Jaia, alderik alde. Muntatu eta desmuntatu

Muntatzeari ere gustua hartzen zaio

Askok egiten dute lan Aste Nagusian; batzuek barran, besteak ekintzak prestatzen... eta txosnak muntatu eta desmuntatu ere egin behar dira.

Batzuek txosnak urte osoan Bilboko Areatzan utzi nahiko lituzkete, irudi muntatzean agertu bezala. BERRIA.
2013ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Aste Nagusiko alderik gogorrenetako bat (aste osoko gaupasak kenduta, noski) hartzen dute bere gain konpartsek: txosnak muntatzea eta desmuntatzea. Muntaketa ilusio handiz hartu ohi da, baina, desmuntatzeko orduan, askok behin baino gehiagotan pentsatu izan dute txosnak hurrengo urtera arte bertan uztea. Txosnetan egin zitezkeen Gabonetako ospakizunak, udazkeneko euriteek —83ko Aste Nagusian bezala— txosna guztiak urperatuko ez balituzte. Hala ere, askok gozatu ere egiten dituzte elkarlanean igarotzen diren egun horiek.

Iker Maia Aixeberri konpartsako kideak beti hartzen du baimena azkenengo egunean gaupasa egiteko; beraz, «zoritxarrez», galdu egingo du desmuntatzea. «Baina muntaketan aritu diren 20 lagun horietako bat naiz; 5-6 gaude apainketarako; eta azpiegiturarako, mekanotutuak eta egurrak jartzeko, berriz, beste 7-10 inguru», gehitu du. Jaiak hasten diren asteko astelehenenean bertan hasten dira normalean Aixeberrikoak txosna muntatzen. Karpa bat jartzen dute lehenik, 10 x 20 metrokoa, eta, han barruan, mekanotutuz eta egurrez eraikitako egitura bat, gero marrazkiz apaintzen dutena. «Normalean, marrazki errazak guk geuk egiten ditugu, eta irudi ikusgarriagoetarako grafiti egile batzuei deitzen diegu», azaldu du Maiak. Aurten, Euskal Herriko mendiak hartu dituzte gaitzat; aurreko aldean, apargomarekin eginiko Gorbeia mendia jarri dute, gurutzea eta guzti. «Aurten sortu dugu Aixeberriko mendi taldea; Aixemendi», adierazi du; «beraz, ez da eztabaida handirik egon gaiaren inguruan». Zazpi urte daramatza Iker Maiak muntaketan parte hartzen, eta duela urte batzuk karpa alderantziz muntatu zutela gogoratu du. Langileak deitu zituztenean, ezin zela aldatu esan zieten, baina, esan duenez, erraz konpondu zuten: «Bilbotarrak izanda, guk geuk hartu genuen egitura, eta lekuz aldatu, noski!».

Itsaso Perez eta Pa Ya! konpartsakoak, jaiak hasi baino hilabete lehenago urduri jartzen hasiak ziren. Izan ere, haiek txosna jartzen zuten tokian lanetan ari ziren, eta, udaletxeak jaietarako prest egon behar zuela agindu zuen arren, ez ziren fidatzen. Hala ere, azkenean prest egon da tokia, eta, betiko legez, Askapeñako kideen alboan muntatu ahal izan dute haien txosna.

Aldamiozko egitura batez osatuta dago txosna, eta, aurten, Bilboko metroko 3. ibilbidea du gaia. «2014rako bukatuta egongo zela agindu zuten, eta obrak geldirik daude; horregatik, beldurrezko trenaren itxura eman diogu gure Bilboko metroko 3. ibilbideari»,Perezek azaldu duenez. Hor agertzen dira gure inguruko hainbat politikari eta metroan gertatzen diren hainbat egoera. Txosnamuntatzen «izugarri ondo» pasatzen dutela esan du Perezek, «badago jendea oporrak hartzen dituena lanean muntaketara etortzeko», gehitu du. Gainera, dena ez da lana, Itsaso Perezek dioenez: «Han bazkaltzen dugu denok batera, eta, azkenengo egunean, txupinazoaren bezperan, denok batera afaldu eta kalejira egiten dugu ospatzeko». Hogei bat lagunek parte hartzen dute, eta apainketarako formula lortu dute; «lehen, guk margotzen genuen, baina orain konpartsako kide batek pegatinazko paper erraldoi batean inprimatzen du diseinua, eta zuzenean txosnan itsatsi egiten dugu».

Desmuntatzea, nostalgiaz

Desmuntatzea jaietako azken egunaren ostean egiten da, Marijaiaren errautsak oraindik bero daudela. Iker Maiaren ustez, arin egiten da, hori bai, nahi izanez gero. «Gurean, ordea, gertatzen da benetan ez dugula desmuntatu nahi; beraz, astiro egiten dugu», azaldu du Maiak. «Gainera, jendea triste eta erdi lo agertu ohi da», gehitu du. Itsaso Perezek dio, ordea, muntatzean eta desmuntatzean jende berdintsua egoten dela. Txosnan denetik aurkitzen dutela esan du: «Urtebete pasatu zuen hemen fanfarre baten bonboaren fundak, eta oraindik ez dugu aurkitu jaberik. Aurten, txankleta batzuk daude Aste Nagusiko lehen egunetik». Biak bat datoz gogoetarako eguna dela, eta aste osoan gertatutakoaren berrieman behar diogula elkarri. «Aurten, gainera, badugu gogoetagairik; ez bakarrik txupineraren auziarengatik, baizik eta eraso sexistak izan direla eta», esan du Iker Maiak. Biek entzun dituzte desmuntatzera ez joateko aitzakiak, baina ahaztuarena egitea da txarrena, Maiak dioenez: «Nola ahaztu esmuntatzeko eguna, urtero egun berdina bada?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.