko dituzte, eta gehienetan doakoa izango da sarrera. Museoetan ez ezik, kalean ere zenbait jarduera egingo dituzte hainbat herri eta hiritan.

Yoko Onoren 'Bilborako nahien zuhaitza'. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Yoko Onoren 'Bilborako nahien zuhaitza'. MONIKA DEL VALLE / FOKU
urko iridoy alzelai
2024ko maiatzaren 16a
05:00
Entzun

Museoen Nazioarteko Eguna da etzi, larunbatean, eta, urtero bezala, Euskal Herriko hainbat museok ateak irekiko dituzte. Sarrera asko doakoak izango dira, herritarrek museoez eta bertako edukiaz disfruta dezaten. Horrez gain, hainbat jarduera antolatu dituzte larunbaterako, museoen barruan zein kanpoan.

Bizkaian, berrogei museok irekiko dituzte ateak doan. Haien artean, Guggenheim eta Bilboko Arte Ederren Museoa. Jarduera bereziak izango dira kasu gehienetan. Guggenheimek 10:30ean ekingo die jarduerei, Yoko Onoren Bilborako nahien zuhaitzean pieza aktibatuz. Guggenheimekin batera, mundu osoko beste hainbat museok Yoko Onoren zuhaitz ugari piztuko dituzte, Museoen Nazioarteko Egunaren aitzakiarekin. Bilboko Arte Ederren Museoak bisita gidatuak antolatu ditu egun osorako. Eugiko armategi artistikoa, BBKateak eta Nestor Basterretxea. Diseinua eta arkitektura erakusketak bisitatu ahal izango dira. Bizkaiko aireko tranbia bakarra ezagutzeko aukera ere izango da, Karrantzan (Bizkaia), Antzinako Dolomitas Fabrika museoan.

Bizkaiko hiriburuan bertan ere jarduerak egingo dituzte. Campo Volantin pasealekuan ihes gela bat antolatu dute. Gelaren barnean, Bizkai osoko museoen informazioa eta kultur eskaintza eskuratu ahal izango da.

Gipuzkoan ere antolatu dituzte jarduerak museoetan. Irunen, Oiasso museoak egun osoko programazioa ez, asteburu osokoa prestatu du. Bihar, Istorio harrigarri bat Getariako badiako itsas hondoan. Iturritxiki itsasontzia hitzaldia emango du Ana Maria Benito arkeologoak, eta larunbatean, Oiassoko terma publikoak museo bilakatzeko egin dituzten esku hartzeak ikusteko bisita antolatu dute. Igandean, Ama Xantalen ermitarako bisita egingo dute, eta, azkenik, museoak adierazi du ekainaren 22an Irulegirako txango bat antolatu dutela, bertako aztarnategi arkeologikoa bisitatzeko. Donostian, hainbat gunek irekiko dituzte ateak doan, tartean San Telmo museoa. Ate irekiez gain, kontzertuak eta bisita gidatuak egingo dituzte San Telmo museoan, larunbatean eta igandean.

Iparraldean, Museoen Gaua

Lapurdin, urteroko moduan, Europako Museoen Gaua egingo dute larunbatean. Baionan, 18:00etatik aurrera ateak irekita izango dituzte museoek, doan. Kanbon ere ospatuko dute Museoen Gaua, Arnaga etxean, eta belle époque-ko musikaz gozatzeko aukera izango da. Garai hartako berrogei gramofono zilindro gordeak ditu Arnaga etxeak, eta haiek digitalizatzeko lana egin dute. 20:30ean emango diote hasiera gauari, eta, musikaz gain, etxeko sukaldea eta aretoa ezagutzeko bisita gidatua egingo dute.

Nafarroan, antzekoa izango da dinamika. Jorge Oteiza museoak, adibidez, Lebitazioa eta trantzea saio berezia eskainiko du, bertako zuzendariaren eskutik, larunbatean eta igandean. Araban, berriz, Artium museoak larunbat eta igandeko programazioa eskainiko du, saio bereziekin eta museoa ezagutzeko doako bisitarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.