Yun inglés vino a Bilbao, por ver la ría y el mar...». Horrela hasten da bilbainada deritzon musika generoaren estrofarik ospetsuena. Izan ere, genero berezia dira bilbainadak. Bolero,reggae, heavy edo mariatxi; berdin da zer estilotako musika jartzen zaien abestiei. Hitzetan dago gakoa; Bilbo izan behar dute ardatz. «Bilboren propaganda egiteko baliatzen dira bilbainadak, batzuetan modu esajeratu batean bada ere», azaldu du Jose Maria Larrazabalek. Erretiro aurreratua hartu zuenean hasi zen bilbainada talde batean abesten, eta gaur egun Gaupasa taldean dabil. Bilbainada taldeek presentzia nabarmena dute Aste Nagusian, eta bilbainada lehiaketa da horren adibide. Jende asko biltzen da. «Batzuetan, asko baino gehiago», zehaztu du Larrazabalek. Kalean ere aritzen dira, jaiak irauten duen zortzi egunetan, kantari.
Baina bilbainadaren nagusitasuna ez da erabatekoa. Bertsoa du lehiakide arriskutsu. «Bilbainadak abesti ezagunak dira, baina ez dute gauzak asmatzeko bertsoek duten gaitasuna». AnderHuidobroren hitzak dira. Euskararen alde diharduen Hau Pittu Hau konpartsako kidea da; eta, bertsozalea den heinean, ondo ezagutzen ditu Aste Nagusian dauden bertso txapelketa zein bertso bazkariak.
Hala ere, bat-batean sortzen diren bertso saioak ditu gogokoen Huidobrok. «Jai giroan, trago batzuk hartuta, edonor bilaka daiteke bertsolari», ziurtatu du. Haren hitzetan, jende ugari dago, bertsolari «serioa» izan gabe, festan «erdi brometan» bertsotan hasten dena, «batez ere inguruan bertsolari ezagunen bat baldin badago». Jendea bertsolaritzara eta euskarara bultzatzeko tresnatzat ditu Huidobrok halako bat-bateko bertsoak.
Gainera, kontaezin ahala gai jorra ditzake bertsoak, bilbainadek ez bezala. «Baina bertsolariak Aste Nagusira datozenean beti botatzen diete bertsoren bat jaiei», gaineratu du.
Bilbainadak, euskaraz
«Mari Jaia dantzan, gida lanetan, Aste Nagusia, Bilbo jaietan». Aurrekoa ez da bertso baten hasiera, Larrazabalek idatzitako Bilbo jaietan bilbainadaren lehen zatia baizik. Ohiko abestiak kantatzeaz gain, hitz berriak egiten ditu Gaupasa taldeko kideak, eta beti euskaraz. «Hasi nintzenean argi neukan: bilbainadak idaztekotan, euskaraz idatziko nituen». Hala ere, oraindik asko dago egiteko. «Bilbainaden %90 gazteleraz daude, batzuek euskarazko ukitu batzuk dituzten arren».
Euskarazko hitzez gain, belaunaldi gazteak ere falta dira. «Badago gazte talde bat, baina jende gehiena 50 urtetik gorakoa da», aitortu du Larrazabalek. Beti Bilbori buruz idazteak abesti errepikakorrak sortzeko arriskua dakar gainera, «baina beti dago ikuspegi berriren bat». Urtero, hamar bilbainada saritzen dira Aste Nagusiko leihaketan, hamar bilbainada berri. Eta bertsoak ere beti dira berri. Eta hala doa berritzen eta hazten jaien musika.
Jaiak, alderik alde. Bertsoak eta bilbainadak
Munduko hiririk hiriena
Bibainadak edo bertsolaritza? Hor dago koxka. Biek ala biek presentzia nabarmena dute Bilbon, eta are gehiago Aste Nagusiaren barruan. Eta egon badaude bien arteko antzekotasunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu