Muslaria

Raul Gartzia: «Musean zortea behar da, baina ondo jokatu gabe ez zara inora joango»

Euskal Herriko Mus Txapelketan izena emateko epea zabalik dago. Raul Gartzia antolatzaileak esan du «primeran pasatzea» dela helburua: «Euskal Herriko karta jokorik propioena da».

RAUL GARTZIA
ENDIKA PORTILLO / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko azaroaren 21a
05:00
Entzun

Euskal Herriko Mus Txapelketa egiten ari dira zazpi herrialdeetako herri eta auzo askotan. «Irabaztea denoi gustatzen zaigu, baina gure helburua ez da hori», nabarmendu du Raul Gartziak (Gesaltza Añana, Araba, 1965); Euskal Herriko Mus Federazioko kidea da, eta txapelketaren antolatzailea. Esan du txapelketaren helburua «parte hartzea, primeran pasatzea eta Euskal Herriko herrialde desberdinetako jendea ezagutzea» dela.

Zer da ezinbestekoa muslari ona izateko?

Esperientzia. Jolastea da kontua, eta hori denborarekin ikasten da. Ez du beste misteriorik. Trebea izateko, engainuak beharrezkoak dira, baita keinuak ere.

Benetako muslariak keinurik egin gabe jokatu dezake?

Bai, jokatu dezake, baina zure bikotekideak ez du jakingo zer daukazun. Gero, esperientziarekin eta denborarekin, jokatzeko moduaren arabera badakizu zure bikotekideak zer daukan; susmatu dezakezu zer jokaldi egingo duen.

Oso harreman berezia izaten da museko bikoteena.

Bai, oso ondo ezagutzen dute elkar. Bizi osorako harremana izaten da; jokaldi txar baten ondorioz haserretzen badira, hori ere betiko izan daiteke. Harremana oso estua da.

Zer da garrantzitsuagoa musean: zortea edo abilezia?

Bietatik behar da. Musean zortea behar da, baina ondo jokatu gabe ez zara inora joango. Zortea izan behar da karta onak izateko —lau errege, adibidez—, baina ez da ohikoa izaten. Zortea denbora guztian ezingo duzu izan; hortaz, jokatzen ere jakin behar.

Muslarien garai bateko estereotipoa gaindituta dago ja?

Bai. Jokalari guztiak oso desberdinak dira.

Zenbat bikotek eman dute izena Euskal Herriko Mus Txapelketan?

Denetarik izan da urte batetik bestera, baina azkenaldian 2.100 bikotek baino gehiagok hartu dute parte.

Izena emateko epea irekita dago?

Bai. Euskal Herriko Mus Txapelketa hiru fasetan dago antolatuta. Lehenengo fasea herrietako eta auzoetako kanporaketek osatzen dute. Hasita daude batzuk, eta otsailera arte jokatzen arituko dira, bakoitza bere erritmoan. Beren ohituren arabera antolatzen dira. Bigarren fasea herrialdeko finalek osatzen dute. Auzoetatik zenbait bikote sailkatzen dira, eta martxoan egingo dituzte lehenengo herrialdeko finalak. Horietatik sailkatutakoak Euskal Herriko finalera joango dira. Zuberoako Altzai herrian izango da, 2024ko martxoaren 23an.

Nazio ikuspegiari ere garrantzia ematen diozue.

Hasi ginenean, konturatu ginen Euskal Herrian bi mus txapelketa zeudela: bat Nafarroan jokatzen zuten, Orreaga elkarteak antolatuta; bestea Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Iparraldean egiten zuten. Biekin hitz egin genuen, eta adostu genuen Euskal Herriko Mus Federazioa sortzea. Horrela hasi ginen Euskal Herri osoko mus txapelketa antolatzen.

Zer leku du musak euskal gizartean, zure ustez?

Euskal Herriko karta jokorik propioena da musa, haren izenagatik eta erabiltzen den hizkeragatik. Mus hitzaren jatorri bat musua da, keinua ezpainekin egiten zelako. Hordago eta enbido esaten baduzu, argi dago euskarazko hitzak direla. Hitz horiek Madrilen, Mexikon eta Parisen erabiltzen dituzte, konturatu gabe euskaraz hitz egiten ari direla.

Esan duzu txapelketaren helburua ez dela soilik irabaztea, baina txikira jokatzen duena beti da galtzailea?

Ez. Mus jokaldi desberdinak daude herrialde edo eskualde desberdinen arabera. Batzuek zortzi erregetara jokatzen dugu, eta beste batzuek, lautara. Euskal Herriko Mus Txapelketaren araua lautara jokatzea da, baina herrietan haien arauekin joka dezakete.

lotsabako

Bizitzan eskutik 31 izatea zer da?

Zortea izatea, baina bikotekidea behar da!

Hordagoa emateko zalea zara?

 Bai, noski.

Zenbat erregetara jokatzen duzu? Lautara.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.