Asteburuko proposamenak

Museoak zain daude

Museoen Nazioarteko Eguna asteazkenean izan zen, baina hainbatek asteburura arte luzatu dute egun horretarako prestatutako eskaintza

Gasteizko Artium museoko erakusketa bat. Asteburuan tailerrak eta hitzaldiak izango dituzte bertan. ADRIAN RUIZ DE HIERRO / EFE.
enekoitz telleria sarriegi
2022ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Indarra hartzen ari dira berriz. Bi urte egin dituzte jendez hustuta, pandemiagatik, baina zabalik dituzte berriro ateak eta jendearen zain daude. Hausnarketa eta mezu horien bueltan egin zuten joan den asteazkenean Museoen Nazioarteko Eguna, eta horregatik ez da ausaz aukeratutakoa aurtengo leloa: Museoen boterea. «Bizi dugun mundua eraldatzeko duten boterearengatik. Deskubrimendurako leku paregabe gisa, gure iraganari buruz irakasten digute eta gure gogamenak ideia berrietara irekitzen dituzte: etorkizun hobea eraikitzeko funtsezko bi urrats dira horiek», nabarmendu du Museoen Nazioarteko Kontseiluak, egun horretarako argitara emandako bere mezuan —gobernuz kanpoko erakunde bat da kontseilu hori, eta Unesco erakundearekin du harremana—.

Bada, Museoen Nazioarteko Kontseiluak 1977an izendatu zuen maiatzaren 18a Museoen Nazioarteko Egun gisara. Azken bi urteotan ezin izan dute ospatu —online antolatu izan dituzte museo askok ekitaldiak—, baina aurrez aurre egiteko aukera izan dute aurten. Asteazkenean izan zen eguna, eta Euskal Herriko hainbat museok ospatu zuten ateak debalde irekita, artistekin solasaldiak antolatuta, tailerrak eginda, eta kontzertuak emanda. Museo handiek eta txikiek hartu zuten parte egun horretan, eta asteburura arte luzatu dute askok eta askok euren eskaintza.

Gasteizko Artium museoa da horietako bat. Hogei urte bete ditu aurten, eta doan da sarrera maiatz osoan. Tailerrak eta hitzaldiak antolatu dituzte, besteak beste, gaurko eta biharko. Raisa Alavak eta Irantzu Lekuek emango dituzte tailerrak: poltsak egitekoa Alavak, eta tximeletak egitekoa Lekuek. Hitzaldiak eta ikus-entzunezko proiektuen aurkezpenak ere egingo dira. Magnet-Erakarri proiektuari buruzko hitzaldia gaur, eta 20 urte, 20 arrazoi bideoaren emanaldia bihar, urteurrenaren inguruan.

Donostiako San Telmo museoan ere dohainik izango da sarrera gaur eta bihar, eta bisita gidatuak eskainiko dituzte museoko bilduma ikusteko. Francisco Escudero Kontserbatorioko ikasleek, berriz, kontzertuak emango dituzte museoko elizan eta klaustroan, eta doan izango dira, edukiera bete arte.

Oteiza Museoan ere (Altzuza, Nafarroa), dohainik izango da sarrera bihar eta astelehenean. Familian egiteko moduko tailer bat antolatu dute biharko (11:00-13:00). Etorkizuneko museoa. Etorkizuna museo batean izena jarri diote tailerrari, eta 3021. urtean museoak nolakoak izango diren diseinatzeko eskatuko diete, besteak beste, bertaratzen direnei —tokia aurretik hartu behar da helbide honetan: [email protected]—. Beste hainbat museok ere eskaintza berezia izango dute —Ipar Euskal Herrian, joan den asteburuan ospatu zuten Museoen Gaua—.

Museoen Eguna



Euskal Herriko hainbat museotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.