Munilla eta Johnson mozorroen itsasoan

Nekeari eutsi, eta jai giroan murgildu dira tolosarrak astelenitan. Ez dute mozorroak prestatzeko denbora askorik eduki, baina irudimenez eta originaltasunez josi dituzte, hala ere. Beraz, lehengo urteko inauteriak bertan behera gelditu baziren ere, Tolosak ez du erritmorik galdu.

Euskal Herriko jaiak. Triangulo plazan Euskal Herriko hainbat festa ospatu dituzte. JON MIRANDA / TOLOSALDEKO HITZA.
Miren Mujika Telleria.
Tolosa
2022ko martxoaren 1a
00:00
Entzun

Itsaso bihurtu da Tolosako (Gipuzkoa) Rondilla kalea azken egunotan. Txalupa bat ikusten da urrutira begiratu beharrik gabe, lehorretik gertu. Saregileak eta arrantzaleak ditu inguruan, eta txalupa gainean gizon batek gogor eragiten dio arraunari. Ez dakite noraino iritsiko ote diren arraunean, baina gozatu dute orain arteko bidaiaz, eta gaur dute lehorreratzeko azken eguna. Mozorro itsaso bihurtu da kalea, eta han ibili dira Jose Ignacio Munilla, Boris Johnson eta Georgie Dann, eta beste asko.

Kolore biziz jantzitaesnatu da Tolosako San Frantzisko pasealekua astelenitan. Dantza eta musika: ez dago besterik. Lehengo urtean horretarako aukerarik izan ez zuten arren, aurten lortu dute, azkenean, inauteriak ospatzea. Urtebeteko atsedena izan den arren, ez dute erritmorik galdu. Jon Diaz tolosarrak ez, behintzat. Talde handi batez lagundurik dago; gazteak zein helduak. Dantzan jarri ditu denak, eta Diaz da taldearen buru. «Giroan nabari da gogo handia genuela inauteriak behar bezala ospatzeko». Bosgarren eguna dute astelenita. Diazek dio gaur artekoak «gozamena» izan direla, eta azken ordura arte gozatzeko asmoa omen du.

Ikusi gehiago: argazki galeria

Hondartza ere badu Tolosak, ibaiaren bazter batean sortua, eta bertan izan dira Olaia Etxeberria eta haren kuadrilla. Hondartzarako egun aproposa egin zien atzo, gainera. Bainujantziak eta eguzkitako betaurrekoak jantzi, krema eman, toallak hartu, eta abiatu dira: «Hondartzara etorri gara bainu bat hartzera, eguraldi paregabea dago-eta eguzkia hartzeko». Musika ere badute, eta giro ederrean ari dira bainua hartzen.

Batzuek bainua eta beste batzuek ariketa. «Hartu arnasa sakon eta bota». Hala mintzo zaie gimnasiako irakaslea haurdun dauden hamar emakumeri. Borobil handi batean daude jarrita; baloi handi banaren gainean, irakaslearen aginduei kasu egiten. «Astindu gorputza aurrera eta eraman atzera, poliki-poliki». Esan eta egin. Haurdun dauden emakumeek astiro mugitzen dute gorputza baloiaren gainean. «Orain kontrakzioa sentituko duzue», esan du irakasleak, eta hasperen egin dute hamar emakumeek.

Ez dago uste bezain urruti Tolosatik Italia. Rondilla kaleko txalupa hartu beharrik ere ez dago. Xabier Zeberio tolosarra bertan izan da kuadrillarekin, eta salto batean iritsi dira, gainera. Pisa bisitatzen ari dira, eta etengabe posatzen dute argazki tipikoenerako: «Italiara etorri gara, eta Pisa dorrea helduko bagenu bezala egiten dugu argazkietan», azaldu du Zeberiok. Jende asko dute inguruan, eurei argazkiak ateratzen. Ez zaie denbora asko gelditzen bertan, gaurko baitute hartua itzultzeko txartela.

Tolosan erraza da denboran bidaiatzea. Lopez-Mendizabal pasealekuak 1980ko hamarkadara egin du salto. Boney M.-ren Rasputin abestiak girotzen du kalea. Bertan dira abesten eta dantzatzen Jose Luis Gallego eta haren kuadrilla, eta karroza handi bat dute atzean. Garai hartakoak dituzte jantziak, eta baita orrazkera ere. Pozik mintzo da Gallego: «Aurten denbora gutxi izan dugu dena prestatzeko, baina hemen gaude, eta gogoz, gainera». Hala ere, irudimena eta originaltasuna ez dituzte faltan izan, ez eta erritmoa ere; erritmo berean egiten baitute dantza.

Gallego eta haren taldearen bide beretik jo dute Lourdes Amonarrizek eta haren kuadrillak. 1980ko hamarkadan murgildu dira San Frantzisko pasealekuan, eta ez diote utzi dantza egiteari. Amonarrizek azaldu du beren alfonbra jarri dutela, «urtero bezala». Protagonista beraren azalean sartu dira denak: Georgie Dannenean. «Denbora gutxi izan dugu, baina ez dugu gehiago behar. Ganbarako poltsak ireki, dagoena jantzi, eta kalera». Dantzan jarri dituzte tolosarrak, eta irribarrez dituzte begira. Amonarrizek dio gogo handiz eutsi dietela inauteriei, «batez ere aurten». Azaldu du pandemiak bertan behera utzi zituela lehengo urteko inauteriak, eta, horregatik, «inoiz baino gogo handiagoz» hartu dituzte aurten kaleak. Amonarrizek argi du: «Gozatzea da gure helburua».

Jose Inazio Munilla apezpikuak ez du hutsik egin aurten. Itzuli da Alacantetik, eta Tolosan izan da, mando gainean. Apaiz zein moja; denak izan ditu lagun inguruan. Sotana soinean, gurutzea lepotik zintzilik eta kalota buruan. Tolosarrak agurtuz azaldu da, irribarretsu. Dimisioa dela eta, hiru emakume dauzka inguruan hunkituta, zapi zuriak malkoz beterik dituztela.

Irudimenaren orratzez josi dituzte jantziak tolosarrek aurten ere, eta festan murgildu dira inauteriek iraun bitartean, nekea albo batera utziz. Kolore biziak, txaranga eta dantza izan dira nagusi aurten ere Tolosako kaleetan, eta nabaria izan da herritarren poza; «Tunel beltzaren amaiera ikusten ari gara». Gaur emango diete amaiera inauteriei, poliki-poliki, bidaiaz gozatuz eta arraunari gogor eraginda.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.