Verdi. Bilboko Zorrotzaurreko irlaren iparraldeko muturrean, Aida operaren aria bat zabaltzen dute Bilboats enpresako itsasontziko bozgorailuek. Urteak dira jadanik hondeamakinek Deustuko kanala zabaldu eta penintsula zen auzoa irla bilakatu dutela, baina inork ez du sekula itsasontzian inguratu. Orain arte. Iñaki Uriarte arkitektoak sustatuta, munduko lehen bira eman zion ontzi batek Bilboko irla bati, eta horregatik Verdi. Ospatzeko. Txakolin baso bana eta ironia tanta bat. «1869ko azaroaren 17an Suezko kanala inauguratu zutenean estreinatu zutelako Aida, Kairon».
Uriartek kalkulatua duenez, guztira 473 bisita gidatu antolatu ditu Ibaizabalen azken 24 urteotan, eta Zorrotzaurreko irlari emandako bira izan zen atzokoaren berritasuna. 80 pertsona inguru bildu zituen Bilboko San Anton zubian oinez hasi eta itsasontzi bidaiarekin amaitzen zen txangoak, eta, hiriaren historia azaltzeko ez ezik, industria ondareari buruz hirian izan den axolagabetasuna salatzeko ere baliatu zuen ibilbidea arkitektoak behin baino gehiagotan. «Hemen ez da jakin industria arkitektura erabiltzen; erabateko mespretxua izan zaio, eta utzikeria kultural eta intelektual handia egon da industria ondare hori dena mantentzeko».
Zubirik zubi geldituz eman zituen lehen azalpenak Uriartek, oinez egin beharreko tartean. «Historia paseatzen ari gara». Eta ibaiaren inguruan jarduera biziko hiri bat deskribatu zuten haren hitzek geldialdi bakoitzean. Zirgariak, ontziolak, kaiak... «Badago esaldi bat Bilboren azken urteetako berreraikuntzari buruz asko errepikatzen dena eta esaten duena hiria, orain arte, ibaiari bizkarra emanda bizi zela, baina gezurra da hori». Eta ibaiaren ertzetan oraindik ere zutik diren hainbat eraikin garrantzitsu aipatu zituen argudiotzat: Arriaga antzokia, Deustuko unibertsitatea, Aznar eraikina... «Horixe bera gertatzen da ibaien inguruan sortutako Europako hiri guztietan; beraz, mesedez, justizia pixka bat historiari».
Eta antzera, geroxeago ere, jadanik itsasontzian, Guggenheim museo ondoan iaz inauguratu zuten zirgarien omenezko Dora Salazar artistaren eskulturarekin ere. «Hau historiaren aurkako bekatu bat da». Uriarteren hitzetan, zirgariak sekula ez baitziren ibili eskuinaldean. «Zamalekuak eta ontziolak hor zeuden. Ezin izan zuten sekula ezkerreko ertzean lan egin, akats historiko bat da».
Joannes Muflin margolariak 1544an egindako Bilboren grabatua aipatu zuen Uriartek. 1575ean eman zen argitara, Alemanian, Civitates Orbis Terrarum izeneko argitalpenean, eta itsasora irteera zuten beste 630 hiriren irudiak biltzen ditu. Historiako hirien lehen atlasa da, adituen hitzetan, eta esanguratsua da Bilbon bertan izatea. Uriarte: «Horrek erakusten du ibaiak interes handiko egiten zuela hiria».
Historian gertuago, 1987an Zubizurin zubi bat eraiki zedin eskatzeko mobilizatu zen herritar mugimendua ere izan zuen gogoan arkitektoak. Uriarte mugimendu haren parte izan zen, eta, atzo azaldu zuenez, beldurrez gogoratzen zituen bizilagun batzuk, udalak kritikatzat har zezakeen eskariarekin bat egiteko. Edonola ere, oso kritiko hitz egin zuen, azkenik, bertan Santiago Calatrava arkitektoak eraikitako zubiaz. «Zubizuriko Pasarela du izen ofiziala zubiak, baina nik uste dut Zuriketaren pasarela ere dei zitekeela».
Nabigagarritasuna, kinkan
Euskal Herriko industriaren eta teknikaren museoa ere aldarrikatu zuen Uriartek. Eta kokapen posiblea ere iradoki zuen: Ibaizabal ertzeko lautadan ikusgarriki altxatzen den Molinos Vascos izeneko eraikina, hain zuzen ere. Kasu horretan ere, erakundeen axolagabekeria salatu zuen arkitektoak, ez baitira hura erosteko akordio batera heldu egungo jabearekin.
Ibaiaren nabigagarritasunaren defentsa ere egin zuen Uriartek txangoan. Haren hitzetan, arriskuan baitago gaur egun, Bilboko Udalak hainbat zubitan egin nahi dituen lanen ondorioz. «Ikusi, itsasontzi hori drama bat kontatzen ari zaigu», azalpena, hatzarekin Euskalduna zubi pean amarratutako antzinako kutsuko belaontzi handi bat seinalatuz, duen altuerarekin nekez igaro baitaiteke ibaian gorago. «Nabigagarritasunaren amaiera dator».
Kritika eta salaketa artean, erregu bat ere bai. Deustun, itsasontzia Tigrearen Eraikinaren paretik pasatzean. «Tigre gurea, Bilboko zeruetan zarena, egin orro gure alde».
Salgai jarri eta berehala bete ziren txangorako leku guztiak. Hurrengo igandean ere beste bat egiteko asmoa dute, horregatik,Uriartek eta Bilboats-ek: munduko bigarren bira Bilboko irla bati.
ATZEKOZ AURRERA
Munduko lehen bira Bilboko irla bati
Bilboko Zorrotzaurreko irla ontziz inguratu dute lehenengoz. Iñaki Uriarte arkitektoaren azalpenek gidatu dute bisita, eta hirian historia industriala ezabatzen ari direla salatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu