ATZEKOZ AURRERA. Ana Galarraga. Zientzia komunikatzailea

«Munstroa nor den? Barrura begiratu behar da erantzuteko»

Gutun bati buruzko gutuna, eta obrari eta haren egileari buruzko aldarria. Hori da, besteak beste, 'Frankenstein agurgarria'. Galarragak eta Pettik ondua, Literaturian emango dute, hilaren 28an.

MAIALEN ANDRES / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Zarautz
2022ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Berberak dira ordukoak eta oraingoak: kezkak, galderak, munstroak eta erantzuleak. Ideia horien eta beste hainbaten inguruan harilkatu du Ana Galarraga Aiestaranek (Zarautz, Gipuzkoa, 1970) Frankenstein agurgarria piezaren testua. Pettik musikatu ditu haren hitzak.

Gutuna hasten da: «Frankenstein agurgarria...». Nola segitzen du?

«Lehenik eta behin, barka atrebentzia, baina bizi ditugun garai nahasi hauek zuri hitz batzuk idazteko adorea eman didate. Espero dut, bihotzez, ondo hartzea eta gehiegi ez asaldatzea».

Gutun bati buruzko gutuna da?

Hori da. Izan ere, jendeak ez du ezagutzen Frankenstein obra. Jendeari iritsi zaion apurra zinemaren bidez iritsi zaio: irudia, munstroaren irudia. Eta badago gure emankizunean jatorrizko obraren aldarrikapena: liburu bat dela, gutun bat, protagonista Victor Frankenstein zientzialaria duena. Munstroak ez du izenik.

Jendeak munstroa ezagutzen du, baina ez liburua.

Eta forma aldetik gutun bat denez, koherentziagatik, jatorrizko hori aldarrikatzen ari naizenez, gutun bat da hau ere. Formatu horrek aukera ematen du norbaiti hitz egiteko, norbaitengana zuzentzeko, gerturatzeko, deitzeko.

Baina Frankenstein ez al zuen Mary Shelleyren senarrak idatzi?

Garbi daukat: Mary Shelleyren senarrak idatzi izan balu, ez genuke nahaste hori izango, eta egia ez genuke zalantzan jarriko.

Aldarri feminista bat ere badago atzean, beraz?

Bai, baina ez horretan bakarrik. Gogoeta asko harilkatzen dira, eta gogoeta horietako batzuk bultzada feminista hori dute. Testu bakarra sartu dut nirea ez dena: Virginie Despentesen hitzaldi baten zati bat. Egiten dudalako paralelismo bat liburuan agertzen diren kezkei eta gaur egungoei buruzkoa. Eta Despentesen hori itxialdi betean idatzita dago, eta munstroaz ari da.

Kezkak ez dira asko aldatu, beraz?

Oso agerian gelditzen da kezkak berberak direla, eta horien arrazoiak ere berberak direla.

Adibidez?

Teknologiaren ahalak dakartzan arriskuei buruzkoa. Bizitzaren eta heriotzaren muga non ote dagoen, eta zer eskubide daukazun hori manipulatzeko, jainkoa izatera jolasteko. Garaia aldatu da, baina kezkak igualak dira. Obra idatzi zen garaian, 1818an, erupzio bolkaniko bat egon zen, atmosfera kedarrez bete zen, eguzkia ez zen iristen, gosetea egon zen, hozte bat, klima aldaketa bat... Beste arrazoi batzuengatik, baina berbera ari gara bizitzen gaur ere. Itxialdi bat izan dugu, haiek bizi izan zutena bezalakoa.

Eta nor da munstroa?

Munstroa bera? Edo hura sortzen duena? Munstroak beste guztiak bezalakoa izan nahi du, baina nola ez den, zigortu egiten dute. Bere jarreraren eta bere ekintzen arduraduna nor da? Bera? Edo inguruko guztiek bultzatzen dute horretara?

Baina Victor Frankenstein damutu egin zen munstroa sortu izanaz.

Damuaren gaia ere hor dago, eta galdetzen dut gu guztion rolaz. Galderak egiten ditut, baina ez dut erantzunik ematen.

Oso zientifikoa da galderak egitea.

Galderarik ezean, ez dago erantzunen bilaketarik.

Baina zientzialariak, bai jende aspergarria eta serioa.

Topikoz inguratuta gaude. Oso gutxi aitortzen zaie zientzialariei euren sormena. Ezinbestekoa da sormena hipotesiak planteatzeko, beste inork ikusi ez duen hori ikusteko, eta bide berriak ibiltzeko.

Ana Galarragaren elkarrizketa bukatu, eta COVID-19a aipatu gabe!

Ez da egia.

Ez?

Itxialdia aipatu dugu!

Egia! Eta pasatu da dena?

Ez. Sinistu nahi dugu gainditu dugula, baina ez. Eta oso geurekoi bihurtuta gaude, batere kontuan hartu gabe jende askorentzat arrisku handia dela oraindik ere, eta gure esku gauza pila bat daudela, ez bakarrik egiteko, baizik eta exijitzeko. Ez badugu hori egiten, erantzukizuna dutenek erantzukizun hori euren gain hartu gabe jarraituko dute. Geure buruari tranpak egiten ari gara, etengabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.