Murruak ezabatzeko boterea

Points de Vue festibala Baiona erakusketez, kreazioz eta topaketaz margotzen ari da. Mundu osoko hamahiru artista hiriko murruetan murgildu dira. Bihar arteko epea dute obren bukatzeko. Protesta ekintzak batzuek, gogoeta ekarle besteek, rol estetikoak ez du inon hutsik egiten.

Ainize Madariaga
Baiona
2019ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Baionako ZUP auzoko biztanleek dakarten kolore eta arraza andanarekin uztartzen da Raul eta David Perre How & Nosm anaia biki donostiarrek utzi duten fresko erraldoia. Haien agendak manaturik, Baionako Points de Vue festibalaren gomita aitzinatu behar izan dute, eta abiatu orduko akitua zuten jada obra.

Baina beherexeago, eskola frantsesaren gibeleko murru malkartsuak galdu ditu bere erliebeak: 3Dren kontrako norabidean baitoa Etien artista, Marko kidearen laguntzaz, zolatik bospasei metrora, altxagailutik tira ahala lanean, ahoak maskaz babesturik. Anamorfosia du alorra: eraikinen formen arabera kreatzen baititu marrazkiak. ZUPeko pareta gris goibela giro tropikalak ordeztu du. Ingeniaritza lana eskatzen du horrek: aitzinetik kalkulatuak baititu angeluen jukutriak, haien geometria birrindu eta forma borobilek eta kolore ezin biziagoek hegan igortzen dute arrain begi handi, hegats/hegal luzea. Horma hau du engoitik bizitoki bakar, bertako ezaugarriek baitute bere jaiotza posible egin. «Aurretiko lan ikaragarria egin du Etienek: argazkian Photoshop eta tabletari esker bilatu du zein den angelurik egokiena ikusteko anamorfosiak nola funtzionatuko duen hoberen, jendeak egin ahala gozatzeko», azaldu du Cedric Villare Etienen kolektiboko bideogileak.

Espraiaren ziliportak

Jean Dauger zelaitik hurran, beilatokitik zinez hurbil, Zalez grafitigileak bere tendentziari eusten dio: emakume gorputzek ez baitute hutsik egin. «Emaztea eta gorputza aitzakia hutsak dira gai bereziez mintzatzeko. Funtsean, emazte gorputz sexuatuaz gogoeta bat da. Arteak balio dezake gauza anitzez mintzatzeko», erran du Zalezek ogitartekoari ematen dizkion ausikien artetik.

Lauzpabortz estaiako etxebizitza klonen artean bada frontoia, bere alde bietako murruak eskaini dizkiote artistari. Obra oraino finitu ez badu ere, emakume pilotariak ekarri ditu, gorputzak ekar lezakeen ekintza betean.

«Femen eta mugimendu sozial askorekin dauden polemikatik hasi nintzen gogoetan, zeintzuk emaztearen gorputza baituteeuskarri. Beti bada begirada hori: gizonok ez genuen eskubiderik gogoetatzeko horren gainean, emazteek bakarrik. Horrekin hautsi nahi nuen: gizona naiz, eta emaztearen gorputzaz baliatuko naiz politikaz mintzatzeko, ikuspegi maskulinoa emateko feminismoaz. Ez dira irudi hutsak, denek baitute mezua». Aldi honetan, frontoiaren aginduei jarraituz, Baionako elkarte nautikoko emakume pilotariengana jo du: «Haiekin mintzatuz ohartu naiz ez zituztela tresna batzuk haizu. Horiek sartzea ebaki dut; jokarazi ditut tresna haiekin, San Andresko trinketean: paleta, sarea eta xisterarekin. Atera dizkiedan argazkietatik zirriborroak marraztu ditut eta kuterrez moztu, molde gisa baliatu ahal izateko».

Teknika hori serigrafiaren bera da, historiaurrean ere erabiltzen zutena: «Eskuaren inguruan pigmentua ziri baten bidez proiektatuz». Zuriak ziren bi paretak lehenik zuriz pintatu ditu, gero txapak irudikatzeko, banda gorria marraztu die alderik alde: «Barrokoa da alde femeninoa erakusteko. Frontoira hurbildu ahala desagertuz doaz, kirolariak baitira, ez, ordea, pilotan ari diren neskak», gehitu du. Irudikatu dituen zazpi jokalariek Euskal Herriko probintziei egin begi keinua dira. Artetik errateko, obraren aurkezpen ekitaldia antolatua du, gaur 17:00etan, lekuaren gainean. Nahi duen oro gomit dela azpimarratu du.

Jean Dauger zelaiari arrunt loturik jarri dute lanean Ador marrazkilaria, Naonedetik jina (Bretainia). Etxetxo baten bi paretak eskaini dizkiote. «Irudien bidez istorioak kontatzen ditut. Loriatzen naiz, frenesia, histeria... Nahi dut izan dadin zerbait eroa eta dinamikoa!», erran du espraia utzi berritan zigarreta pipatzen eta irudiari begira dagoen ber. Zerbaitengandik ihesi doazen dozena erdi pertsonaia marraztu ditu, ageri da pastel koloreek umorea eta bizitasun karikaturalak dakartzatela: «Norberak bere istorioa konta dezala; nik kolore eta konposizioaz pentsatu dut; ez dakit nor norengandik doan ihesi!».

Komiki pertsonaia ezagunak balira bezala ekarri ditu, norberak bere nortasuna garraiatuz. «Ene lanak ematen dit identitatea, duela hamabost urte garatzen ari naizen unibertso horrek, hain zuzen ere. Sortzen ari naizen familia handiko kideak dira hemen ageri. Eta eszena desberdinetan ezartzen ditut». Preseski, Reunion uhartean (Indiako Ozeanoa) izan da urte bat eta erdiz, egonaldiaz liburu bat atera berri du, zeinean agertzen baita familia osoa. Errugbi zelaiak publiko gehiago izanen du, beraz, hemendik goiti: «Populazioa nahasia nahi nuen: serora, zerri burua duen mutikoa, neskatxa, polizia... Honi kepi bat ezarriko diot, polizia itsusia izanen baita! Zakurra ere hor doa, eta mustatxadun hori, kirolaria ez dena, ez elegantea ere...».

'Avo' amonaren oroimenez

Ana Martins Aheneah artista gazte portugaldarra Point de vues festibalaren herrixkan ari da karraskan lanean, Baionako Bolborategian. Esku eta artilearen arteko dantzari orotariko koloreak juntatzen zaizkie. Laguntzaile andana du, izan ere, gurutze puntuaren teknikak laguntzaile franko behar baititu. «Ansot ordokia eskaini zidatelarik, ibai bazterrean eta naturatik hurbil, irudi pixelatuaren bidez gure bizi erritmoaren parean ezarri nahi izan dut, sentsorialki, jakiteko nor garen, zer egin nahi dugun, eta norberak bere barnea deskubri dezan. Amatxiri omenaldia da berarekin ikasi bainuen teknika hau». Hainbertzeko poesia atera du elkarteen etxea ikusi duelarik, bertan ezarriko baitiote obra. Aheneah estilo berri baten ekarle da: grafitia eta gurutze puntua uztartu baititu.

«Murruak ikustearekin artista jakinak jin zaizkit gogora, eta gomitatu ditut. Batzuk urrunetik datoz, beste batzuk bertakoak dira. Garrantzitsua da artista eroso senti dadin», azaldu du Alban Morlot zuzendari artistikoak. Aldarrikapen berezia egin du festibalaren hirugarren aldi honetarako: zubiak eraikitzea murruen ordez; irekitzea lurraldean, diziplinan eta publikoen artean. «Hori da festibalaren funtsa» Euskal historian ere «sustraitu» nahi du, Oteiza, Txillida... Haien ondarea «berrikusiz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.