Murruen orro koloretsuak

Baionako IV. Ikuspuntu festibala erditik ebaki du pandemiak. Zazpi artistetarik lauk obratu ahal izan dute horma irudia; gainerakoena, 'ad infinitum' gibelatu dute. Murru mutuak mezu koloretsuz bezti dituzte, estilo bezainbat aldarrikapenek hartu baitituzte orri bertikalak

ALAIN BATS.
Ainize Madariaga
2020ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
DAMIEN AURIAULT
«Ideia zen eraikuntza baloratzea»

Ikuspuntu festibalaren gomita bazen ere,V estazioko galeriarena ere izan da. Paulmy eta Marines etorbideen juntan, Damien Auriaultek galeria «baloratzea» zuen xedea: «Obra estrukturala da, baina lotua galeriarekin, ideia baitzen manera batez eraikuntzaren baloratzea, arkitekturarekin bat eginez. Horregatik, obrak zabalera osoa hartzen du».

Aturri ohetik altxatu izan balitz bezala, parkingeko sartzea uraren mugimendu eztiak hartua da: «Efektu optiko ezaguna da: bi lerro bata bertzearen gainean jartzearekin kausitzen da. Inguruko forma naturalek naute inspiratu, Aturrik, konparazione. Enbeia nuen mugimendua sortzeko».

Auriaulten lana monokromiatik hurbil bada ere, bortz dira baliatu dituenak: denak urdin tonukoak dira; bibrazioetarako baliatu duena, adibidez, berdexka da.

Artista ezaugarritzen duena, Baionan ere aplikatu du: obra tresnatik abiatzea.«Prozesua beti tresnatik dut abiatzen. Kasurako, banekien nahi nituela hodeiak edo ur mugimendua marraztu; hala, arrabola ttipi bat ildakatu dut loditasun erregularrari esker lerroen egiteko». Lan abstraktua aldarrikatzailea du: «Orokorrean, jendartean irudi zuzen eta diktatorialak dira. Haatik, nahi dut norberaren irudimen eta nahiaren araberakoa izan dadin ikusleak ikusten duena».

Itxialdia zentratzeko parada dela dio: «On zaizkigun gauzetan beta hartzeko».

EVA MENA
«Emakumea ahalduntzeko irudi bat da»

Baiona Ttipiaren bihotzean eman diote murruzko orri zuria Eva Mena artista gasteiztarrari, San Andres elizaren pare-parean, hain justu ere. Muralgile hori izan da aurtengo Baionako Ikuspuntu festibalean aritu den lehena, urri hatsarrean. Euri aroak ez dio anitz lagundu, lau egunetatik hirutan ari izan baitu jauts ahala. Urrun bizi ez bada ere, Donostian, lehentze zuen Lapurdiko hiri horretan. Espainolez mintzatu da: «Oraindik belarriprest bainaiz!». Spacejunk elkarte antolatzaileak igorri zizkion argazki eta izarietarik partituz, paperean erditu du lehenik hautatu duen irudia, murruaren gainean zutiarazi aitzin.

«Nahi dut emazte orok bere burua islatua senti dezan. Mulatoa da; emazteok oso latza badugu munduan, pentsa beltza bada. Emaztea ahalduntzeko irud bat da».

Begitartea errealista sortu zen, Menaren eskuetatik pasa arte: «Kolorearekin eta testurarekin jostatu naiz: ilean eta aurpegian».

Usaian halakorik egiten ez badu ere, aldi honetan izenburua jarri dio, Garaipena: «Ezpata loreak garaipen ikurrak dira, gladiatoreei ematen zitzaizkienak. Hemen, feminismoaren eta, orokorrean, eskubide berdintasunaren garaipenagatik hautatu diot izenburua».

Pandemiak lausotzen dio berezko optimismoa: «Proiektu anitz erori dira. Baina gehienbat eragiten naute ezin besarkatzeak eta gurasoak ezin ikusteak».

FIN DAC
«Xedea da bertakoak beren ondareaz harro izatea»

Sorterrira itzultzea bezalakoa izan dela aitortu du Fin Dac irlandar artista antikonformistak. Egun berean sasoi guziak ikusi baititu.

Baionako hilerri judutik metro zenbaitetara (Lattre de Tassigny etorbidea, 8) eman diote beztitzeko eraikin altu bateko murru mutua. Usaian marrazten dituen geisha modernoen begi-inguru urtuek salatzen dute Fin Dac: «Dandak eta maska ene izenpetzeak dira, baina ez dut sekula ezagutzerat ematen haien arrazoia».Tradizioari eman dio protagonismoa: «Ahal bezainbat osagai sartzen ditut, mundu osoak galtzen baititu bere kultura eta tradizioak... Sustut arropari dagokionez. Baina ez naiz tradizio hertsian egoten, beharra sentitzen baitut iruditeria modernizatzekoa. Bien arteko nahasketa da».

Argi du obren bidez sekula ez duela deus berezirik transmititu nahi izaten: «Ene helburu bakarra da bertakoek beren baitatik gogoeta dezaten beren ondareaz, eta hartaz harro izan daitezen».

Murruak tindatzeko, pintura eta pintzela baliatu ditu artistak; murruaren azala bere abantailetan erabili du, itzalen kausitzeko. Bereziki kasu eman dio: «Urrunetik nahiz hurbiletik figura femeninoa nagusitu behar da, abegitsu izaten jarraituz».

Pandemiak bidaiatzeko plazera kendu badio ere, estudioan lan egiteko usaia duenez, egunerokoa ez dio hainbertze deboilatu: «Definizioz, artistok badugu manera gehiago aitzi egiteko bakartzeari eta ziurgabetasunari».

PAUL RESSENCOURT
«Irudiak berak salatzen du mezua»

Kakalardoak zabor pilota Los Angeleserat igorri du lehenik. Paul Ressencourt eta Simon Rochek osatzen duten Murmure artista bikoteak horren bertsio tipia saldu baitu. Ahokatzen zaien horma ordoki isilean punpatu duen arte: «Murruen pean, usu, bertze bat egoten da. Horrek sortzen du nahi ez genuen ikuslearekiko distantzia. Frontoia egokia da; zolatik abiatzen baita eta urrunetik ikus baitaiteke».

Kontsumismoa salatu nahi izan dute aldi honetan ere Baionan, Emile Betsellere karrikan, nahiz mezua ez den bereziki baionarrei zuzendua: «Edonon behar baikara izan sentibera ekologiarekiko. Irudiak berak salatzen du mezua, begi bistakoa da. Jaten duguna gara». Kakalardoak garraiatzen duena ere azpimarratu du: iraunkortasuna: «Egun osoa pasa dezake kaka pilota baten bultzatzen poxeluak poxelu. Kasurako giza ergelkeriaren iraunkortasuna islatu nahi dugu, bai animalien borrokaren iraunkortasuna ere kutsaduren kontra». Preseski, ideiei leial, ekologiaren izenean, ez dute pintura esprairik baliatu,akrilikoa baizik, beraien nahasketetarik jalgi koloreekin: «Urrunetik errealista bada ere, hurbildu ahala pintoreen trazua ikusten da, akatsak barne; horretan datza interesa».Arte garaikidearen kontrara, street artherrikoiaren aldarrikatzaileak dira. Pandemiak ez die hainbertze eragiten, estudioko lanak aitzinatuko baitituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.