Hilberria

Munduko emakumerik zaharrena hil da, 117 urterekin

Maria Branyas zuen izena, eta, AEBetan jaio zen arren, Katalunian egin zuen ia bizitza osoa.

Maria Branyas, 117 urte bete zituen egunean. MARIA BRANYASEN FAMILIA / EFE
Maria Branyas, 117 urte bete zituen egunean. MARIA BRANYASEN FAMILIA / EFE
2024ko abuztuaren 20a
14:15
Entzun

Atzo hil zen Maria Branyas (San Frantzisko, AEB, 1907 - Olot, Katalunia, 2024), iaztik munduko emakumerik zaharrena zena. Erregistroak daudenetik urte gehien bizi izan den emakumeetan hamaikagarrena da. Oloten (Katalunia) zendu da, 117 urte eta 168 egun zituela. Familiak EFE agentziari aditzera eman dionez, gaur erraustu dute.

Atzo goizaldeko seietan hil zen Branyas, Oloteko Santa Maria del Turo zahar etxean: bertan igaro ditu azken bi hamarkadak. «Lotan zela itzali zen; hori zen berak nahi zuena eta denok nahi genuena», adierazi du 80 urteko Rosa Moretek, Branyasen alaba gazteenak.

Urte batzuk zeramatzan komunikabideekin hitz egin gabe, eta familia izan da, orain arte, Branyasen X sare sozialeko kontua kudeatu duena. Emakumearen osasun egoeraren berri emateko mezuak idazten zituzten tarteka. Berezia izan da Branyasen izenean partekatu duten azken txioa: «Nire ahotsa heriotzak isiltzen duenean, nire bihotzak maitasunaz hitz egiten jarraituko du (Tagore). Ahul sentitzen naiz. Nire ordua gerturatzen ari da. Ez egin negarrik, ez zaizkit malkoak gustatzen. Batez ere, ez sufritu niregatik. Ezagutzen nauzue, edonon naizela, zoriontsu izango naiz, eta, era batera edo bestera, beti eramango zaituztet nirekin».

Martxoan bete zituen Branyasek 117 urte. Alabak orduan adierazi zuenez, amak ahulaldi bat izan zuen, nahiz eta minik edo gaixotasunik ez zuen. «Azkenaldian ikusmena, entzumena eta memoria apur bat galdu izana eragin dio adinak».

Maria Branyas San Frantziskon (AEB) jaio zen, 1907. urtean. Josep Branyas aitaren ofizioak eraman zuen familia hara. Iruñekoa zuen aita, kazetaria, eta AEBetako Mercurio aldizkariaren arduradunetako bat izan zen. 1914an hil zen, familia New Orleansetik (AEB) Kataluniara itsasontziz egiten ari zen bidean. Zortzi urte besterik ez zuen alabak orduan. 2023. urtean, bere urtebetetze egunean, Branyasek aita gogora ekarri nahi izan zuen: aitortu zuen, hogei urterekin aitaren istorioa ezagutu zuenetik, hura zuela bere «jainko txikia».

Behin Katalunian, hainbat lekutan bizi izan da Branyas: Bartzelonan, Gironan, Calonge i Santa Antonin eta Palol de Revarditen. Hogei urte baino gehiago eman ditu Oloteko zahar egoitzan.

Emakume superzentenarioen zerrenda

Gerontology Research Group (GRG) erakundeak egiten du 110 urtetik gora dituzten pertsonen zerrenda ofiziala. Jeanne Calment frantziarrak du orain arte gehien bizi izan den emakumearen marka: 1997. urtean zendu zen, 122 urte eta 164 egunekin. Zerrendan ondorengoak dira 119 urte eta 107 egun bizi izan zen Kane Tanaka japoniarra; Sara Knauss estatubatuarra (119 urte eta 97 egun); eta Lucine Randon frantziarra (118 egun eta 340 urte). Maria Branyas baino zaharrago hil diren gainontzeko zazpiak 117 urterekin hil ziren, bera baino egun gehiagorekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.