Gastronomia

Munduko 50 jatetxerik onenen zerrendan bigarrena da Atxondoko Etxebarri

Las Vegasen (AEB) banatu dituzte Munduko 50 Jatetxerik Onenen Sariak, eta txapeldunorde izan da Bittor Arginzoniz sukaldariak zuzentzen duen jatetxea. Getariako Elkano jatetxea 28. postuan dago.

Etxebarri jatetxea, Atxondon (Bizkaia). LUIS TEJIDO / EFE
Etxebarri jatetxea, Atxondon (Bizkaia). LUIS TEJIDO / EFE
unai zubeldia
2024ko ekainaren 6a
08:30
Entzun

Handia egin du Atxondoko Etxebarri jatetxeak (Bizkaia). Bart banatu dituzte Munduko 50 Jatetxerik Onenen Sariak, Las Vegasen (AEB), eta bigarren posturaino jauzi egin du Bittor Arginzoniz sukaldariak zuzentzen duen jatetxeak. Zerrenda horretan bada Euskal Herriko beste jatetxe bat: Elkano, Getariakoa (Gipuzkoa). Irabazle, berriz, Disfrutar jatetxea izan da, Bartzelonakoa. Erresuma Batuko Restaurant aldizkariak urtero egiten du munduko 50 jatetxe onenen zerrenda, askoren ustez gastronomiaren Oscar sarien parekoa. Sariketa horrek 22. aldia du aurtengoa —2020an ez zuten egin, COVIDaren eraginez—.

Etxebarri «helmuga magikoa duen jatetxea» dela azpimarratu dute sariketan, eta «mendiz eta berdetasun oparoz inguratutako Euskal Herri baketsu batean» dagoela. Arginzonizen sukaldaritzaren «zapore naturalak» azpimarratu dituzte, eta lehentasuna «osagaiei» ematen dietela goratu.

Bittor Arginzoniz
Bittor Arginzoniz, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU

Atzera eginda, azken urteotan urtero izan dira euskal jatetxeak zerrenda horretan —Etxebarri jatetxea 2009tik behin bakarrik geratu da zerrendatik kanpo—. Urrutirago joan gabe, iaz laugarren postua lortu zuen Etxebarri jatetxeak, 22. postuan zerrendatu zuten Elkano, eta 31. postuan Mugaritz, Errenteriakoa (Gipuzkoa). 2022an, 6. postuan sailkatu zen Etxebarri, 16. postuan Elkano, eta 21. postuan Mugaritz. 2021ean, podiumeko hirugarren koskara igo zen Etxebarri, 14. postua lortu zuen Mugaritzek, 16.a Elkanok, eta 49.a Azurmendik (Larrabetzu, Bizkaia). Besteak beste, Nerua (Bilbo), 2019an —32. postuan—, eta Arzak (Donostia) 2018an —31.— eta 2017an ere —30.— sartu zituzten zerrenda horretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.